→Galdakao

Galdakaoko Udalekuetan 550 leku eskainiko dituzte eta lehen aldiz jantoki zerbitzua egongo da

Galdakaoko Udalekuetan parte hartzeko izena emateko epea gaur zabaldu du Udalak, apirilaren 27ra arte.

Galdakaoko Udalekuetan izena emateko epea zabalik dago gaurtik apirilaren 27ra arte // Galdakaoko Udala

Udalekuak antolatuko dituzte uztailean Galdakaon. Guztira 550 plaza eskainiko dituzte eta orain arte hiru gunetan banatzen ziren ekitaldiak lautan banatuko dira aurten. Aperribain eta Usansolon 4 eta 11 urte arteko umeak batuko dira; Gandasegin 4 eta 7 urteko umeak egongo dira; eta Urretan 8 eta 11 urte bitartekoak. “Aurten pandemiaren eraginak ahalik eta gehien saihestearren erdigunean eremu bitan banatzea egokiago ikusi dugu”, dio Edurne Espilla hizkuntz normalkuntzarako zinegotziak.

Txanda desberdinak eskainiko dituzte Udalekuek: uztaileko lehen hamabostaldia, bigarren hamabostaldia, edo uztailaren 5etik 30era bitartekoa. Gainera, lehen aldiz jantoki zerbitzua eskainiko dute: “Familiek urtatean errepikatu duten eskaerari erantzungo diogu horrela”, dio Espillak. Beste hobekuntza bat izango da harrera zerbitzuaren ordutegia; izan ere, 08:30etik 14:30era egon ahal izango dira umeak udaleku eremuan. “Udalekuak 09:30etik 13:30era izango diren arren, lana eta familia bateragarri egiteko lagungarriak izago diren hautazko zerbitzu bi eskainiko dira. Bata, harrera zerbitzua, goizeko 08:30etik 09:30era izango da eta dohainik eskainiko da hori eskatzen duten familia guztientzat. Bestea, jantoki zerbitzua, eguerdiko 13:30etik 14:30era”, dio Miren Atutxa Euskara teknikariak.

Edurne Espilla eta Miren Atutxa // Galdakaoko Udala

Aurtengo Udalekuetan prezio estandar bat zehaztu du Udalak, “egokia eta neurrizkoa”: hamabostaldi bakoitzean, jantoki barik, prezioa 60 eurokoa izango da, eta jantoki zerbitzuarekin 114 euro; uztailaren 5etik 30era arteko txandan 120 euro (jantoki barik) edo 228 euro (jantokiarekin) ordainduko dira. Hala ere, familien errentan oinarrituta hobari sistema ezarriko du Udalak: % 30, % 50 edo % 85 artean txikitu daitezke kostuak elkarbizitza unitatearen diru-sarreren arabera. “Hobari horien helburua da aukera berdintasuna erraztea, eta horregatik, egoera zaurgarrienean dauden familieek eta errenta baxuena duten familiek % 85erainoko hobaria lortu ahal izango dute. Halaber, lekuen % 5 gordeta egongo da babes berezia merezi duten kolektiboetarako”, diote. Azken kolektibo horien artean daude: gutxienez ere % 33ko desgaitasuna duten haurrak edo ofizialki aitortutako mendetasun-gradua dutenak; Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) edo Gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako haurrak; eta genero indarkeria jasan izana familian edota gizartebazterkeria jasateko arriskuan dauden haurrak.

Galdakaoko Udalekuetan parte hartzeko izena emateko epea gaur zabaldu du Udalak, apirilaren 27ra arte. Interesdunek udal webgunetik (hemen sakatuta) eman beharko dute izena, baina horretarako laguntza behar dutenek 944 010 540 telefono zenbakira (Euskara arloa) deitu dezake. Onartutako behin-behineko zerrenda maiatzaren 7an argitaratuko dute. “Izen emate gehiagi egonez gero, zozketa egingo genuke maiatzaren 14an Udaleko Osoko Bilkura aretoan, 17:30ean”, diote udal ordezkariek. Onartutakoen behin betiko zerrendak webgunean argitaratuko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak