→Galdakao

Sinadura bilketa hasi dute Galdakaon, “herrian gaztetxe baten beharra badagoela” adierazteko

Gaztetxea Pizten taldea sortu berri dute Galdakaon. Herrian “gaztetxearen beharra badagoela” adierazi nahi diote Udalari, eta horretarako sinadura bilketa abiarazi dute.

Galdakaon gaur egindako agerraldia / Gaztetxea pizten

Gaztetxea Pizten taldea sortu berri dute Galdakaon. Herrian “gaztetxearen beharra badagoela” adierazi nahi diote Udalari, eta horretarako sinadura bilketa abiarazi dute: “Galdakaoko Udalaren jabetzako den eraikin bat gazteei lagatzea eta bertan egingo diren proiektuen inguruan herriko gazteek eztabaidatzeko prozesu parte hartzaile bat martxan jartzeko eskatzen diogu Udalari”, diote. Sinadura bilketa gaurtik, maiatzaren 21etik, ekainaren 13ra bitartean gauzatuko dute. Prozesua bereziki herriko gazteei dago zuzenduta: “15 urtetik gorako edozein galdakoztarrek parte hartu ahalko du modu fisikoan zein Interneten bidez”, diote.

“Galdakaoko hamarna gazte elkartu gara egun herrian ikusten dugun gabezia bat mahai gaineratu eta horri irtenbidea emateko Gaztetxea Pizten taldea sortu dugu. Ez da gauza berria herri honen eta gaztetxearen auziaren arteko lotura. Denboran atzera egin eta duela urte batzuetako testuingurua erreparatuz gero, hainbat izan dira egindako saiakerak”, diote. Hain zuzen ere, Ortuondo Gaztetxea izan zuen Galdakaok 2012-2017 bitartean: “Gazteriari herria ulertzeko beste ikuskera bat bazegoela erakustea ahalbidetu zuen honek, baina udal gobernuaren adreilu eta porlanek honekin bukatu eta ordura arte eraikitako horrekin bukatu zuten”, diote. Ondoren, 2019. urtean, beste espazio berri bat okupatu zuten Galdakaoko Gazte Asanbladako kideek Muguru plazan. “Ez zen honekin aurrera egiterik lortu, baina herriko gazteek gaztetxeren grina bazutela argi gelditu zen orduan”, diote.

Galdakaoko Udalak Gazteria arloko ildo estrategikoak zehazteko diagnostiko parte-hartzailea jarri zuen martxan iazko abenduan, eta besteak beste, bilerak antolatu zituzten gazteekin: “Herriko hainbat gazte kuadrillak argi adierazi zuten egun haietan zehar beharrezkoa ikusten dutela guretzako espazio bat, gurea, herriko gazteena, nahi dugun eran eta nahi dugun forma emanez honi”, diote. Gazte diagnosiaren inguruko bileretan herrian forma aktiboan parte hartzen duten 20 bat kuadrilla bildu ziren, “eta gehiengo handi batek adierazi zuen gaztetxearen beharra”, diote.

Antolatzearen beharra

“Argi erakutsi nahi dugu gazteok, antolakuntzaren eta autogestioaren bitartez, badugula espazio bat gurea egin eta herriko gazteentzat bideraturik egongo dena kudeatzeko ahalmenik”, diote Gaztetxea Pizten taldeko kideek. “Izan gazte mugimenduko kide, ikaskideekin bilera bat egin nahi duen ikasle, edota erakusketa zein aurkezpen bat egin nahi duen elkarte, finean ez dugu non antolatu eta elkartzeko tokirik, eta egindako lanketa honen baitan argi ikusi dugu badagoela honetarako beharra”, diote, eta gaineratu dute “premiazkoa” ikusten dutela “gazte ikuspuntutik bizi dugun egoeraren eta datorkigun etorkizun beltzaren aurrean antolatzearen beharra”.

Era berean, gazteek aisialdirako duten eskaintza urriaz ere aritu dira Gaztetxea Pizten taldeko kideak: “Eskaintza bakarra kontsumora baino ez dago bideraturik. Pandemiak agerian utzi du tabernetatik harago gazteok ez dugula non egoterik. Gehitu honi herriko kultur eskaintza ez dela gazteon testuingurura hurbiltzen. Hainbat dira herrian bertan aurki daitezkeen sortzaile, artista zein bestelako, sortzeko eta egindako erakusteko baliabiderik ez dutenak”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak