→Galdakao

Irune (Samsara Nepal): “Elkartasuna, enpatia eta babesa zer den irakatsi didate nepaldarrek. Hemen lasai bizi naiz”

Samsara elkarteko boluntarioa da Irune Miguel eta koronabirusaren pandemiak Nepalen harrapatu du. Gaur egungo egoeraz hitz egin dugu berarekin, Bea de Franciscorekin eta Milan Maharjanekin.

Otsailean iritsi zen Irune (behean, eskuman) Nepalera // Argazkia: Samsara Nepal

Duela bost urte eratu zuten Samsara Nepal elkartea Galdakaon. 2015ean lurrikara batek Nepal astindu zuen eta bertara laguntza bidaltzeko asmoz Bea de Franciscok elkartea eratu zuen Galdakaoko hainbat herritarren laguntzarekin.

Egun koronabirusaren krisian murgilduta gauden honetan, pandemiak hainbat elkarte eta erakundetan eragina izan du, baita Samsaran ere. “Argi dago gurea bezalako edozein erakunde txikiri, azpiegitura handirik gabeko erakundeoi, zaila egiten zaigula gastuei aurre egitea. Gure kasuan, ebakuntzei, berrikuspenei edota sendagaiei dagozkien gastuak ordaintzeko behar diren zenbatekoak lortzea zaila egingo zaigu”, dio Beak: “Pentsa, gure laguntzen % 60a baino gehiago herritarren dohaintzengandik dator. Pandemia mundu mailakoa da, eta hortaz denok sufritzen dugu, eta zaila izango da geldialdi ekonomiko honen ondorioz laguntza-maila horri eustea. Ez jendeak nahi ez duelako, ezin duelako baizik. Baina aurrera egingo dugu”.

Samsara Nepal elkartearen helburuetako bat da, besteak beste, bertako ume eta gazteei belarrietako azterketak egitea, eta horretarako Ear Care Nepal erakundearekin lankidetzan da Galdakaoko elkartea. Milan Maharjan Ear Care Nepal erakundeko zirujaua da, eta pandemiak Nepalen zein eragin izan duen kontatu digu: “Zintzoki, ez dakigu zein den egoera Nepalen. Orain arte gobernuak esan du hiru kasu positibo baino ez direla atzeman. Baina, nola da hori posible? Ezinezkoa da! Nire uste apalean, kasu positibo asko daude Nepalen, baina gobernuak ez du proba bakar bat ere egin. Orduan ez dakigu zehazki zein den egoera”, deitoratu du Milanek [Momentu honetan Nepalen baieztatutako kasuak 52 dira; horietatik 16 lagun sendatu dira eta ez da hildakorik egon]. 2018an etorri zen lehen aldiz Milan Galdakaora. Samsara elkartea eratu zenean Ear Care erakundearekin bat egin zuen eta hasieratik proiektuan izan da Milan.

Pandemiak Ear Care erakundean eraginik izan duen galdetuta, zera dio Milanek: “Beak esan duen bezala, pandemia honek munduko ekonomian eragingo du. Denbora asko beharko da egoera berreskuratzeko, bai fisikoki zein ekonomikoki. Bakoitzak bere eta bere familiaren ongizatean pentsatuko du, besteongan pentsatu baino lehen. Beraz, Gobernuz Kanpoko Erakundeontzak (GKE) ez da erraza izango funtsak biltzea. Gure kasuan, gor daudenei laguntzen diegu, eta gaitz hori ikusezina da askorentzat. Egia esan, kezkatuta nago hurrengo urteetan dirua biltzea zeinen zaila izango den pentsatuta. Ear Care erakundean ez dugu diru-iturririk, Samsara Nepalek bildutakoa izan ezik. Ikastetxeen itxiera alde batera utzita, oraindik gure langileen soldata ordaindu behar dut. Ez da etikoa izango ordaintzen ez badiet. Eskolak itxita daude bolada batez, baina egunen batean irekiko dituzte, goiz edo berandu bada ere. Eta koronabirusaren agerraldia noizbait ere amaituko da. Orduan, inoiz baino gehiago beharko gaituzte Nepaleko umeek”, dio Milanek.

Gaur egun geldirik dago Samsararen eta Ear Careren arteko lan-harremana. “Hala ere, dena bukatzean, berriro martxan jarriko gara materiala, medikamentuak eta diru-laguntzak lortu ahal izateko. Txikienek entzuteko aukera izan dezaten lan egiten jarraituko dugu”, dio Beak. Apirilean jaialdi nepaldarra antolatu behar zuten Galdakaon, baina koronabirusaren pandemiagatik ezin izan dute egin. “Jaialdian herritarren laguntza jasotzen genuen, baina aurten ezin izan dugu antolatu. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen digun diru-laguntza geldirik dugu. Egoera gehiego ez okertzea eta ahal den laguntza guztia jasotzea espero dut”, dio Beak. Gainera, Galdakaoko Udalak emandako diru-laguntza Nepalera bidali zuten bertako 3.000 umeri berrikusketak egiteko, baina ikastetxeak itxita daudenez, ezinezko egin zaie proiektu hori bukatzea.

Bitartean, bulegoko lana ari dira Samsarakoak egiten, “hala nola, webgunea prestatzen edota bideo informatiboak egiten”, dio Beak. “Momentuz ezin dugu Galdakaon dugun materiala Nepalera eraman. Boluntarioek eramaten zuten bertan bildutako guztia. GKE txikia gara eta ez da erraza gauzak pakete bidez Nepalera bidaltzea. Milanek dioen bezala, zaila egingo zaigu lehengo egoerara itzultzea, baina, dudarik gabe, gure eskura dagoen guztia egingo dugu”, dio Beak.

Irune, Nepalen boluntario

Galdakaotik boluntarioak doaz urtero Nepalera materiala eta laguntza bidaltzera. Egun, Irune Miguel Pariente galdakoztarra dago Nepalen. Otsailaren 23an iritsi zen Nepalera eta bertan harrapatu zuen pandemiak. “Nepalen egoera lasaia da. Martxoan, Covid-19aren agerraldia pandemiatzat hartu zuen Munduko Osasun Erakundeak eta prebentzio neurri gisa, hilabate amaieran GKEren bulegoa itxi zuten, baita ikastetxeak eta monestarioak ere. Horrelakorik ez da inoiz gertatu”, dio Irunek: “Hasieran hiru kasu baino ez zituzten atzeman Nepalen, kutsatutako denak kanpokoak ziren”.

Nepaleko gobernuak konfinamendua ezarri zuen martxoaren 23an: “Ezarri dituzten murrizketen barruan, lasai nago. Nepaleko jendeak ondo tratatzen nau. Batzuek euren etxea eskaini didate, nahiz eta nik aterpea dagoeneko izan, eta bertako hotel batek janaria ematen die doan atzerritarrei”, dio Irunek: “Nepaldarrek elkartasuna, enpatia eta babesa zer den irakasten didate, eta horrek, bizitzen ari garen egoera kaotiko eta gogor honetan, lasai sentiarazten nau”. Noiz itzuli daitekeen galdetuta, oraindik ezer ez dakiela dio Irunek: “Ez dakit Galdakaora noiz itzuli ahal izango naizen. Momentuz, dena airean dago”.

“Data hauetan Nepalen izan ohi gara, baina aurten ezinezko egin zaigu joatea. Nire kasuan, ez zitzaidan axolako han egotea konfinamenduan. Nepaldarrek lasaitasuna eta sosegua ematen dizute, eta benetan, gure eguneroko errealitatea birplanteatzen dizute”, dio Beak: “Hau guztia amaitzea gogoz desiatzen dut. Ear Careko talde zoragarriak haurrei berriz ere soinua ematea da nire desiorik handiena. Eta guk hemendik, orain arte egin bezala, lan horretan lagundu nahi dugu. Budistek diote ez duela axola zein gaizki dirudien egoera batek, ezer ez dela iraunkorra, eta egoera txarrak ere amaitzen direla, beti indartuta ateraz. Animo denei! Eskerrik asko, danyhabad!”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak