→Galdakao

Benito Lertxundi, Goazen 8.0 eta ‘Geuretik Sortuak’ antzezlanak ikusgai Torrezabalen, datozen hilabeteetan

Benito Lertxundi, Goazen 8.0 eta ‘Geuretik Sortuak’ egistamoko zenbait antzezlanak //

Urtarriletik maiatzera bitartean Torrezabalen izango den kultur egitarauaren berri eman du Galdakaoko Udalak. Batez ere antzerkia izango da protagonista Torrezabalen, baina bestelako arte eszenikoak ere ikusgai izango dira, hala nola, musika, dantza eta zirkoa. Antzerkia horren garrantzitsua izango da datozen hilabeteetan, izan ere, ‘Geuretik Sortuak’ egitasmoaren barruan sortutako antzezlanak taularatuko dituzte. Guztira 20 ikuskizun programatu dituzte urtarriletik maiatzera Torrezabalen.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Torrezabaleko txarteldegian, udal webgunean eta lehiatilan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago. Maiatzera bitartean izango diren ikuskizunen inguruko liburuxka publikatu du Galdakaoko Udalak, eta gaurko prentsaurrekoan adierazi bezala, “etxe guztietara” bidaliko dute. “Jendearengana gehiago hurbildu nahi dugu Torrezabal. Urtetik urtera hazi egiten da ikusleen kopurua eta kopuru hori are gehiago haztea nahi dugu”, dio Olaia Parra Kultur arloko zinegotziak. Hain zuzen ere, iaz 9.000 ikusle inguru bertaratu zen Torrezabalen antolatu zituzten 60 ikuskizunetara: “2020an, pandemiaren lehenengo urtean, 6.000 ikusle izan genituen, eta pandemia aurretik, 2017an esaterako, 4.000 inguru ziren Torrezabalera zetozenak”, dio Parrak: “Gero eta publiko leialagoa eta entregatuagoa da. Iaz, adibidez, 14 ikuskizunetan edukiera osoa bete zen”. Gaur egun Torrezaleko edukiera % 60koa da.

Olaia Parra zinegotziak eta Katrin Schlegel programatzaileak urtarriletik maiatzera bitarteko Torrezabaleko egitaraua aurkeztu dute gaur // Geuria

“2021ean aniztasun handiagoa egon zen, adibidez, musika eta dantzan, eta publikoak oso modu positiboan erantzun zuen. 2022ra begira, Torrezabal sendotu eta askotariko eskaintza egin nahi dugu, batez ere, dantza gehiago programatu nahi dugu. Orain aurkezten dugun programazioan emakumeen presentzia nabaria da, disziplina anitzak daude eta hizkuntza aldetik orekatua da. Antzerkia, musika, umorea, kritika… gustu guztietarako ikuskizunak antolatu ditugu”, dio Katrin Schlegel Sasiainbarrena Torrezabaleko programatzaileak. Era berean, gaineratu du kultura eta Torrezabal jendearengana gehiago hurbildu nahi dutela: “Horretarako hainbat ekimen prestatu ditugu antzokia bera gehiago zabaltzeko”, dio Schlegelek. Esaterako, urteko programazioa irekiko duen ‘Altsasu’ antzezlanean Maria Goiricelaya zuzendaria izango da aurkezpenean eta ondoren solasaldia izango da berarekin zein aktoreekin. Halaber, datozen hilabeteetan zehar doako bi jarduera antolatu dituzte Torrezabalen: ‘Antzerkiaren barrunbeak’ tailerra eta ‘Antzerkia agerian’ umorezko bisita antzeztua Ganso&Cia konpainiaren eskutik. Doako jarduera horien inguruan GEURIAk galdetuta, udal ordezkariek adierazi dute aurrerago emango dituztela zehaztasun gehiago.

Torrezabaleko programazioa | Galdakao

2022 Urtarrila-Maiatza

Urtarrilak 23, igandea
19:00 Antzerkia: Altsasu (gazteleraz)
7,50-10 euro

Urtarrilak 27, osteguna
20:00 Antzerkia: Sexberdinak (Geuretik Sortuak)
3-4 euro

Urtarrilak 29, larunbata
18:00 Antzerkia: Tarzan (euskaraz) (+5 urte)
4-6 euro

Otsailak 6, igandea
19:00 Antzerkia: Winnipeg (gazteleraz)
9-12 euro

Otsailak 10, osteguna
20:00 Antzerkia: Eresia. Lurra arin bekizu, ama (Geuretik Sortuak)
3-4 euro

Otsailak 12, larunbata
18:00 Antzerki fisikoa, bisuala eta objektuena: Gauza txikiak. Zer egunetan utzi genion jokatzeari?
4-6 euro

Otsailak 13, asteazkena
13:00 Musika: Influencers. Da Capo Musika Banda
Doan
*Otsailaren 23an dago iragarrita Torrezabaleko liburuxkan, baina otsailaren 13an izango da emanaldia

Otsailak 26, larunbata
20:00 Musika: Benito Lertxundi. Ospakizun gauean
9-12 euro

Martxoak 3, osteguna
20:00 Antzerkia: Harri minak (Geuretik Sortuak)
3-4 euro

Martxoak 5, larunbata
18:00 Zirkoa: Bowaren bidaiak
4-6 euro

Martxoak 11, ostirala
20:00 Antzerkia: Winona&Grace (gazteleraz)
6-8 euro

Martxoak 18, ostirala
20:00 Antzerkia: Semea pixka bat motelago dabil soilik
7,50-10 euro

Apirilak 1, ostirala
20:00 Antzerkia: El Avaro (gazteleraz)
7,50-10 euro

Apirilak 2, larunbata
17:00 + 19:00 Antzerkia eta musika: Goazen 8.0
6-8 euro

Apirilak 10, igandea
13:00 Musika: Jazz KM.0. Leyre Sanz, Da Capo Musika Banda
Doan

Apirilak 30, larunbata
20:00 Antzerkia: Trapu zikinak (Geuretik Sortuak)
3-4 euro

Maiatzak 6, ostirala
20:00 Antzerkia: La Tarara (gazteleraz)
7,50-10 euro

Maiatzak 14, ostirala
18:00 Antzerkia: Perez sagutxoa (+3 urte)
4-6 euro

Maiatzak 20, ostirala
20:00 Dantza: LOF (Ladies On Fight)
6-8 euro

Maiatzak 27, ostirala
20:00 Antzerkia: Album (euskaraz)
4,50-6 euro

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak