→Galdakao

Zuhatzutik eta ibai inguruetatik ibilgailuak kentzeko eskatu dute Galdakaon, uholde arriskuengatik

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du 15:00etatik aurrera euri jasa gogorrengatik. Uholde arriskua dela eta, Galdakaoko Udaleko Uholdeen Larrialdi Mahaia bildu da gaur goizean.

Bereziki, ibilgailua Zuhatzun aparkatuta duten herritarrei autoak bertatik kentzeko deia egiten die Udalak // Geuria

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du 15:00etatik aurrera euri jasa gogorrengatik. Uholde arriskua dela eta, Galdakaoko Udaleko Uholdeen Larrialdi Mahaia bildu da gaur goizean eta adi egoteko eta ibilgaluak ibai inguruetatik kentzeko eskatu dute: “Uholdeak izateko arriskua duten guneetan bizi direnei gaur arratsalde eta gauean adi egiteko eskatzen diegu, eta autoak ibai edo erreka inguruetatik aldentzeko”, diote udal ordezkariek. Bereziki, ibilgailua Zuhatzun aparkatuta duten herritarrei horiek bertatik kentzeko deia egiten die Udalak, eta Maxamen aparkalekua “leku ona” izan daitekeela gogorarazi dute udal ordezkariek. “Ibai inguruko gainerako lekuetan dauden autoekin ere berdin jokatzeko gomendatzen dugu”, diote.

Duela hilabete batzuetatik hona, Zuhatzu inguruan ibaiaren ura bideratzeko lanak egiten ari da URA Euskal Agentzia, eta lan horiek “eragin nabaria” izan dutela diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, metro kuadroko 40 litrotik gora bota duen arren uholderik ez baita bertan eragin. “Hala ere, lanak amaitu gabe egonik, adi egon beharra dago oraindik ura ez dela ubidetik ateratzen ziurtatzeko. Ura bere bidetik aterako balitz, Udalak hartu beharreko neurriak hartuko lituzke”, diote.

Dekantagailuak eta arketak etengabe errebisatu eta garbitzen ari direla diote Udaletik: “Ostiralean garbiketa egin zen eta atzo, larunbata, eta gaur, igandea, errepasoak egiten ari gara”, diote. Oraingoz, ubideei adi egoteko deia egiten du Udalak, eta uholde arriskua izan dezaketen guneetan bizi diren herritarrei abisua zuzenean bidaliko diela jakinarazi dute: “SMS mezuak igorriko zaizkie egoeraren berri emateko. Adinekoen erresidentziak ere jakinaren gainean daude dagoeneko”.

Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko obretan 9,5 milioi euro bideratuko ditu URAk Galdakaon

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak