→Galdakao

Txertaketa-gune izateari utzi dio Galdakaoko Urreta kiroldegiak eta ohiko jarduna berreskuratuko du

Gaur eta bihar itxita mantenduko dute Urretako kantxa nagusia, “eremua behar bezala garbitu eta egokitzeko”, diote udal ordezkariek.

Argazkia: Barrualde-Galdakao ESI

Covid-19aren kontra txertaketa-gune izan da zenbait hilabetez Urreta kiroldegia. Maiatzean hasi ziren koronabirusaren kontrako txertoak bertako kantxan jartzen eta irailaren 25ean azkenak jarri zituzten Urretan. Bertako txertatze kanpaina amaituta, gaur eta bihar itxita mantenduko dute kantxa, “eremua behar bezala garbitu eta egokitzeko”, diote udal ordezkariek.

Ildo horretan, irailaren 29tik aurrera ohiko funtzionamendura itzuliko da Urretako kiroldegia: Basket Ibaizabalek, Lagun Onak-ek eta Boleibol taldeak entrenamenduak egin ahal izango dituzte asteazkenetik aurrera eta berriro ere partiduak jokatu ahal izango dituzte bertan.

40.000 pertsona

Urretako txertaketa-gunean 40.000 pertsona baino gehiago txertatu dituzte koronabirusaren aurka. Maiatzean Galdakaoko eta Arratiako herritarrak txertatzeari ekin zitzaion, baina Basauriko eta Laudioko txertaketa guneak itxi ondoren, inguruetako txertaketa gune nagusi bihurtu zen Urretakoa, eta, Gadakaoko eta Arratiako herritarrak ez ezik, Etxebarriko, Basauriko, Arrigorriagako, Aialako eta Laudioko herritak ere Galdakaora etorri dira txertatzera.

Urritik aurrera, txertoa jartzeko hitzordua duten guztiei –dela lehenengo dosia jartzeko dela bigarrena jartzeko– osasun-zentroetan edo tarteko beste puntu batzuetan emango zaie arreta. Osasun Sailak jakinarazi duenez, 2021eko irailaren 30etik aurrera Barrualde-Galdakao ESIaren barruan Galdakao-Usansoloko ospitalea eta Gernika-Lumoko ospitalea izango dira txertaketa-puntuak. Gaur egun, 12 urtetik gorako euskal herritarren % 84k pauta osoa du.

Herritarren inmunizazioa azkartu nahian bertan txertatzeko aukera Osakidetzaren esku jarri zuen Galdakaoko Udalak, eta lan horretan aritu dira Osakidetzako langileak Urretako kiroldegian irailaren 25era arte. “Erabat aberatsa izan da elkarlana”, diote udal arduradunek: “Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu herritar eta erabiltzaile guztiei, eragin zaizkien kalteen aurrean erakutsi duten jarrera ulerkorragatik eta talde premia norbere interesaren aurretik jarri izanagatik. Entrenamenduak bertan egiten dituzten taldeei bereziki adierazi nahi diegu esker on hori”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak