Sormene Sorkuntzen Plaza indarra hartzen ari da Galdakaon. 2020an jarri zuten martxan ekimena Galdakaon eta urtero behin antolatu izan dute, azaroa eta abendua bitartean. Oraingoan, ordea, udaberrian ere Sormene antolatzea erabaki dute antolatzaileek. Datozen urteotan, hortaz, bi txandatan antolatuko dute Sormene: udaberrian eta udazkenean.
Udaberriko Sormene maiatzaren 12tik 15era eta hilaren 27an izango da. Besteak beste, Galdakaoko ikastetxeetan antzerki eta musika tailerrak, antzerki ikuskizunak, eta euskarazko liburu eta disko berrien aurkezpenak eta azoka antolatu dituzte. Alde batetik, kultur adierazpide guztietako euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina sustatzea, eta bestetik, euskarazko “sortzeko grina” bultzatu nahi dituzte edizio honetan, eta horretarako egitarau “aberatsa eta erakargarria” antolatu dute.
Transmisioan indarra jarri
Sormenek lau lan ildo jorratzen ditu: sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa. Antolatzaileen arabera, iazko Sormenek ohartarazi zuen bere lau lan-ildoetatik euskarazko kulturgintzaren transmisioa dela premiarik larrienak dituena. “Hortaz, euskarazko kulturgintzaren transmisioan indarra egitea erabaki dugu”, dio Gotzon Barandiaran Sormeneko zuzendari artistikoak.
“Transmisioarena da kezka larriena eragiten diguna egun. Ez Sormenekooi bakarrik, ez bada Euskal Herri osoko eragileei ere. Etena gertatu baita euskarazko kulturgintzaren transmisioan, besteak beste, hezkuntza arautuan. Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea guztion ardura dela aldarrikatu nahi dugu. Azpimarratzeko ez dela soilik hezkuntza arautuaren ardura, euskarazko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztiona dela eta noski, euskal gizarte osoarena”, dio Barandiaranek.
Sormene Sorkuntzen Plaza
2022 Udaberria · Maiatza
Maiatzak 12, osteguna
10:15 + 12:00 Antzerki tailerra ikastetxeentzat Kurtzeko plazan. Formol Laborategia
20:00 Antzerkia Kurtzeko plazan: ‘Bidaide’. Metrokoadroka konpainia. Geuretik Sortuak
Maiatzak 13, ostirala
10:15 + 12:00 #MauriziakEzDauInorHil Musika tailerra ikastetxeentzat Kurtzeko plazan. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador
18:00 + 20:30 Disko berrien aurkezpenak Kurtzeko plazan. 30 minutuko saioak
21:00 #MauriziakEzDauInorHil ikuskaria Kurtzeko plazan. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador
Maiatzak 14, larunbata
11:00-14:30 + 17:00-20:30 Kultur Sorkuntzen Azoka Kurtzeko plazan
12:00-14:30 Liburu berrien aurkezpenak Kurtzeko plazan. 30 minutuko saioak
18:00-22:00 Disko berrien aurkezpenak Kurtzeko plazan. 30 minutuko saioak
Maiatzak 15, igandea
13:30 Juan Karlos Irizarri omenaldia Kurtzeko plazan: ‘Irizarren izarrak’. Da Capo Galdakaoko Musika Banda, Ad Libitum Galdakaoko Txistu Banda eta Maximo Moreno Musika Eskolako Abesbatza
Maiatzak 27, ostirala
11:30 Antzerkia ikasleentzat Torrezabalen: ‘Album’. Formol Laborategia
20:00 Antzerkia publiko ororentzat Torrezabalen: ‘Album’. Formol Laborategia
