→Galdakao

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileak greban daude “soldata diskriminazioaren” kontra

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileen mobilizazioetako bat // Argazkia: ELA Osakidetza

Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek greba hasi dute berriro. Arrazoia: “Osakidetzak uko egiten diola Galdakao-Usansoloko eta Gasteizko zentroetako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen soldatak parekatzea negoziatzeari”, diote sindikatuek. Hori dela eta, ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuek lau eguneko greba deitu dute: atzo, apirilak 19, hasita, hilaren 22ra arte.

Zentro horretako langileek, gainerako osasun-langileekin soldatak parekatzeko eta gainerako langileek kobratzen duten % 4ko osagarria ordaintzeko eskatu dute, zentroko langileek jasaten duten “diskriminazioa” ezabatzeko.

Atzo bertan manifestazioa egin zuten 07:00etan Galdakao-Usansoloko Ospitalean eta inguruetan, jasaten duten diskriminazioaren amaiera eskatzeko eta Osakidetzari negoziatzeko benetako borondatea ager dezala eskatzeko. Atzoko greba egunak “jarraipen zabala” izan zuela adierazi dute sindikatuek. Jarraipena % 86 baino gehiagokoa izan da laborategiko teknikarien kategorian sindikatuek azpimarratu dutenez, gehiengoa Transfusio eta Giza Ehunen Zentroan.

Greba eskubidea, urratuta

Sindikatuek adierazi dutenez, greba eskubidea urratu die Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Zuzendaritzak. Izan ere, greban dauden langileak ordezkatzea agindu duela salatu dute sindikatuek: “Horrek agerian uzten du zentroa eta Osakidetza grebaren eragina minimizatzeko ahaleginetan ari direla”, diote.

Kexu dira Osakidetza ez dagoelako prest langileen aldarrikapenei erantzuteko: “Mahai Sektorialak apirilaren 1ean egin zuen bileran, erakunde publikoak are gehiago sakondu zuen zentroko plantillaren diskriminazioan. Izan ere, bertan adierazi zuen ez dela lehentasunezko gastua, eta langile horiek ez dutela funtzio espezializaturik egiten. Eta hori ez dator bat errealitatearekin; izan ere, langile horiek arreta espezializatua ematen dute sareko beste zentro batzuekin koordinatuta, eta, besteak beste, EAEko ama esnearen bankua kudeatzen dute”, diote sindikatuek: “Bitartean, egun bat lehenago, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen 2021ean 600 milioi euro aurreztu zituela. Argi dago, beraz, Eusko Jaurlaritzak ez duela lehentasunik osasunean inbertitzeko”.

Iaz hasi ziren mobilizazioekin Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileak: “Nahitaezkoa da gogoraraztea 2021eko apirilean, urte horren hasieran deitu genituen mobilizazioen aurrean, Osakidetzak gatazka konpontzeko proposamena jarri zuela mahai gainean; proposamen hori hurrengo hilabeteetan aldebakarrez kendu zuen mahai sektorialetik, eta Osakidetzak uko egin dio horri buruz denbora guzti honetan hitz egiteari. Gertakari horiek agerian uzten dute honakoa: Osakidetzak ez duela soldata parekatzea negoziatzeko borondaterik, ez eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen lan baldintzak hobetzeko borondaterik; eta Osakidetzak kolektibo horrek jasaten duen diskriminazioa betikotzeko duen borondatea, izan ere, TGEZ kolektiboarentzako eskatzen baitugu % 4ko osagarriaren ekiparazioa, zentro berean lan egiten duten lankideek jasotzen duten eskubide berarekin”. 2021eko abenduaren 9an eta 10ean bi greba egun deitu zituen, eta oraingoan lau greba egun deitu dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak