→Galdakao

Pedro Asuaren gorpuzkiak uda ostean Jakatik ekartzea aurreikusi du Galdakaoko Udalak

Josu Larrea, Pedro Asuaren senidea, eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, artxiboko irudi batean // Geuria

1938ko otsailaren 7an, Gerra Zibilaren erdian, fusilatu zuten Pedro Asua Zubiaur galdakoztarra 21 urte zituela. Urtetan familiak egin dituen ikerketa lanei esker, Jakako hilerrian (Huesca), hilobi batean, lurperatuta dagoela badakite. Zentzu horretan, bere gorpuzkiak berreskuratzeko lanean dira azken hilabeteetan bere senideak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.

Iazko azaroan Asuaren familia Jakako Udalarekin jarri zen harremanetan eta abenduan bilera izan zuten Jakan bertan. Bilera horretan parte hartu zuten Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Josu Larrea Pedro Asuaren senideak, Ander Aperribai historialariak, Kepa Lizarraga Galdakao Gogorako kideak eta Juan Manuel Ramon Jakako alkateak. Bilera hura “uste baino emankorragoa” izan zela aitortu zion GEURIAri Josu Larreak, Jakako alkatea elkarlanerako prest agertu baitzen.

Hain zuzen ere, hilabete batzuk geroago errealitate bihurtuko da Asuaren senideen eta Galdakaoko Udalaren nahia: “Uda ostean aurreikusten da Pedro Asua miliziano galdakoztarraren gorpuzkiak Jakatik ekartzea, Paco Etxebarria eta Lourdes Herrastiren taldearen lanaren bidez”, adierazi dute gaur bertan udal ordezkariek. Pedro Asuaren gorpuzkiak Jakako hilerriko hobi komunetik aterako diren lehenak izango dira.

Kolunbarioa Elexalden

Gertaera garrantzitsu hori aintzat hartuta Galdakaoko Udalak udalerrian kolunbarioa —nitxo txikiak— eta Memoria Gunea eraikitzea proposatu du, “1936ko Gerran demokrazia, askatasuna eta justizia sozialaren alde borrokatu zuten pertsonen gorpuzkiei duintasuna emateko”, diote udal arduradunek: “Azken hilabeteetan berreskuratu diren gorpuzki kopuru handiak agerian utzi du Bizkaiak kolunbario bat behar duela 1936ko Gerran edo ostean bonbardatuta, fusilatuta edo antzeko egoeratan hil edo desagerrarazi zituzten herritarrei duintasuna emateko eta haien memoria gordetzeko”.

Gauzak horrela, Galdakao kolunbarioa eraikitzeko “leku ona” dela azaldu dio gutun bidez Iñigo Hernando alkateak Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko lehendakariari, kolunbarioa egiteko proiektuaren inguruko memoria atxikituta. Kokapenari dagokionez, Memoria Gunea Galdakaoko Elexalde auzoan ezarriko litzateke, hilerriaren inguruan. “Gure herriak duen sinbolismo eta kokapen geografikoak ekimena gauzatzeko baldintzak betetzen dituela uste dugu, Burdin Hesiaren parte izanagatik eta gerran eskenatoki esanguratsuak izan ziren beste herri batzuekiko gertutasunagatik, hala nola, Gamiz-Fika, Lemoa edota Larrabetzu”, diote.

“Udalak bere disposizioa agertzen du ekimen honetan gudari, miliziano eta biktima zibilen familiekin, elkarte memorialistekin, alderdi, sindikatu eta fundazio historikoekin eta beste instituzioekin batera, beharrezkoak diren ekarpenak jaso eta bideratzeko, prozesu parte-hartzaile baten bitartez, horrelako tamainako ekimena bide onera eramateko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak