→Galdakao

Oroimen bulegoa zabalik dago Galdakaon, 1936tik gaur arte izandako eskubide urraketen testigantzak batzeko

Argazkia: Galdakaoko Udala

Oroimen bulegoa irekita dago urrian zehar Galdakaon, 1936tik gaur egunera arte izandako eskubide urraketen testigantzak batzeko. Aranzadi Elkartea ari da eskubide urraketa horiek aztertzen, baina horretarako herritarren parte hartzea behar dute: “Informazio guztia ez dago dokumentatuta, horregatik behar ditugu herritarren testigantzak. Beharrezkoak eta ezinbestekoak dira”, dio Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia saileko historialari eta ikerkalariak. Gauzak horrela, galdakoztarren informazio, datu eta testigantzak jasotzeko, Oroimen bulegoa zabalik dago Torrezabalen urriaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:30era. “Informazio bilketa egin, eta erradiografia bat osatzea da helburua”, dio.

“Gure herrian hainbat sufrimendu eta pasarte latz izan ditugu. Badakigu batzuentzat gogorra izango dela, baina jendea animatu nahi dugu bere kontakizunak ematera, herriak argazki integral bat izan dezan”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Hain zuzen ere, “orain jasoko ez dena, etorkizunean ez dela existituko” adierazi du Bucesek: “Izan ere, 1936ko gerra bizi zutenen testigantzak jasotzeko dagoeneko zailtasunak daude, eta lehenago batu ez diren datu asko dagoeneko galdu dira”, dio. Gauzak horrela, gertuko historiaren berri orain emateko eskatu du: “Berandu baino lehen kontatu daitezela motibazio politikoko indarkeriak eragindako mota eta jatorri guztietako urraketak, dokumentatu eta jasota geratu daitezen”, dio Bucesek: “Gure lana ez da errelatoa egitea, metodologia zehatz batzuk jarraituta erradiografia egitea baizik”.

Konfidentzialtasuna

Informazioa eta testigantzak ematerako orduan konfidentzialtasuna “ezinbestekoa” dela zehaztu du Bucesek: “Ez da beharrezko kamara baten aurrean kontatzea bere edo bere senideen sufrimendua. Batzuk nahiago dute idatziz kontatu, batzuk ez dute izenik eman nahi eta inizialak soilik jartzen dira. Egoera guztiak kontuan hartu eta errespetatzen dira”.

Garrantzitsua da jatorri guztietako testigantzak jasotzea, eta horretan ahalegin berezia egingo dute bai Udalak bai Aranzadik. Hain zuzen ere, Udalean ordezkaritza duten alderdi eta talde guztien babesa du egitasmoak. Hala adierazi zuten ekainean, Aranzadirekiko lankidetza aurkezteko agerraldian parte hartuta, EH Bilduko, EAJko, Auzoakeko, PSEko, Usansolo Herriako eta Podemoseko ordezkariek zein atxiki gabeko zinegotziak.

Hitzaldiak

Urriko asteazkenetan Torrezabalen egokituko den bulegoan, informazioa jasotzeaz gain, informazioa eman ere egingo dute. “Batzuetan etortzen dira senideak, adibidez aitari buruzko daturik dugun galdetzen. Leku askotako datuak ditugu eta kasu batzuetan gertakariak argitzen lagun dezakegu”, dio Bucesek.

Bestetik, gaiaren garrantziaz hausnartzeko, bi adituen hitzaldiak antolatu dituzte Gandasegi ikastetxean urriaren 7an eta 14an. Lehenengo hitzaldia ‘Biktimen politikak: azterketa kritikoa’ da eta Jon Mirena Landa EHUko Zuzenbide Penaleko katedradunak emango du, eta bigarren hitzaldia Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko doktoreak emango du: ‘Atzoko mugak, gaurko hesiak: migrazioak, erbesteratzeak, harrera eta gaitzespena Europa garaikidean’. Hitzaldi biak 19:00etan izango dira.

Aranzadirekin harremanetan jartzeko 943 466 142 telefono zenbakia eta memoria@aranzadi.eus helbide elektronikoa daude herritarren eskura.

Oroimen historikoaren bulego bat irekiko dute Galdakaon, giza eskubideen urraketen testigantzak jasotzeko

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak