→Galdakao

Josu Larrea: “Justizia poetikoa litzake Pedro Asuaren gorpuzkiak Galdakaoko hilerrira bueltatzea”

Pedro Asua Zubiaur (Elexalde, Galdakao, 1916-Jaka, Aragoi, 1938) galdakoztarraren gorpuzkiak Jakako (Aragoi) hilerritik bere sorterrira ekartzea. Hori da senitartekoen eta Galdakaoko Udalaren helburu nagusia. 1938 otsailaren 7an, Gerra Zibilaren erdian, fusilatu zuten Asua 21 urte zituela. Urtetan familiak egin dituen ikerketa lanei esker, Jakako hilerrian, hobi komun batean, lurperatuta dagoela jakin badakite: “Pedrori buruz nik jakin nebana txikitatik izan zen gerran fusilatu ebela. Niretzat ume moduan ez zan beste munduko ezer, aitite ere preso egona zen, osaba ere gudari ibili zen. Gerra garaian, danok, alde batera edo bestera, eta batzuk bietara, tokatu jakien. Telekomunikazioa ikasten ari zan eta postari izateko oposizioa prestatzen ari zan eta ezer gutxi gehiago. Arreba birekin batera umezurtz geratu zirala ere badakit. Gero, denboragaz jakin neban Pedro boluntarioa zala gerran eta bestetik Jakan bertan fusilatu ebela. Orduan abiatu zen nire ikerketa”, dio Josu Larrea Pedro Asuaren senitartekoak. Asua Josu Larrearen amamaren neba zen. 1936ko gerra hasi eta berehala boluntario joan zen frontera. 1937ko ekainan Bilbo frankisten esku erori zenean gatibu hartu, eta langileen batailoi batera eraman zuten bortxazko lanak egitera, Jacara. Salaketa bat tarteko, tribunal militar batek epaitu, heriotz zigorra ezarri, eta 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten Jakan bertan, hilerri ondoan. Hobi komun batean lurperatu zuten, izenik gabe.

Ikerketa 2005ean hasi zuen Larreak: Aranzadiko Paco Etxeberriari zuzenean idatzi zion eta Etxeberriak bueltan erantzun zion: “Gutunarekin batera Esteban C. Gomez Jakako ikertzaileak egindako liburu bat bidali eustan —gainera, esango dot, bere liburutegi pertsonalekoa; niretzako kriston detailea izan zan—. Astebetean irakurri neban eta informazio baliagarria hartu neban, eta horrekin hasi nintzen martxan”, dio Larreak.

Hurrengo kontaktua Esteban C. Gomez Jakako ikertzailearekin izan zuen Larreak: “Hasi ginan elkar idazten eta lortu eustan Pedroren heriotza ziurtagiria. Behin heriotza ziurtagiria izanda, hilerrira joan eta hango langileei esan arren bertan hobiratuta egoala, esan eustien ezinezkoa zala, baina ikusi ebenean data banekiela, eskatu notzien ehorzketa liburua begiratzea eta han egoan liburuan ‘Más sin nombre’ jarrita egoan. Tribunal militar batek epaitu eben eta fusilatu eben, paper guztietan dago bere izena, baina gero hil eta zuloan sartu ebenean ez ziran kapaz izan bere izena jartzeko, eta hori ere esanguratsua da nire ustez”, dio Larreak. Hilerriko langileen jarrera “oso ona” izan zela adierazi du Larreak: “Euren jarrera izugarri aldatu zen: ehorzketa liburua emon eustien eta hilobiz hilobiz bilatzen ibili ziren nirekin. Azkenean lokalizatu genuen hobi komuna: hiru zanga dira eta zanga horietako batean egon behar da Pedro, izen abizenak dituzten beste seirekin eta oraindik izen abizenik ez dituzten beste zazpirekin batera”. Bilboko, Portugaleteko eta Ablitasko gudariak daude Pedrorekin batera, eta besteak ez dira ziurrak: “Bata Santanderrekoa izen leike, bestea Leongoa. Denetarik dago”, dio Larreak: “Badakigu zazpi izendun horietatik hiru edo lau fusilatu ebezela Errepublika aldera pasatu nahi izateagatik. Antza nonork entzun eta fusilatu ebazan. Hori Esteban C. Gomezek jaso eban”.

“Familian gerra garaiaz berba egin da. Normaltasunez ez dot esango, ze normaltasunez hortaz ez da inon nik uste berba egin, batez ere datu faltan eta ezagutza faltan. Oso modu orokorrean egin da berba gure familian. Nik ez dakit zergatik buruan neukan, umetan, Gandasegiko hormaren kontra fusilatu ebela Pedro, eta jakin nebanean Jakakoa dana aldatu zan. Orduan eskatu notzen Udalari tramiteak hastea, 2007an. Zorionez, orain dela bi urte hasi da Udala urrats garrantzitsuak emoten”, dio Larreak.

Bilera “emankorra”

Galdakoztarraren gorpuzkiak deshobiratzeko helburuz eta tramitazioak hasi nahian bilera izan zuten abenduaren 10ean Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Josu Larrea Pedro Asuaren senideak, Ander Aperribai historialariak, Kepa Lizarraga Galdakao Gogorako kideak eta Juan Manuel Ramon Jakako (Aragoi) alkateak. “Bilera uste baino emankorragoa izan zen, eta bertako alkatea elkarlanerako prest agertu da. Oso bide onetik joan zen”, dio Iñigo Hernando alkateak. Bilera ondoren Asua hobiratuta dagoen hilerrira joan ziren senitartekoak eta Galdakaoko eta Jakako ordezkariak. “Pedro Asuaren kasua amaiera arte eramateko konpromisoa hartzen dugu, hau da, herrira ekartzekoa”, dio Hernandok.

“Jakako bilera niretzako oso garrantzitsua izan da, eta Aranzadi tartean sartuta, beste fase batean sartzen gara. Jakako alkateak oso ondo erreakzionatu eben. Nik bariku batean berarekin bilera eskatu, astelehenean Galdakaoko Udalak, eta 48 ordu baino lehenago alkatearen idazkaria deika ari zan nik aukeratzeko zein egunetan egin bilera. Alkateen artean moldatzeko esan notzen, eta horrela abenduaren 10ean egin gendun bilera”, dio Larreak: “Oso jarrera ona euki eben. Neure beldurra zan, jakinda Jakan bertan 400 fusilatu baino gehiago dekiela, noraino ausartuko ote ziren honegaz urratsak egitera gero euren etxean euki ahal dabezelako eginbehar asko. Eta jarrera justo kontrakoa izan zan nire harridurarako. Esan euskun asko eskertzen euskula aukera hau emotea, berak 30 urte daroalako alkate eta bi baino ez zaizkiola geratzen, eta berak utzi gura daben marketako bat hauxe dala. Orduan, behin eta berriro eskertu euskun eskaria, aitzakia emoten dotzelako bertakoak ere mugitzen hasteko”.

Deshobiratze prozesua

Aranzadirekin harremana Galdakaoko Udalak du gaur egun, eta udal ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, “Aranzadi prest egongo litzateke kasu hau aurrera eramateko, guk erraztasun guztiak jarriz”, diote. Udalak historialari bat kontratatu du (Ander Aperribai), besteak beste, Galdakaoko desagertuak topatzeko, eta kasu honetan, historialariak txosten bat egin du: “Txostenean adibidez auzia jasotzen da, baita epaiketako dokumentazio osoa ere —orain dela gutxi lortutakoa—, eta txosten hori osatu egin du historialariak”, dio Larreak: “Aranzadik oniritzia eman dio txosten horri eta orain Jakara bidali dute, Udalera zein Aragoiko Gobernura diru laguntzak eskatuz. Horrela hasten da nolabait tramite ofiziala. Orain dator benetako urratsa. Hurrengo pausuak lirateke Jakak hori bideratzea, Aragoiko Gobernuaren erantzuna eta Aranzadik egitea bai kronograma posible bat eta bai aurrekontu posible bat”.

Ondoren, deshobiratzea etorriko litzateke. “Txostena eginda eta onartuta, deshobiratzea etorriko litzateke. Eta hobi komun horretan dauden pertsonen identifikazioa egingo lukete. Gaur egun, beste elkarte batzuen laguntzarekin, beste familien bila gabiltza herri desberdinetan; horrek beste indar bat emongo lioke prozesuari”, dio Larreak. Antza, Aranzadik esan du, “bat ateratzekotan, denak” aterako dituztela. Hamalau bat pertsona daude Jakako hobi komun horretan. Pedro Asuaren kasuan, deshobiratu ondoren Galdakaoko hilerrira eramango lituzkete bere gorpuzkiak: “Bada paradoja bat hor. Eta da Galdakaoko hilerria familiari hartutako lurretan eginda dagoela. Orduan, nolabaiteko justizia poetikoa litzake nire ustez bere lurra izan zan lekura bueltatzea, eta ahal balitz, bereizitako leku batean jartzea, nolabait kasu oso berezia dalako. Borobila ixtea litzateke”, dio Larreak: “Hilerrira eroaten dugun momentuan omenaldiren bat egin beharko dogu, baina oraindik ez dogu ezer pentsatu. Urratsez urrats goaz, baina oso itxura polita dauka. Hainbeste urte eta gero, behingoz, gauzak serio hartu dira, eta bagoaz aurrera”.

Jakako hobi komunetan 400 gorpuzki inguru daude, eta Asua galdakoztarraren deshobiratzea gainontzekoekin hasteko bide ematen dion lehenengoa izan daiteke. Oraindik ez dakite exhumazioa noiz izango den, baina behintzat lehenengo urrats garrantzistu hori eman dute bi erakundeek. Urrats gehiago etorriko dira aurrerantzean, eta horren berri ematen jarraituko du Galdakaoko Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak