Sareak

☉ Galdakao

Bi positibo berri diagnostikatu dituzte Galdakaon PCR probaren bitartez

Aipatzekoa da ekainaren 2tik ez zutela PCR probaren bitartez positiborik diagnostikatu Galdakaon. Zehazki, ekainean PCR positibo bakarra atzeman zuten.

|

Ekainaren 2tik ez zuten PCR positiborik Galdakaon atzeman // Argazkia: Geuria

Uztailaren 21ean Osasun Sailak argitaratutako PCR positibo berrien inguruko txostenaren arabera, bi kasu berri baieztatu dituzte Galdakaon. Aipatzekoa da ekainaren 2tik ez zutela PCR probaren bitartez positiborik diagnostikatu Galdakaon. Zehazki, ekainean PCR positibo bakarra atzeman zuten eta 47 egun ondoren eman dira beste bi kasu.

Azken datu orokorren arabera (uztailaren 13koak), guztira 351 positibo zenbatu dituzte Galdakaon eta 32 hildako. Bihar, asteazkenez, eguneratu egingo ditu Osasun Sailak datu orokorrak.

Sei positibo eskualdean

Uztailaren 20an Covid-19az kutsatutako sei herritar atzeman dituzte Hego Uribe eskualdean: bina kasu Arrigorriagan, Basaurin eta Galdakaon. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute PCR probaren bitartez positiborik diagnostikatu.

Atzo 3.682 PCR proba egin zituzten EAEn, eta horietatik 90ek eman zuen positibo: 63 Bizkaian, 20 Gipuzkoan, 5 Araban eta 2 Euskaditik kanpo. Asteburuan eman zituzten datuekin alderatuta, apaldu egin dira positiboak (ostiralean 115 positibo, larunbatean 197 eta igandean 114). Aipatzekoa da atzemandako positiboetatik 25 kasu 10 eta 19 urte bitartekoen artean eman zela, 16 20 eta 29 urte bitartekoen artean, 13 30 eta 39 urte bitartekoen artean eta 12 40-49 eta 50-59 urte bitartekoen artean.

Uztailean dagoeneko 28 PCR positibo baieztatu dituzte eskualdean, gehienak Basauri eta Arrigorriaga artean. Azken orduetan Galdakao gehitu zaie zerrendara.

Sei koronabirus kasu positibo diagnostikatu dituzte Hego Uriben atzoko egunez

☉ Galdakao

Argazkiak / 1937ko bonbardaketetan hildako galdakoztarrak omendu dituzte gaur

|

87 urte bete dira Francoren aginduetara zeuden tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. Urtero, maiatzaren 19an, oroimen ekitaldia antolatzen dute Plazakoetxen, babeslekua zegoen tokian.

Gutxienez 28 bonbardaketa jasan zituen Galdakaok gerra garaian, eta 1937ko maiatzaren 19an 16 herritar hil zituzten bondardeatzaile alemaniarrek eta italiarrek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek.

Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, María Mercedes Izagirre, Moisés Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomás Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomás Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascensión Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre omendu dituzte. Gainera, Edu Madina ere gogorarazi dute aurtengo ekitadian: Galdakao Gogorako kidea otsailean hil zen. Eta gaurkoan ere Palestina izan dute herritarrek gogoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon

|

Tximelarre Goikoan du lokala Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta ostegunetan zabaltzen dute // Galdakaoko Elkarlagutza Sarea

Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.

“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.

Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.

Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.

Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak

|

Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean iznago da elkarretaratzea // HU Kontseilu Sozialista

Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.

Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.

“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.

Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.

Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan

Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek

|

Maiatzaren 17an, ostiralez, izango da bigarren eskuko merkatua Galdakaon, herriko institutuek antolatuta // Argazkia: Artificial Photography, Unsplash

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.

“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.

Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Burdin Hesitik ibilaldi gidatua antolatu dute Galdakaon, bonbardeketen 87. urteurrenean

Ibilbide gidatuaz gain, maiatzaren 19an bertan ekitaldi nagusia antolatu dute Plazakoetxen. Gainera, maiatzaren 15ean Gurseko errefuxiatuen kanpamenduaren inguruko hitzaldia emango du Jabi Bilbaok

|

Maiatzaren 19an Oroimen Ekitaldia antolatu dute Plazakoetxen // Geuria

Maiatzaren 19an 87 urte beteko dira faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik, eta urtero bezala, ekitaldia antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogora elkarteak.

Ekitaldi nagusia Plazakoetxen izango da 13:00etan. Ohi bezala sirena hotsak entzungo dira eta lore-sortak utziko dituzte bonbardaketen memorialean.

Aurretik, 09:00etan ibilbide giudatua izango da Burdin Hesitik. Galdakao Gogora talde memorialistako kideen gidaritzapean, zazpi kilometro inguruko ibilbidea egingo da basotik, bertako lubaki, babesleku eta metrailadoreen habiak ikusiz eta horien inguruko azalpenak entzunaz.

Bestetik, maiatzak 15ean ‘Gurs: camp des basques’ hitzaldia eskainiko du Jabi Bilbao irakasle eta adituak. Hitzaldia 19:00etan izango da Torrezabalen.

Egitaraua / Galdakaoko bonbardaketak – 87 urte

Maiatzak 15, asteazkena
Hitzaldia: ‘Gurs: camp des basques’, Jabi Bilbao
19:00 Torrezabaleko erakusketa gela

Maiatzak 19, igandea
Burdin Hesitik ibilaldi gidatua: 7 kilometroko ibilbidea basotik
09:00 Kurtzeko plazatik

Oroimen ekitaldia
13:00 Plazakoetxe

Osorik irakurri