→Galdakao

Esan bulegoak bihar zabalduko dituzte berriro Galdakaon eta Usansolon

Ekainaren 10ean, asteazkenez, zabalduko dituzte berriro Galdakaon eta Usansolon herritarrei aurrez aurre arreta emateko Esan bulegoak.

Arreta presentzialari ekainaren 10ean berrekingo diote Galdakaoko eta Usansoloko Esan bulegoek // Argazkia: Galdakaoko Udala

Ekainaren 10ean, asteazkenez, zabalduko dituzte berriro Galdakaon eta Usansolon herritarrei aurrez aurre arreta emateko Esan bulegoak. Martxoan osasun-alarma ezarri zutenetik eta orain arte, modu telematikoan eman dute zerbitzua, baina bihartik aurrera, modu presentzialean ere eskainiko dute.

Eskabideak aurkezteko zein dokumentuak atxikitzea eskatzen duten gainerako izapideak egiteko eskainiko dute soilik aurrez aurreko arreta, eta aurretiaz hitzordua eskatu beharko da 944 050 100 telefono zenbakira deituta edo udal wegunean ‘Aurretiko hitzordua’ atalean sartuta (gaurtik aurrera eska daiteke hitzordua). Kontsultak egiteko eta informazioa jasotzeko eskaerei telefonoz erantzungo diete, eta horretarako ere, aldez aurretik telefonoz hitzordua eskatu beharko da.

Galdakaoko Esan bulegoa 08:00etatik 14:00etara egongo da zabalik eta Usansolokoa, Txapelena baserrian, 09:00etatik 13:30era. “Nolanahi ere, herritarrei gogorarazten diegu edozein eskaera eta izapide Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin daitekeela. Ohikoa den errolda-bolantea eskatzeko, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua hartzea, aldi baterako eta salbuespenez eska baitaitezke emailez esan@galdakao.net helbide elektronikoaren bidez edo egoitza elektronikoan”, diote Udaletik.

Segurtasun-neurriak

Esan bulegoetara sartzeko beharrezkoa izango da maskara eramatea eta sarreran eskuak garbitzea. Bulegoetara pertsona bakarra sartu ahal izango da, mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko izan ezik, eta barruan bi metroko distantzia gorde beharko da pertsonako. Sintomak dituzten herritarrak telefonoz artatuko dituzte.

“Izapide bat baino gehiago egin behar bada, elkarren segidako hitzordu bat baino gehiago eskatzea gomendatzen dugu”, diote Udaletik: “Garrantzitsua da izapiderako behar den dokumentazio guztia eramatea. Horretarako telefonoz behar diren ereduak eta informazioa eskatu ahal izango da”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak