→Galdakao

Galdakaoko jaietako kontzertuetarako 68 proposamen egin dituzte herritarrek

Argazkia: Galdakaoko Udala

Irailaren 9tik 18ra bitartean izango dira Galdakaoko jaiak, gauzak ondo bidean. Ildo horretan, 2022ko Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko prozesuari hasiera eman zioten apirila hasieran Udalak eta Jai Batzordeak. Apirilaren 7tik 18ra bitartean herritarrek iraileko jaietarako kontzertuak proposatzeko epea izan dute zabalik eta guztira 68 proposamen helarazi dituzte. Besteak beste, proposamenen artean daude: ETS, Camela, Dulce Castigo, Green Valley, Iseo & Dodosound, Los Zopilotes Txirriaos, Calathea, Bulego, EH Sukarra, Mikel Sanchez, Zetak, Huntza, SkaP, Kerobia, Chill Mafia, Bad Bunny, Manifa, Merina Gris, Fito & Fitipaldis, Liher, Viva Suecia, Los Chikos del Maiz, La Furia, Tanxugueiras, Kai Nakai, Morat, Sua, El Reno Renardo, Neomak, Zea Mays, Ezpalak edota Fermin Muguruza.

Prozesua orain bigarren fasean dago: proposamenen balorazio teknikoan, alegia. Apirilaren 19tik maiatzaren 2ra bitartean proposamenek oinarrizko irizpideak betetzen dituzten aztertuko dute, hala nola, katxea, data horietan jotzeko moduan egotea (irailak 9, 10 eta 16), emakumeen parte hartzea, musika estiloa edota publikoaren adin tartea. Ez dituzte onartuko mezu edo jarrera diskriminatzaileak bultzatzen dituzten musika taldeak.

Hirugarren fasean Jai Batzodeak irailaren 9ko, 10eko eta 16ko kontzertuetarako aukerak sortuko ditu, eta horretarako bilera egingo dute apirilaren 25ean. Bertan erabakiko dute zein proposamen pasatuko diren bozketa fasera. Egun bakoitzeko hiru aukera emango dituzte. Aukerak publiko egin eta 16 urtetik gorako galdakoztarrek galdeketa ireki bidez bozkatu eta erabakiko dute egun bakoitzean zein taldek joko duen. Bozkatzeko epea zabalik egongo da maiatzaren 5tik 15era bitartean.

Kontzertu nagusia

Bestetik, irailaren 17rako kontzertu nagusia erreserbatu dute Jai Batzordeak eta Udalak. Kontzertu nagusiaren aukeraketari dagokionez, Jai Batzordeak berak jasoko ditu batzordeko taldeen proposamenak, eta zerrenda bat egingo du Udalari helaraziko diona. Udala, bere aldetik, aukeraketa egiteaz arduratuko da.

Ardanza Lehendakariaren plazan egingo diren kontzertu guztien % 45eko kostua izango du gehienez kontzertu horrek, eta hautaketa irizpide hauek hartuko dituzte kontutan: proposamenak teknikoki eta ekonomikoki baloratuko dituzte; proposamenetan gehien errepikatzen diren taldeek lehentasuna izango dute; musika estiloa, publikoaren adin tartea eta emakumeen parte hartzea ere kontuan izango da. Ez dira onartuko mezu edo jarrera diskriminatzaileak bultzatzen dituzten musika taldeak; azken jaietako talde nagusia (Fangoria) kanpokoa izan zela eta, aurten, euskal taldea izateari preferentzia emango diote.

Prozesuaren nondik norakoak esteka honetan kontsulta daitezke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak