→Galdakao

Sormenek hiru sorkuntza plaza izango ditu azaroaren 16tik 21era Galdakaon

Azaroaren 16tik 21era izango da Sormene Galdakaon // Geuria

Sormene Sorkuntzen Plaza antolatuko dute bigarren urtez jarraian Galdakaon. Azaroaren 16tik 21era izango da kultur egitaraua eta, besteak beste, musika, dantza, antzerkia, zinema, ipuinak, komikia eta bertsoa, ilustrazioa eta literatura eskainiko dituzte. Galdakaotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Galdakaora. 

Sormena du oinarri, eta euskarazko kulturaren etorkizuna bermatzea helburu. Egungo sortzaileak babestu, euskarazko kultur sorkuntzen kontsumoa sustatu, eta, aurrera begira, sortuko dutenen eta kontsumitzaile izango direnen komunitatea ziurtatu. Hain zuzen ere, transmisioan indarra jarri nahi dute aurten antolatzaileek. “Transmisioan eten bat egon da eta horrek hausnarketa batera eraman gaitu. Sortzeko grina sortu nahi dugu Sormeneren bitartez. Sortzaile berriak nahi eta behar ditugu”, dio Gotzon Barandiaran Sormeneko zuzendari artistikoak.

Aurtengo Sormenek hiru plaza izango ditu: bi fisikoak izango dira eta hirugarrena birtuala. Plaza fisikoak Torrezabal eta Ardanza parkean jarriko duten karpa izango dira, eta birtuala sormene.eus. Ikasleentzako tailerrak antolatuko dituzte astegun goizetan, eta gainontzeko ordu eta egunetan egitarau irekia izango da (albistean egitarau osoa irakurgai).

Talde aholkulari-eragilea

Gotzon Barandiaran Sormeneko zuzendari artistikoak prentsaurrekoan adierazi bezala, nobedade bat izango da aurten: Sormeneren talde aholkulari-eragilea sortzea, alegia. “Talde horrek aurtengo egitarauaren balorazioa egingo du eta 2022ko Sormeneko diseinuan parte hartuko du”, dio Barandiaranek: “Euskalgintzan parte hartzen duten Galdakaoko eragileei gonbitea luzatuko diegu talde aholkulari-eragilean parte hartzeko”. 

Sormene antolatzeko aurtengo aurrekontua 100.000 eurokoa da, eta 2022ra arte du kontratua, 2023an ere luzatzeko aukerarekin. Udal ordezkariek adierazi dutenez, asmoa da diru kopuru berari eustea urtero, etorkizunean ere jarraitzeko helburuz.

Sormene 2021 | Egitaraua

Galdakaoko Sorkuntzen Plaza

Azaroak 16, asteartea. Torrezabal Kultur Etxea
10:00 Galdakaoko Udalaren agurra eta ongi etorria
10:05 Egitarauaren aurkezpena
10:15 Antzerki tailerra ikasleentzat: Formol laborategia
12:00 Antzerki tailerra ikasleentzat: Formol laborategia
19:00 Galdakaoko Udalaren agurra eta ongi etorria
19:05 Elbira Zipitriaren ikasle izandako Kontxita Beitiari oroigarria
19:15 Zinema emanaldia: ‘Muga deitzen da pausoa’. Maider Oleaga zinemagilearen filma, Elbira Zipitria irakasleari buruz
20:25 Solasaldia: irakasleak eta Maider Oleaga

Azaroak 17, asteazkena. Torrezabal Kultur Etxea
10:15 Dantza tailerra ikasleentzat: Gari Otamendi, dantzan.eus
12:00 Dantza tailerra ikasleentzat: Gari Otamendi, dantzan.eus
19:00 Musika kontzertua: ‘Batzen gaituzten balsak’. ESAS Elkartea eta Galdakaoko Musika Eskola:
– ‘Etxean igeri egitea’, Eva Ugalde
– ‘Hiru obra’, Maria Luisa Ozaita
– ‘Elisaren balsa’, Inge Conde
– Interpretariak: Belen Madariaga (sopranoa), Itxaso Sainz de la Maza (pianoa), Elisene Alzona (biolina), Nora Lopez (biolontxeloa) eta Natalia Sanchez (flauta)

Azaroak 18, osteguna. Torrezabal Kultur Etxea
10:15 Musika tailerra ikasleentzat: Ines Osinaga
12:00 Musika tailerra ikasleentzat: Ines Osinaga
20:00 Antzerki obra: ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’. Kamikaz Kolektiboa (Amancay Gaztañaga, Iraia Elias eta Erika Olaizola)

Azaroak 19, ostirala. Ardanza parkea
10:15 Ilustrazio tailerra ikasleentzat: Eider Eibar
12:00 Ilustrazio tailerra ikasleentzat: Eider Eibar
18:00 Ipuin kontaketa musikarekin: ‘Bertoko eta urrutiko ipuinak’. Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado
20:30 Musika kontzertua: Amak

Azaroak 20, larunbata. Ardanza parkea
11:30 Musika, bertsoa, literatura, ikus-entzunezkoa: ‘Sortzearen bizipoza’. Bizipoza Elkartea
16:45 Dantza, musika eta antzerkia: ‘Oa-huetak’. Elirale
18:00 Dantza, musika eta antzerkia: ‘Oa-huetak’. Elirale
22:00 Musika kontzertua: Diabolo Kiwi

Azaroak 21, igandea. Ardanza parkea
12:00 Komikia eta bertsoa: ‘Tupust!’ komikiaren aurkezpena, bertso saio batez. Komikigilea: Ainara Azpiazu Axpi. Bertsolariak: Uxue Alberdi, Oihana Arana eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal
17:30 Antzerki obra: ‘Amatxik Dixit’. Cia Goitibera eta Naita produkzioak. Antzezleak: Nerea Ariznabarreta, Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo. Zuzendaritza: Saioa Iribarren
18:00 Solasaldia: ‘Gerra eta sorkuntzak’. Galdakao Gogora Elkartea
19:00 Dantza, musika, bertsoa: Soka-dantza. Parte hartzaileak: Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldea, Iruñeko Duguna Dantza Taldea, Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldea, Iurretako dantzariak, Oñatiko Oñatz Dantza Taldea, Bizkaiko Gaiteroak, Oñatiko Aita Madina Txistulari Taldea, Erika Lagoma, Igor Elortza eta Josu Zabala.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak