→Galdakao

Txertaketa-puntu izango da astebetez Urretako kiroldegia, Galdakao eta Arratiako biztanleentzat

Argazkia: Barrualde-Galdakao ESI

Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) txertaketa-puntu berri bat ezarriko du: Urretako kiroldegia, alegia. Maiatzaren 1etik aurrera, eta astebetez, Covid-19aren aurkako txertoak jarriko dizkiete bertan Galdakaoko eta Arratiako biztanleei, 09:00etatik 21:00etara bitartean. Txertatzera doazenek kiroldegiko atzeko sarreratik izango dute sarbidea, Ganguren kaletik. Kiroldegiaren ohiko zerbitzuetara doazenek, berriz, sarrera nagusitik sartuko dira, eta hortaz, erabiltzaileak ez dira gurutzatuko.

“Duela pare bat aste Usansoloko ospitalean txertatu zain zeudenen itxaronaldiek eragindako ilara luzeen aurrean eskaini genion txertaketak herriko kiroldegiren batean egiteko aukera Osakidetzari, sortu ziren arrisku egoerak saihesteko helburuz. Eskaintza onartu, eta Urretako kiroldegiko kantxan Covid-19aren aurkako txertoak jarriko dira larunbatetik aurrera, astebetez gutxienez”, diote Galdakaoko Udaleko arduradunek.

Osakidetza jarriko da harremanetan txertoa jaso behar dutenekin, eta jakinaraziko diete nola, noiz eta non dagokien txertoa jartzea. “Itxaron Osakidetza zurekin harremanetan jarri arte, eta ez deitu osasun-zentrora zure txertaketa-txandaren inguruan galdetzeko”, diote. Osakidetzak SMS bat bidaliko dio txertoa jaso behar duenari, web-orriaren eta mugikorreko aplikazioaren bidez hitzordua eskatu ahal izateko. Telefono mugikorrik ez dutenei telefonoz deituko diete Osakidetzatik.

Guztira 117 txertaketa-puntu daude Euskal Autonomia Erkidegoan: 80 Bizkaian, 21 Gipuzkoan eta 16 Araban. Hego Uribe eskualdean zazpi txertaketa-puntu daude (Arrigorriagako, Arizeko, Kareagako, Etxebarriko eta Galdakaoko osasun zentroak, Galdakao-Usansolo ospitalea, eta Arizgoitiko zahar-etxea), eta maiatzaren 1etik astebetez Urretako kiroldegia.

Kiroldegiako kantxa itxita

Kiroldegiko kantxaren erdia erabiliko da txertaketarako eta gunea prestatzeko lanak gaur hasi dituzte. Goizean Udalak kiroldegia itxita egongo zela jakinarazi duen arren, arratsaldean adierazi du kantxa soilik itxiko dutela, eta “ohiko jarduera gehienak mantenduko direla”.

“Entrenamendua Urretan egiten duten Basket Ibaizabal, Lagun Onak eta Boleibol Taldeak, esaterako, eten egin dituzte entrenamenduak, eta lehiaketetan parte hartzen jarraitzen duten taldeei Unkinako kiroldegian entrenatzeko aukera eman zaie. Asteburu honetarako Urretan aurreikusita zeuden partidak ere lekualdatu dira: Unkinan egingo dira igande arratsalderako antolatuta dauden saskibaloi eta futbol sala partidak”, diote udal ordezkariek: “Kanpaina amaitu bezain laster bere ohiko egoerara egokituko da kiroldegia berriro, ohiko kirol erabileretara ahal bezain laster itzul dadin”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak