→Galdakao

1938an fusilatu zuten Pedro Asuaren gorpuzkinak Jacatik Galdakaora ekarri nahi ditu familiak

Pedro Asua Zubiaur galdakoztarraren gorpuzkinak Jacako hilerrian daude lurperatuta, fosa batean // Argazkia: Galdakaoko Udala

1938ko otsailaren 7an, Gerra Zibilaren erdian, fusilatu zuten Pedro Asua Zubiaur galdakoztarra 22 urte zituela. Urtetan familiak egin dituen ikerketa lanei esker, Jacako hilerrian, fosa batean, lurperatuta dagoela badakite. Ildo horretan, bere gorpuzkinak berreskuratu nahi ditu bere familiak, eta Galdakaoko Udalaren babesarekin, tramiteak hasteko eskatu diete Jacako Udalari.

Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, familiak instantzia bat aurkeztu du Jacako Udalean. Pedro Asuaren iloba txikiak, osaba zaharraren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzeko tramiteak egiteko eskatu dio Jacako Udalari. Hain zuzen ere, desobiratzea egin eta gorpuzkiak Galdakaora ekartzeko beharrezko tramiteak egiteko eskaera egin dute. “Aurrez egindako lanei esker, jakina da zein leku zehatzetan dagoen lurperatuta”, azaldu du iloba txikiak eskaera orrian: “Familiaren nahia da gorpua berreskuratu eta bere sorterriko udal hilerrian, Galdakaokoan, lurperatzea”. Aurrez ere Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan dagoela azaldu die ilobak, eta exhumaziorako beharrezko laguntza profesionala izango luketela. Juan Manuel Ramon Jacako alkatearekin (PSOE) bilera ere eskatu du Pedro Asuaren familiak, egoeraren berri zehatza aurrez aurre eman eta egin beharreko tramiteak zehazteko.

Asuaren familiak Galdakaoko Udalaren babesa du eta Iñigo Hernando alkatea ere harremanetan jarri da Jacako alkatearekin. Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzeko lanetan familiari laguntza eman diezaiola eskatu dio. “Udal honek konpromisoa hartzen du Jacako Udalari eta biktimaren familiari beharrezko laguntza guztia emateko. Hori dela eta, Udalak historialari baten zerbitzuak kontratatu ditu proiektu hau gauzatzeko memoria historikoa berreskuratzearekin lotutako ekimenen barruan. Pentsatzen dut bi Udalek partekatuko dugula memoria berreskuratzeko helburu hori”, dio Hernandok. Hernando alkateak biktimaren familiarekin Jacara joateko eta bertako alkatearekin biltzeko prestutasuna adierazi dio Ramon berari, kasua argitzeko elkarlanean aritu daitezela proposatuz.

Gerra Zibilaren ondorioz herritik kanpo dauden gorpuen berreskuratze lanetan da Galdakaoko Udala

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak