→Galdakao

Oroimen historikoaren bulego bat irekiko dute Galdakaon, giza eskubideen urraketen testigantzak jasotzeko

Galdakaoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmena sinatu dute, datozen bi urteetan “memoria osoa berreskuratzeko” asmoz. Hain zuzen ere, 1936tik gaur egunera bitartean herritarrek pairatutako giza eskubideen urraketen testigantzak jasoko ditu Aranzadik, eta horretarako Oroimen historikoaren bulego bat irekiko dute udaletxean. Irailean izango da hori eta momentuz hilabetez egongo da zabalik. Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan eta zein ordutan egongo den zabalik bulegoa, baina printzipioz irailean zehar. Gainera, Oroimen bulegoa ireki aurretik zenbait hitzaldi antolatzeko asmoa agertu dute Aranzadik eta Udalak.

“Toikiko, lurraldeko eta autonomiako artxiboetan ikerketa egingo dugu, baita artxibo militarretan eta elizakoetan ere, baina herritarren laguntza ezinbestekoa izango da”, dio Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia saileko historialari eta ikerkalariak: “Informazio guztia ez dago dokumentatuta, horregatik behar ditugu herritarren testigantzak. Beharrezkoak eta ezinbestekoak dira”. Hilabetez egongo da Oroimen bulegoa zabalik, baina testigantzak egiteko ere memoria@aranzadi.eus helbide elektronikoa eta 943 466 142 telefono zenbakia erraztu ditu Aranzadik. “Orain jasotzen ez dena ez da existituko. Orain da hitz egiteko momentua”, dio Bucesek. Ildo horretan, lekukoen konfidentzialtasuna “erabat bermatuta” egongo dela dio Bucesek.

Egia, justizia eta erreparazioa

Udalaren eta Aranzadiren arteko hitzarmena bi urtekoa da, eta udaltalde guztien adostasuna izan du. “Egoera dramatiko asko bizi izan dira 1936tik gaur egunera arte, eta Udalaren asmoa da giza eskubideen urraketen edota bortizkeria ezberdinen erradiografia egitea. Bizi izan diren errealitate desberdinak ezagutaratzi nahi ditugu”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Horretako hiru konpromiso hartu dituzte: “egia, justizia eta erreparazioa”. 

Lehenengo urratsa da egia bilatzea, eta horretarako ikerketa zientifikoa egingo du Aranzadik: “Laguntzeko dago Aranzadi. Ikerlariak gara eta egia ezagutzeko laguntza ematen dugu. Justizia eta erreparazioa ez dago gure esku. Egia barik ezin da justiziarik eta erreparaziorik egin”, dio Bucesek. Ikerkuntzak bi aldi paralelo izango ditu: memoria historikoa (1936tik 1975era artekoa) eta gertuko memoria (1960tik gaur egunera bitartekoa): “Hala ere, testigantza guztiak irailean jaso nahi ditugu”, dio Bicesek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak