→Galdakao

Pontzi Zabalako lehen arrapala mekanikoa eraikitzeko lanak hasiko dituzte maiatzean, Galdakaon

Bi norabidekoa izango da gailua: igotzekoa bata, eta jaistekoa bestea // Argazkia: Galdakaoko Udala

Pontzi Zabala kalean irisgarritasun arazoiei aurre egiteko esku hartuko du Galdakaoko Udalak. Hain zuzen ere, lehenengo arrapala mekanikoa jartzeko lanak hasiko dituzte maiatzean. Egungo igogailua heltzen den lekutik goragoko garaje irteerara arteko arrapala mekanikoa da eraikiko dutena. Bi norabidekoa izango da gailua: igotzekoa bata, eta jaistekoa bestea. “Izan ere, igotzeko neketsua da Pontzi Zabalako aldapa, eta jaisteko arriskutsua. Beraz, proiektua garestitu eta denboran luzatzea eragingo duen arren, arrapala bi norabidetakoa egitea erabaki dugu, adineko pertsonen eskaerak aintzat hartuta”, diote udal ordezkariek.

Lanen konplexutasuna eta kostua dela eta, obrak faseka egingo dituzte. Lehen fasea maiatza bukaeran edo ekaina hasieran hasi eta aurreikuspenen arabera urtea amaitu aurretik martxan egongo da lehen arrapala mekanikoa. Ondoren, beste fase batean kalearen gainaldera iritsiko den arrapala mekanikoa ipintzeko lanak hasiko dituzte.

Dagoeneko sinatu dute kontratua 1,2 milioi euroren truke. Obrak Construcciones Intxausti enpresak burutuko ditu, eta hilabeteko epean hasi behar ditu lanak. Lehen eginbeharrak plano gainean egitekoak dira, eta ondoren ekingo diete kaleko obrei.

bilketa neumatikoa

Kalea zulatu beharko dutela baliatuta, zabor bilketa neumatikorako sistema Pontzi Zabalan ere ezartzea erabaki du Udalak. Zaborrak lurrazpitik bildu eta garraiatzeko sistema hori ez dago ezarria inguru horretan, eta arrapala mekanikoen lehen zatia jartzeko fase honetan ipiniko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak