→Galdakao

Tokiko baserrietan ekoitzitako produktuen azoka antolatuko dute ostegunero Galdakaon

Maiatzaren 12tik aurrera, ostegunero, 'Gure Lurreko Merkatua' izango da Galdakaon // Geuria

Tokiko produktuen azoka antolatuko dute astero Galdakaon: ‘Gure Lurreko Merkatua’. Bertoko baserrietan ekoitzitako barazkiak, gazta, ogia, eztia, esnekiak, txorizoa, euskal pastela, piperrak, karakolak, mermeladak eta beste erosteko aukera egongo da. Azoka Agirre Lehendakaria plazako arkupeetan antolatuko dute ostegunero 17:00etatik 20:30era bitartean, maiatzaren 12tik aurrera.

Guztira 12 postu izango ditu merkatuak, eta Galdakaoko, Arratiako, Nerbioi zein Txorierriko ekoizleek egingo dute bat astero edo hamabostero. Galdakaoko Udalak Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearekin elkarlanean jarri du martxan egitasmoa.

“Gure Lurreko Merkatu honen ezaugarririk nagusiena hurbiltasuna izango da, bertako soroetatik bertako plazara, edo bestela esanda 0KM-ko elikagaiak galdakoztarren esku ipintzea”, diote udal ordezkariek: “Hautu honen arrazoia begibistakoa da: elikagaien ekoizpen moduak eta jatorriak eragin zuzena dute pertsonen osasunean zein ingurumenean. Alde batetik, ingurumena eta osasuna zaintzeko aukera bat dira halako azokak, eta bestetik, ekoizleekin beraiekin harreman zuzena mantentzekoa; hortaz, kontsumitzen dugunaren jatorri eta ezaugarrien ezagutza zuzena izatekoa ere bai”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak