→Galdakao

Galdakaoko eta Usansoloko bost gunetan muralak margotu dituzte, enplegu planaren baitan

Lau mural dagoeneko bukatu dituzte, eta laster amaituko dute bosgarrena // Argazkiak: Galdakaoko Udala

Galdakaoko eta Usansoloko bost gunetan muralak margotu dituzte. Zehazki, Lapurdi kalean, Bekeako tunelean, Gorosibai inguruan, eta Galdakaoko Musika Eskolan margolanak bukatuta daude, eta laster suhiltzaileen egoitza zenaren inguruko horma margotzen bukatuko dute. Lanak urte hasieran hasi zituzten eta sei hilabeteko epean bukatuko dituzte.

Ekintza hau Enplegu Planaren baitan kokatzen da, eta lana eta artea, eta formakuntza eta integrazioa ditu ardatz. Hain zuzen ere, Jose Ramon Bañales ‘Bada’ (Barakaldo, 1962) artistaren eta bost gazte galdakoztarren artean gauzatutako proiektua izan da, lan mundura sartzeko arazoak dituzten gazteei bultzada emateko asmoarekin. Kasu honetan, 30 urtetik behera dituzten, langabezian dauden eta lan mundura sartzeko arazoak dituzten bost gazte galdakoztarrek hartu dute parte ekimenean. Sei hilabeterako kontratazio baten bidez formazioa jaso dute lehenik, eta ondoren, ikasitakoa praktikan jarri dute muralak margotuz. Muralen diseinuak taldeko partaide guztien artean egin dituzte, eta udal ordezkariekin adostu dira.

“Ekintzak bi helburu batzen ditu: batetik, egoera zaurgarrian dauden herritar gazteak formatu eta lan mundura sartzeko aukera ematea, eta bestetik, hiri-paisaia hobetzea, espazio publikoko gune batzuk duindu eta herritarren gozamenerako berreskuratuta”, dio Jose Luis Bernal Enplegurako zinegotziak.

Galdakaoko Udalak eta Lanbidek diruz lagundutako programa Gaztaroa Sartu gizarte ekimenerako kooperatibak garatu du. Programak garapen iraunkorra bilatzen du: lan munduan sartzeko arazo bereziak dituzten pertsonei formazioa eta aldi baterako lana emanda bere kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa hobetzea, eta horrela, horien enplegagarritasunean eragitea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak