→Galdakao

‘Piedra de toque’ irratsaioa kaleratuko du Iñaki Makazaga kazetariak irailaren 30ean Galdakaon

Irratsaioak elkartasun-testigantzak eta giza eskubideei eta lankidetzari buruzko istorioak jasotzen ditu. Galdakaoko saioan lau lagun elkarrizketatuko ditu Makazagak: Dalila Argueta, Miren Alapont, eta Pepe Ruiz eta Libe Narvarte. Gainera, Inun musikariak girotuko du zuzeneko irratsaioa.

// piedradetoque

Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundearen laguntzarekin, ‘Piedra de toque’ irratsaioa berriro kaleratuko du Iñaki Makazaga kazetari bilbotarrak. Kasu honetan, Galdakaon abiatuko du denboraldi berria Makazagak irailaren 30ean, ostegunez, Lehendakari Agirre plazan, 19:00etatik 20:00etara bitartean.

‘Gertukoa eraldatu mundua aldatzeko’ lemapean, irratsaioak elkartasun-testigantzak eta giza eskubideei eta lankidetzari buruzko istorioak jasotzen ditu, eta Galdakaoko saioan lau lagun elkarrizketatuko ditu Makazagak: Dalila Argueta, Honduraseko giza eskubideen defendatzailea; Miren Alapont Etxaniz, Erabide Emakumeen Elkarteko bozeramailea; eta Pepe Ruiz eta Libe Narvarte Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeko kideak. Gainera, Inun musikariak girotuko du zuzeneko irratsaioa.

Kale-ikuskizun honetarako sarrera doakoa da, baina leku kopurua mugatua izango denez, interesdunek aurretiaz izena eman behar dute esteka honen bitartez. Ekimen hau segurtasun-neurri guztiak beteta ospatuko da, eta ikus-entzuleek maskara jantzita eraman beharko dute, segurtasun-distantzia bermatuta egongo da, eta sarreretan gel hidroalkoholikoa egongo da. Ekimen hau Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakudeak antolatu du, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko eta Galdakaoko Udalen babesa du.

Nor da nor?

Iñaki Makazagak elkarrizketatuko dituen protagonistak dira hauek:

Dalila Argueta, Honduraseko giza eskubideen defendatzailea. Bere herrialdetik mehatxatuta irten behar izan zuen lurra defendatzeagatik multinazionalen espoliazioaren eta arpilatzearen aurrean. Haren borroka- eta erresistentzia-testigantza ezagutuko dugu, baita herrialde aberastuen erantzukizuna bidegabekeri horretan. Egun, Artean bizi da, giza eskubideen emakume defendatzaileak babesten dituen Basoa programaren markoan. Bizkaiko udalerri horretarik saiatzen da ezagutarazten bere herriak bizi duen gatazka. Arazo hori Latinoamerikak gaur egun bizi duen errealitatearen adibide bat baino ez da. Hau da, berezkoa denaren defentsa, lurraren babesa, komunitate osoak suntsitzen dituzten mehatxuen aurrean.

Miren Alapont Etxaniz, Erabide Emakumeen Elkartea. Galdakaoko kolektiboak izandako esperientzia baten inguruan hitz egingo dute Makazagak eta Alapontek. Erabidek dokumental parte-hartzaile batean hartu du parte zaintzen inguruan hausnarketa egiteko. Ekimen berritzaile hori antzeko Nikaraguako esperientzia batetik abiatu zen.

Pepe Ruiz eta Libe Narvarte, Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundea. Helburua izango da ezagutzea garapenerako GKE-ek egiten duten lana herritar kritikoak, aktiboak eta konprometituak sustatzeko tokian tokiko esparruan eta mundu mailan aldaketak lortze aldera eta, ondorioz, pertsona guztientzat eta leku guztietan bidezkoagoa den mundu bat eraikitzeko. Gaur egun, den-dena elkarlotuta dago globalizatutako mundu honetan, beraz, guztiok inplikatuta egon behar dugu han gertatzen denarekin. Helburu horretan zehazki dihardu gizartea eraldatzeko hezkuntzak. Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak garapenerako lankidetzan eta gizartea eraldatzeko hezkuntzan lan egiten duten euskal 81 erakunde biltzen ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak