→Galdakao

Hautetsontziak ‘babes pantaila’ bezala ari dira ospitalean erabiltzen osasun langileak babesteko

Galdakaoko Udalak hautetsontziak utzi ditu Galdakao-Usansolo Ospitalearen eskura, osasun langileek ‘babes pantaila’ bezala erabil ditzaten.

hautetsontzien bitartez, gaixoaren burua inguratzen dute eta horrek birusak zabaltzea eragozten du // Argazkia: Galdakaoko Udala

Hautetsontziak ‘babes pantaila’ bezala ari dira Galdakao-Usansolo Ospitalean erabiltzen, osasun langileak babesteko eta ez kutsatzeko neurri gisa, baita birusaren hedapena gutxitzeko asmoz. Covid-19ak jota egoerarik larrienean dauden gaixoak artatzeak berekin dakarren kutsatze arriskua gutxitzea da hautetsontzien helburua. Izan ere, larrien dauden gaixoak birus gehien dituztenak dira, eta horrek areagotu egiten du osasun langileak zein ospitaleko gelak kutsatzeko arriskua.

Ospitaleko langileek eurek izan zuten hautetsontziak erabiltzeko ideia, “babeserako neurri eskasiak bultzaturik”, eta Galdakaoko Udalarekin jarri ziren harremanetan hautetsontziekin frogak egin ahal izateko. Orduan, Udalak eskaera onartu eta pare bat hautetsontzi utzi ditu ospitalaren esku, ‘babes pantaila’ gisa erabil ditzaten. Ospitaleko medikuek Udalari adierazi diotenez, froga funtzionatzen ari da eta momentuz nahikoa dute utzi dizkieten hautetsontziekin.  

Larrien dauden pazienteekin ari dira neurri hau burutzen: arnasketan laguntzeko hodiak jarri behar dizkiete eztarrian -gaixoa lokartu ondoren-, eta hautetsontzien bitartez, gaixoaren burua inguratzen dute eta horrek birusak zabaltzea eragozten du, osasun langileak eta ospitaleko gelak ez kutsatzeko bermearekin. Hautetsontziei botopaperak sartzen diren goiko estalkia kendu eta albo batean bi zulo egin dituzte, horietatik pazientea artatzeko. Hautetsontzia gaixoaren buruan jarrita, pazientearen ahotik medikuaren aurpegira bitartean babes pantaila eraginkor bat jartzen da. Birusak sendagileri igortzea zein gelara zabaltzea oztopatzen dute metakrilatozko hesiek, kutxan itsatsita geratzen baitira gehienak. Ondoren garbitu egiten dituzte hautetsontziak, berriro erabiltzeko.

Metrakilatozko kutxa handiagoak

Osasun langileak sistema horretaz harro daude, baina Udalari adierazi diote kutxa handiagoekin lana askoz errazagoa izango litzatekeela. Zentzu horretan, metakrilatezko hautetsontzi handiagorik balego, Galdakaoko Udalarekin harremanetan jartzea eskatu dute udal ordezkariek, “guztion artean denon osasuna babesten lagun dezagun”, diote. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak