→Galdakao

Bideoa | Osasun publikoaren aldeko mobilizazioa egin dute pentsionistek Galdakao-Usansolo Ospitalean

Osasun publikoaren aldeko martxa egin du Pentsionisten Mugimenduak Galdakaoko udaletxetik Usansoloko Ospitaleraino. Bertan, osasun arloko zenbait langile batu zaizkie kontzentraziora. Besteak beste, “Osasun publikoa, doakoa eta unibertsala”, “Zerbitzu publikoak zerbitzuak dira, ez negozioak”, “Hezkuntza, osasuna, pentsioak, egoitzak, zerbitzu publikoak dira, ez negozioak”, edota “Bizitza duina izateko eskubidea” bezalako kartelak azaldu dituzte kontzentrazioan dozenaka lagunek.

Ospitaleko sarrera nagusiaren aurrean kontzentrazioa egin ondoren, martxa laburra egin dute Larrialdi zerbitzuak dauden tokira arte, eta ondoren, Pentsionisten Mugimenduko kideek adierazpena irakurri dute: “Aste hauetan, osasun unibertsalerako eskubide bermatzeak duen berebiziko garrantziaz jabetu gara. Badakigu eskubide hau osasun publikoak soilik berma dezakeela, eta bermatzen duela. Badakigu murrizketek eta erabaki politikoek zer muga eta gabezia eragin dituzten lanpostuetan. Horregatik, orain, faserik premiazkoena gainditu ondoren, eta etorkizunari begira, osasun publikoaren aldeko apustua berretsi nahi dugu. Osasun publikoa behar dugu. Doakoa eta unibertsala. Murrizketarik edota pribatizaziorik gabeko osasuna”, aldarrikatu dute pentsionistek.

Datorren astelehenean, uztailak 13, 12:00etan egingo dute kontzentrazioa pentsionistek Galdakaoko udaletxearen aurrean. Egun horretan erabakiko dute udan kontzentrazioekin jarraitu edo irailera arte etenaldia egin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak