Sareak

☉ Galdakao

Kirol udalekuak antolatuko dituzte Galdakaon eta Usansolon, apirilaren 11tik 22ra

|

// Geuria

Kirol udalekuak antolatuko dituzte Galdakaon, apirilaren 11tik 22ra, 5 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta. Bi txanda izango dira: apirilaren 11tik 13ra eta apirilaren 19tik 22ra. Jarduerak Unkinako eta Urretako kiroldegietan izango dira, 09:00etatik 14:00etara. Era berean, 08:30etik 09:00etara eta 14:00etatik 14:30era bitartean haurtzain zerbitzua egongo da indarrean.

Apirilaren 11tik 13ra bitarteko prezioa 42 eurokoa da abonatuentzat eta 50 euro ez abonatuentzat. Eta, apirilaren 19tik 22ra bitartean abonatuek 56 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez abonauen 67,20 euro.

Aste Santuko Kirol udalekuetan izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Interesdunek Urreta eta Unkina kiroldegietan eman dezakete izena.

☉ Galdakao

Usansoloko Udalak 4 milioi euro ordainduko dizkio urtero Galdakaori zerbitzuengatik datozen bi urteetan

|

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur Usansoloko eta Galdakaoko udalek datozen bi urteetarako zerbitzuak bermatzeko // Geuria

Galdakaoko eta Usansoloko udalen arteko lankidetza-hitzarmena onartu zuen Galdakaoko udalbatzak apirileko osoko bilkuran. Eta, gaur, maiatzak 3, hitzarmen hori sinatu dute Txapelena baserrian, Usansolon.

Akordioa 2024. eta 2025. urteetan indarrean egongo da, eta 2026ko martxoaren 31n amaituko da (urte naturaleko diru kontuak garai horretan argitzen direlako).

Hitzarmenaren oinarria da zerbitzu publikoak mantentzen jarraitzea Usansolon: “Akordio honek egonkortasuna eta segurtasuna ematen digu Usansolon orain arte genituen zerbitzuak mantentzeko”, dio Agustin Aizpuru Usansoloko alkateak.

“Uste dugu hitzarmenarekin egonkortasuna bermatuko dugula bi udaletan, eta zerbitzu garrantzitsu batzuk ematen jarraituko dugu”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Zerbitzu horiek dira: kale garbiketa, eraikin publikoen garbiketa, emakumeen ahalduntze eskolak eta olio bilketa. 

Halaber, larrialdiko laguntzak ematea, lokalen irekiera, hirigintza lizentziak edo espazio publikoen erabilera ukatzea edo baimentzea ere jasotzen du hitzarmenak.

Indarrean dauden kontratuen zenbatekoa kuantifikatu dute, eta Usansoloko Udalak horiengatik 3,5 milioi euro ordainduko dizkio Galdakaoko Udalari urtero, 2024. eta 2025. urte amaieran, “urtero dagokion likidazioa egin ostean”.

Era berean, Galdakaoko Udalak bere pertsonal teknikoa Usansoloren esku jarriko duenez, kuantifikatu dute 500.000 euro ordaindu behar dizkiola urte amaieran (2024an eta 2025ean) Usansolok Galdakaoko Udalari. Hau da, guztira, 4 milioi euro ordainduko dizkio Usansolok Galdakaori datozen bi urteetan.

2025. urtea amaitu eta lankidetza hitzarmena iraungitzen denean, berriro aztertuko dute egoera bi udalek. “Ordurako herri bakoitzak bere kontratu propioak izango ditu gehien gehienean, baina litekeena da hiruzpalau kontratu komunek indarrean jarraitzea. Hala bada, horiek eten edo iraungi arte mantendu erabakiko da, zerbitzu guztiak eskualdatu arte eta Usansolok erabateko autonomia izan arte”, dio Hernandok.

Usansoloko aurrekontua

Usansoloko Udalak apirileko osoko bilkuran onartu zuen aurtengo aurrekontua: guztira 7,9 milioi euro. Usansoloko Udalak, beste edozein udal moduan, diru sarrerak ditu alde batetik Udalkutxatik, eta bestetik, Galdakaoko Udaleko gerakinaren zati bat ere jasoko du.

“Gerakina banatu egingo da Galdakao eta Usansolo artean, biztanleriaren arabera. Batzar Nagusietan adostu bezala, segregazioa egikaritu zen egunean Galdakaon zegoen gerakinaren zati proportzionala eman behar dio Galdakaok Usansolori; hau da, % 15 gutxi gorabehera, biztanlerian oinarrituta”, dio Hernandok, eta gaineratu du: “Uste dugu 4 eta 5 milioi euro artekoa izango dela”.

“Edozein kasutan, kalkuluak egiten ari da oraindik, ez delako erraza jakitea juxtu segregazio egunean zenbat diru zegoen Galdakaoko Udalean, normalean gerakina abenduaren 31n kalkulatzen baita. Beraz, udal langileak orain ari dira zenbaki guztiak banan bana begiratzen, banaketa behar bezalakoa izan dadin. Akordioan onartu bezala, 12 hilabete izango dira gerakinaren transmisioa egiteko”, dio.

Usansoloko Udalak 2 milioi euro bideratuko ditu inbertsioetara. “Bi inbertsio nagusi aurreikusten ditugu: alde batetik, lokal bat erosi nahi dugu Udalarentzako, eta bestetik, funtzio anitzeko nabe bat erosi nahi dugu, obretarako eta zerbitzuetarako, biltegi bezala eta ibilgailuen gordailu bezala. Ibilgailuen gordailua da poliziak eskatu digun baldintzetako bat”, dio Aizpuruk. Era berean, Usansoloko udaletxea izango den eraikina ere eraiki nahi dute.

Ertzaintzarekin akordioa

Segurtasunari dagokionez, Galdakaoko Udaltzaingoak ez du jada zerbitzu ematen Usansolon, baina bai ordea Ertzaintzak. “Momentuz Ertzaintzarekin dugu akordioa eta horrela segurtasuna bermatuta dago herrian”, dio Aizpuruk.

“Etorkizunean Udaltzaingo propioa izatea da asmoa”, dio Aizpuruk: “Hiruzpalau agente izango ditugu”.

Bestetik, Usansoloko Udalak 25 udal langile izatea jasotzen du hasierako memoriak. Momentu honetan Usansolok ez du udal langilerik: “Usansolon momentu honetan lanean dauden lau udal langile Galdakaokoak dira: eskolako atezaina, Txapelenako atezaina, Esan bulegoko langilea eta liburutegiko arduraduna”, dio Aizpuruk.

“Bi lanpostu berri sortu nahi ditugu: udaletxeko idazkaria eta administrari bat”, dio Aizpuruk, eta gaineratu du: “Ez dakigu 25 udal langilera helduko garen, baina epe laburrean 21 izatea aurreikusten dugu”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Galdakaoko XII. Gazte Egunaren atarian batu gara Maria Casillasekin eta Aitor Ibarrondorekin

|

Maiatzaren 4an, larunbatez, Gazte Eguna izango da Galdakaon. Aurten 12. edizioa da eta hamaika jarduera antolatu dituzte goizetik gaueko ordu txikiak arte: zelai errea txapelketa, paella lehiaketa, herri bazkaria, elektrotxaranga eta kontzertuak antolatu dituzte.

Maria Casillas eta Aitor Ibarrondo Galdakaoko Gazte Eguneko antolatzaileetako birekin batu gara “egun handiaren” atarian.

Egitaraua / Galdakaoko XII. Gazte Eguna

Maiatzak 4, larunbata
11:30 Zelai errea frontoian
14:00 Paella lehiaketa
15:00 Bazkari herrikoia
16:00 Bazkalostea: Akëer
18:00 GOTx Elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak Kurtzeko plazan: Armosu + Katu + Eire + Zazpizar erromeria

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Euskararen erabileran eragiteko Guraso Eskola martxan jarriko dute Galdakaon

|

Euskararen Egun bat, Galdakaon // Artxiboko irudia

Familia giroan euskararen erabileran eragiteko ikastaroa antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Topaguneak.

Guraso Eskola programa guraso euskaldunei dago zuzenduta eta guztira hiru saio antolatu dituzte. Lehenengo saioa (maiatzak 7) ahalduntzea eta pedagogiari buruzkoa izango da eta honako galderei erantzutera bideratuta egongo da: ‘Zer rol jokatzen dugu guraso euskaldunok? Nola eragin gure inguruan?’; bigarren saioan (maiatzak 14) ‘Nola eragin dezakegu?’ goiburuarekin, hausnarketa hauek egingo dituzte: ‘Nolako egitasmoak antolatu ditzakegu? Nola eragin jende gehiagorengan?’; eta azkenengo saioan (maiatzak 21) ‘Zer egingo dugu?’ galdera aurkeztuko dute.

Saioak Torrezabal Kultur Etxeko lehenengo solairuko 2. gelan izango dira, 17:30etik 19:00etara. Saioak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar dute interesdunek apirilaren 30a baino lehen esteka honen bidez.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Pontzi Zabala kaleko bi arrapala mekaniko berriak martxan izango dira urte amaieran

|

Pontzi Zabala kaleko lehenengo arrapala mekanikoa iaz jarri zuen Udalak // Geuria

Pontzi Zabala kalean beste bi arrapala mekaniko jartzen ari da Galdakaoko Udala. Obrak apirilaren 15ean hasi zituzten eta aurreikuspenen arabera, zortzi hilabeteko lanen ostean, urte amaierarako martxan egongo dira.

Bi arrapala mekaniko berriak Zabalearaino iritsiko dira eta martxan dagoenaren modukoak izango dira: bi norabidekoak, igotzekoa zein jaistekoa, eta estalita egongo dira.

Udalak 1,9 milioi euro bideratuko ditu obra honetara. Lehenengo arrapala mekanikoa iaz jarri zuen Udalak eta inbertsioa 1,2 milioi eurokoa izan zen.

Trafikoan eragina

Obrak eragina izango du trafikoan. Hain zuzen ere, lanen gunean aparkatzea debekatuta egongo da eta ibilgailuek ezingo dute Zabaleatik behera jaitsi: “Norabide bakarrekoa izango da errepide hori lanek iraun bitartean, gorantzakoa”, diote udal ordezkariek.

Pontzi Zabala 9ko eta Zabalea 12ko garajeetara doazenei soilik baimenduko diete Zabaleatik sartzea.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Boikot, Talco, Chill Mafia, Bulego, Mafalda, J Martina… zein talde ikusi nahi dituzu Galdakaoko jaietan?

|

Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko bozketa fasea zabaldik dago maiatzaren 8ra arte // Galdakaoko Udala

Irailaren 13tik 22ra bitartean izango dira Galdakaoko jaiak, eta dagoeneko jai egitaraua zehazten ari da Jai Batzordea.

Kontzertuei dagokionez, horiek aukeratzeko prozesu parte-hartzailea zabaldu zuen martxoan Udalak. Herritarrek guztira 460 proposamen egin dituzte, eta apirilaren 22ko Jai Batzordearen bileran erabaki zuten zein proposamen pasatu diren bozketa fasera.

Hauek dira bozketa fasera igaro diren taldeak:

Irailak 13, ostirala
– Boikot
– Talco
– Mago de Oz
– Kaotiko

Irailak 14, larunbata
– Chill Mafia
– Su Ta Gar
– Oxabi
– Bulego

Irailak 20, ostirala
– Mafalda
– Tremenda Jauría

Irailak 21, larunbata
– Nogen
– J Martina
– Zea Mays

Taldeak erabakitzeko bozketa fasea maiatzaren 8ra bitartean dago zabalik. Galdakaon erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko aukera.

Pertsona bakoitzak egun bakoitzeko talde bakarraren aldeko botoa emango du erabaki.galdakao.eus udal plataformaren bitartez edo Torrezabalen, Aperribaiko Liburutegian, Urreta kiroldegian eta udaletxean jarri dituzten hautestontzien bitartez. Bozketaren emaitza maiatzaren 15etik aurrera emango du jakitera Udalak.

Osorik irakurri