→Galdakao

Udal langileen lan-baldintzak hobetzeko Kontziliazio Plana aurkeztu dute gaur Galdakaon

Udal ordezkariak eta udal langileen sindikatuetako ordezkariak // Geuria

Udal langileen lan-baldintzak hobetzeko Kontziliazio Plana aurkeztu dute Galdakaon. Planaren ardatz nagusia da familia eta lana uztartzea, eta besteak beste, honako baldintza hauek jasotzen ditu: ordutegi-malgutasuna, ordaindutako lanaldia murrizteko aukera, ordaindu gabeko lanaldia murrizteko aukera, baimenak eta lizentziak, eszedentziak edota barne-batzorde bat sortzea.

Maite Arandia Pertsonal arloko zinegotziak gaur prentsaurrekoan azaldu duenez, “ordutegi-malgutasunari dagokionez, oro har pertsona guztientzat jasotzen da (bi ordu goizeko zein arratsaldeko txandan), eta malgutasun handiagoa dago mendeko pertsonak edo desgaituak, seme-alaba adingabeak eta gaixotasun larriagatiko zaintzagatik (ordu bat), 2 urtetik beherako seme-alabak dituzten guraso bakarreko familientzat eta indarkeria matxistaren biktimentzat (bi ordu)”.

“Ordaindutako lanaldia murrizteko aukerari dagokionez, kasu hauetan hartuko da kontuan: gaixotasun larriagatik, minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen seme-alaba adingabea zaintzeagatik eta indarkeria matxistaren biktima izanagatik gehienez bi hilabeteko epean”, dio Arandiak. Era berean, ordaindu gabeko lanaldia murrizteko aukera izango dute udal langileek, “erradioterapiako edo kimioterapiako tratamendua amaitu ondoren gaixotasunagatik errekuperatzen bada, ohiko lanaldira pixkanaka egokitzeko eskatzeko (gehienez hiru hilabete), 60 urtetik gorakoek lanaldi erdira egokitzeko, edota adingabeak (14 urte arte), adinekoak edo desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko”, dio Arandiak.

Udal langileek ere baimen eta lizentzia bereziak izango dituzte, “hainbat arrazoiengatik”, dio Arandiak: “Gerta daitezkeen hainbat egoera hartu dira kontuan, hala nola: jaio aurreko azterketetara eta erditzea prestatzeko tekniketara joateko; haurdunaldia eteteko baimena (sei egun); berezko abortuagatiko baimena (haurdunaldiaren azken hiru hilabeteetan, amak sei asteko amatasunagatiko nahitaezko atsedena hartzeko eskubidea izango du); lagundutako ernalkuntza; haurra erditzean edo erditu eta berehala hiltzen bada (haurra hiltzen bada, jaiotzagatiko baimena ez da murriztuko, nahitaezko atsedeneko sei asteak amaitu ondoren erditzen duen pertsonak bere lanpostura itzultzea eskatzen duenean izan ezik); adopzioagatiko edo harreragatiko baimena; ospitaleratu gabeko ebakuntza kirurgikoagatiko baimena (bi egun); bikotekidearen edo lehen mailako ahaidearen istripu edo gaixotasun larriagatiko baimena (hamar egun baliodun); medikuaren kontsultara laguntzeagatiko baimena (adin txikiko seme-alabak edo 65 urtetik gorako pertsonak); eta adopzioagatiko bilerengatiko baimena”. Eszedentziei dagokienez, honakoa jasotzen du planak: “senitartekoa zaintzeagatik (hiru urtera arte); bizikidetzari edo familia-elkartzeari eusteko; indarkeria matxistagatik”.

Halaber, plan honen akordioaren arabera, barne-batzorde bat sortuko da plan honetan jasota ez dauden eta gerta daitezkeen beste kasuistika batzuetarako, “esaterako, itzalitako argien politika, lana eta arlo pertsonala eta profesionala bereizteko, konexio iraunkorreko bitartekoak erabili gabe, hala nola, telefonoa edota Whatsapp-a, egoera oso berezietan izan ezik”.

“Pertsonak erdigunean”

Kontziliazio Plana sortzen 2020an hasi ziren udal langileen batzordea, Maite Arandia Pertsonal arloko zinegotzia, Kristina Bikandi Giza Baliabideetako udal arduraduna eta LAB —5 ordezkari ditu—, ELA, CCOO —bina ordezkari dituzte—, eta PLES (Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Sindikatua) —ordezkari bakarra— sindikatuetako ordezkariak. “2020an Kontziliazio Plana idatzeko lantaldea osatu genuen. Talde irekia izan da, elkarlanean aritu dena eta adostutako baldintzak onetsi dituena. Dokumentuaren zirriborroa egin genuen eta urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak”, dio Arandiak.

“Udal langileen lan-baldintzak hobetzen ditu Kontziliazio Planak, eta horrek udaletxearen funtzionamendua ere hobetuko du. Plan honek pertsonak erdigunean jartzen ditu”, adierazi du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Kristina Bikandi Giza Baliabideetako udal arduraduna da eta honakoa azpimarratu du prentsaurrekoan: “Lantaldea anitza izan da. Genero ikuspegia zeharkako konpromisoa da plan honetan. Lan eta familia erantzukizunak orekatzea eta estrategia bat sustatzea da plan honen helburua. Lan-hitzarmenarekiko osagarria da Kontziliazio Plana”, dio Bikandik.

Aiora Azagirrek, udal langileen sindikatuetako ordezkari gisa, ere hitza hartu du prentsaurrekoan: “Plana sortzeko prozesua eta lantaldea bera azpimarratzekoa izan da, baita lantaldeak hasieratik izan duen filosofia ere. Zaintza eta ardura beste modu batean kudeatzeko gai izan gara. Ez da ohikoa baldintza hauek berrikustea eta zentzu horretan eredu garela esan genezake”, dio Azagirrek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak