Sareak

☉ Galdakao

Kaserna eta Galazota taldeen kontzertuek girotuko dute Pilotakadaz Pilotakada Galdakaon

|

Pilotakadaz Pilotakadako partida // Argazkia: Gotzon Almaraz

Pilotakadaz Pilotakada egitasmoa antolatuko dute berriro Hego Uribe eskualdean. Aurtengoa seigarren edizioa da eta maiatzaren 21ean, larunbatez, izango da Galdakaon. Besteak beste, pilota partiduak (edonork parte har dezake), bazkari herrikoia, bertso saioa, poteo musikatua eta kontzertuak antolatu dituzte.

Bazkarirako tiketak salgai daude Galdakaoko Herriko Bentan, Basauriko Ilargia tabernan, Ugaoko Herriko Tabernan edo 670 654 682 telefono zenbakira deituta. Langileek 15 euro ordainduko dituzte eta langabe direnek 10 euro. 

Euskal preso eta iheslarien aldeko jaialdia da eta 2014an hasi ziren egitasmoarekin Euskal Herriko zenbait eskualdetan. Hego Uriben 2015ean antolatu zuten lehen aldiz jaialdia eta ordutik urtero antolatu dute, Covid-19aren pandemia urteetan izan ezik. Hortaz, bi urteko etenaldi behartuaren ondoren, berriro antolatuko dute jaialdia.

Pilotakadaz Pilotakada / Egitaraua

2022ko maiatzaren 21ean, larunbata · Kurtzeko frontoia eta plaza (Galdakao)

09:00 Pilotariak frontoira
09:30 Pilota txapelketa
13:00 Txapelketaren finala
13:30 Ekitaldi nagusia
15:00 Bazkari herrikoia
16:30 Bertso saioa: Arkaitz Estiballes eta Arkaitz Zipitria
18:00 Karrito poteo musikatua
21:00 Kontzertuak Herriko Bentan: Kaserna + Galazota + DJ Zezen

☉ Galdakao

Bideoa / Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek

|

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu zuten ostiralean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako, Bengoetxeko, Elexaldeko eta Eguzkibegiko ikasleek. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote.

Aitor Salazar, Miren Muñoz eta Elizabeth Fernandez Bengoetxe Institutuko Ekodelegatuekin berba egin genuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / 1937ko bonbardaketetan hildako galdakoztarrak omendu dituzte gaur

|

87 urte bete dira Francoren aginduetara zeuden tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik. Urtero, maiatzaren 19an, oroimen ekitaldia antolatzen dute Plazakoetxen, babeslekua zegoen tokian.

Gutxienez 28 bonbardaketa jasan zituen Galdakaok gerra garaian, eta 1937ko maiatzaren 19an 16 herritar hil zituzten bondardeatzaile alemaniarrek eta italiarrek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek.

Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, María Mercedes Izagirre, Moisés Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomás Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomás Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascensión Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre omendu dituzte. Gainera, Edu Madina ere gogorarazi dute aurtengo ekitadian: Galdakao Gogorako kidea otsailean hil zen. Eta gaurkoan ere Palestina izan dute herritarrek gogoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon

|

Tximelarre Goikoan du lokala Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta ostegunetan zabaltzen dute // Galdakaoko Elkarlagutza Sarea

Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.

“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.

Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.

Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.

Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak

|

Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean iznago da elkarretaratzea // HU Kontseilu Sozialista

Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.

Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.

“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.

Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.

Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan

Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek

|

Maiatzaren 17an, ostiralez, izango da bigarren eskuko merkatua Galdakaon, herriko institutuek antolatuta // Argazkia: Artificial Photography, Unsplash

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.

“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.

Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.

Osorik irakurri