→Galdakao

Plazakoetxeko biribilguneko semaforo gehienak kendu egingo dituzte, Galdakaon

Plazakoetxeko biribilgunean trafikoa hobetzeko lanak hasi dituzte Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

era berean, zebrabide eta semaforo berri bana jarriko dituzte // Argazkia: Galdakaoko Udala

Plazakoetxeko biribilgunean trafikoa hobetu dadin, hainbat aldaketa egingo dituzte Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Besteak beste, biribilgunean sartzeko semaforo gehienak kenduko dituzte eta errepidearen bi aldeak gerturatzeko zebrabide eta semaforo berri bana jarriko dituzte. Obrak dagoeneko hasi dituzte.

Zehazki, Txomin Egileor eta Juan Bautista kaleetako semaforoak kenduko dituzte, eta obrak amaituta, ibilgailuek ohiko biribilguneen arauak jarraitu beharko dituzte: “Ezkerretik datozen autoen lehentasuna errespetatuko da, baina, ibilgailurik ez badator, itxaron beharrik ez da izango. Alferrikako buxadurak saihestuko dira horrela”, diote udal ordezkariek.

Era berean, Bilbotik datorren N-634 errepidean kendu egingo dute biribilgune sarreran dagoen semaforoa: “Apur bat lehenago, ordea, jarri egingo dituzte semaforo eta zebrabide berriak”, diote udal arduradunek: “Orain arte Musika Eskola ondoraino joan behar da errepidea gurutzatzeko, eta askoz gertuagotik egin ahalko da obrak amaitu ondoren, biribilgunearen ondotik”. Usansolorako bidean dauden zebrabidea eta semaforoa mantendu egingo dituzte.

Azkenik, “oinezkoen segurtasuna bermatzeko”, biribilgunea eta N-634 errepidearen loturan hormigoizko bi hesi ipiniko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak