→Galdakao

Uxue Ibañez: «Urak babesten nauela sentitzen dut; igeriketa sinkronizatuaren bidez nire burua adierazten dut»

Igeriketa artistikoko Euskal Herriko txapelketan garaile irten ondoren, Sinkro Urbarri klubeko galdakoztar beteranoak bosgarren eta seigarren postuak lortu ditu estatu mailan binakako eta banakako modalitateetan.

Etxebarriko Sinkro Urbarri klubeko sirena dantzarien ahaleginak fruituak eman ditu azken txapelketetan. Uxue Ibáñez Rubio (Galdakao, 2002) da eskualdeko igeriketa artistikoko talde bakarrean denbora gehien daraman kirolaria, eta Euskal Herriko txapelduna da banakako ariketa teknikoan eta binakako modalitatean, azken hau María Abrisqueta igerilariarekin batera. Iaz bikoteak Espainiako lehiaketako finalera iristea lortu zuen, eta aurten, etxeko garaipenaren ondoren, bosgarren postua lortu dute Valladoliden. Galdakoztarrak kluba ezerezetik eraikitzen ikusi du, eta zaletasun hori bere bizimodua bihurtu dela dio. Izan ere, ezin du kirol mundutik deskonektatu. Kirol Hezkuntza Fisikoko goi mailako gradua ikasten eta Basauriko kiroldegi batzuetan praktikak egiten ari da. Orain trebatzen jarraitu nahi du, eta zoriontsu egiten duen horrekin uztartu: igerilekuarekin.

Etxean bueltan zara, Valladoliden asteburu gogorra igaro ondoren.
Ohituta gaude Espainiako lehiaketetara, baina aurten sentsazio gazi-gozoa utzi digu absolutuko kategoriakoei. Guretzat denboraldi honetako Espainiako txapelketa lehena eta bakarra izan da, beste kategorietan hiru izaten diren bitartean. Beraz, batean hain ondo egin ez arren beste batean hobetzeko aukera izaten dugu. Udan talde modalitatean bakarrik lehiatu ahal izango gara, nik egiten ditudan gainerakoak ez direlako txapelketaren plangintzan sartzen. Klubean ez dugu postu jakin batetik gora geratzea bilatzen, baizik eta gure puntuazioa gero eta altuagoa izatea, eta normalean lehen postuetatik gertu egoten gara. Emaitzei begira Portugaleteko igerilariak izaten ditugu hurbilen, eta elkar ezagutzen dugunez, animatu egiten gara. Ez dago lehiakortasun toxikorik.

Bidaia honetan baja pare bat izan ditugu. Valladolidera joan aurretik Ane Murielek, juniorretako taldekide batek, orkatila bihurritu zuen eta azken momentuko aldaketak egin behar izan genituen; txapelketan bertan Ariadnek kolpe bat hartu zuen eta amaitzean uretatik ateratzen lagundu behar izan genion, ezin zuelako hanka lurrean ondo pausatu. Azkenean gurpil-aulkia behar izan zuen mugitzeko. Hala eta guztiz ere, pozik gaude lortutako emaitzekin. Banakako modalitatetik oso sentsazio txarrarekin atera nintzen eta puntuazioak harritu egin ninduen, teknikoan seigarren postua lortuz. Binakako modalitatean, Maria Abrisquetak eta biok bosgarren postua eskuratu genuen, eta uste dut taldeak konfiantza osoa duela gugan. Iaz lehen aldiz kluba estatu mailako final baterako sailkatzea lortu genuen. Une hori itzela izan zen guretzat! Nire ustez, igerilari guztiok gehiago gozatu dugu errutina libreekin teknikoekin baino, baina gutxiago entrenatu genituen, ez genuelako espero heldu ginen lekura iristea.

Uxue Ibañez // Argazkia: Utzitakoa

Aurten ere Euskal Herrian nabarmendu zara. Zorionak!
Txapelketa Portugaleten ospatu zen martxoko lehen asteburuan eta oso talde gutxik parte hartzen dugunez, tentsio handiagoa sentitzen dut. Presio gehiago ezartzen diot neure buruari. Uste dut lehen postu horiek lortzeko gakoa, gogor entrenatzeaz gain, nire bikotekidea ondo ezagutzea eta uretan elkar ulertzea izan dela. Gainera, gertutasun handia sentitzen dugu gure bi entrenatzaileekiko, eta asko laguntzen digute lasaitzen, nahiz eta gu bezain urduri egon. Banakako modalitatean lehiaketa hau irabazten dudan lehen aldia izan da eta bultzada handia izan da niretzat. Azkenean, ahalegin guztiaren isla izan da, eta merezi izan du. Beti hobetu daiteke, baina bide onetik noan seinale da.

Nola hurbildu zinen kirol honetara?
Nik beti gorrotatu izan dut igeriketa. Usansolon ikasi nuen igeri egiten eta nire izeko Etxebarrin bizi denez, San Antonioko jaietan igeriketa sinkronizatuko erakustaldi batera eraman ninduten. Ikusi nuen lehen momentutik argi izan nuen: nik hori egin nahi nuen. Zirrara handia eragin zidan, eta hurrengo denboraldian, zortzi urte nituela, izena ematea erabaki nuen. Oso kirol minoritarioa da, eta uste dut zorte handia izan dudala hain txikitatik erreparatzeagatik eta hain gertu edukitzeagatik. Hau nire hamabigarren urtea da klubean, eta erdia baino gehiago lehiaketa zirkuituan eman dut. Azkar esaten da! Betidanik izan naiz pertsona barnerakoia, eta alderdi artistikorako grina izan arren, inoiz ez dut uretatik kanpo dantzatzeko kemenik izan. Urak babesten nauela sentitzen dut, eta igeriketa sinkronizatua naizen bezala adierazteko bidea bihurtu da. Ingurune honetara ohitu naiz eta eroso sentitzen naiz uretan nagoenean. Kirol hau gabe nire zati bat falta dela sentituko nuke. Txikitatik ibili gara bidaiatzen. Huesca, Zaragoza, Alacant, Benidorm, Madril… Beste kirol batek ematen ez dizkizun esperientzia bereziak dira, eta horrek guztiak honetan jarraitzera bultzatzen nau.

Kirolaren eta artearen artean kokatzen dela esan daiteke.
Guztiz artea da niretzat. Azken finean, adierazteko modu bat da, bai gorputzarekin bai aurpegiarekin, eta zerbait transmititzea bilatzen da. Abesti bat irakurtzeko gure modua erakusten dugu, uraren barruan interpretatuz. Igerilari bezala ere gure ukitu pertsonala ematen diogu eta sortze-prozesuan parte hartzen dugu. Hala ere, kirola izaten jarraitzen du eskatzen duen ahalegin fisiko zein mentalagatik. Beti entzuten da dantza ez dela kirola, eta ez naiz inoiz horrekin ados egon.

Izan ere, igeriketa artistikoa izena hartu du.
Errutina batzuetan onartzen da mugimendu guztiak berdinak ez izatea, eta banakako modalitatean inor ez da inorekin sinkronizatzen, zu bakarrik zaudelako. Nire ustez xehetasun horiengatik erabaki zuten izena aldatzea, egokiagoa izan zedin. Eta aipatu dugun bezala, arte mota bat denez, aukera ona da. Hala ere, zer kirol egiten dugun galdetzen digutenean “sinkro” deitzen jarraitzen dugu. Gizartean zabalduta dagoen terminoa da.

Nola lortzen da sinkronizazio-maila hori igeriketa artistikoan?
Denok dakigu abesti bat nola irakurri, eta normalean, musika entzuten dugun arren, denborak zenbatzen ditugu. Espainia mailan katalanez egiten dugu, zenbakiak laburragoak direlako euskaraz edo gaztelaniaz baino. Entrenatzaileak metalezko makila bat erabiltzen du uraren barruan denborak markatzeko eta kanpotik mugimenduak bere osotasunean nola geratzen diren ikusteko. Igerilarien artean ere konplizitate handia behar da, eta taldekideez aparte, beste hainbat gauza hartu behar ditugu kontuan, hala nola elementu teknikoak, inpresio artistikoa eta zailtasun-maila. Gakoa epaileak liluratzea da. Oso kirol zorrotza da eta erresistentzia asko landu behar da, ez bakarrik fisikoa, baita uretakoa ere. Txikitan nahiko gaizki pasatu dugu apnearekin baina denborarekin kontrolatzen ikasten dugu.

Uxue Ibañez, erdian, Urbarriko taldekideekin batera Bizkaiko txapelketan // Utzitakoa

Etxebarriko kiroldegian baliabide gutxirekin entrenatzea lortzen duzue.
Erabilgarri dugun espazioa nahiko murriztua da, Ganguren igeriketa taldearekin, haurren ikastaroekin eta gainerako bezeroekin partekatu behar dugulako. Entrenatzeko igerileku oso bat edukitzea izaten da normalena, eta guk kale eta erdi hartu ohi dugu. Batzuetan bi kale. Eta baldintza horiekin ere, klubak kategoria guztiak modu ikusgarrian koordinatzea lortzen du, kirol hau praktikatzea posible izan dadin. Denbora baliatzen dugu talde batzuek koreografiak egiten dituzten bitartean beste batzuk kanpoan fisikoa edo malgutasuna lantzen egoteko. Igeriketa sinkronizatuan ere, igerileku osoan zehar mugitzeak puntuatzen du, eta hori entseatzen dugun une bakarra lehiaketa egunean da, entrenamendurako uzten duten ordu erdian. Ahal duguna egiten dugu, eta, hala ere, maila ona mantentzen dugu. Dedikazio handia eskatzen du; astero 15 ordu inguru entrenatzen dugu ordutegia egokituz, eta horren ondorioz, nire denbora hobeto kudeatzen ikasi dut.

Asko hitz egin da Ona Carbonell igerilariak nola uztartu behar izan dituen bere semearen edoskitzea eta lehia olinpikoa. Nola egiten du talka igeriketa artistikoak kirolarien bizitzako beste alderdi batzuekin?
Bakoitzaren borondatearen arabera izaten da. Gogoa eta gaitasuna izan behar dira. Pentsatzen den lehenengo gauza da norbait haurdun geratzen bada ezinezkoa dela igeriketa sinkronizatuan jarraitzea, eta gero ikusten duzu zer egiteko gai izan den Ona Carbonell eta eskema guztiak hausten ditu. 2020an, erditu eta hilabete gutxira, Tokyoko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Azkenean, bere indar guztiak atera ditu maite duen horretan jarraitzeko, eta eredu bihurtu da emakume askorentzat. Mundu osoan jakin da, dokumental bat ere egin dute, eta oso positiboa izan da, berari esker ez baita bakarra izango. Izan ere, igerilari errusiar batek berdin egin du. Amatasuna kirolean tabu bat da eta izaten jarraituko du denbora luzez, ez delako ikusi nahi. Baina egoera hauek gertatzen dira, eta agerian utziz ziur nago panoramak hobera egingo duela.

Oso zaila da kirol mota hau bizimodu normal batekin uztartzea. Askotan esan didate ez dudala bizitza sozialik, eta egia da. Jende askok entrenatzeko, ikasteko eta lagunekin irteteko gaitasuna du. Nire kasuan, denbora badut, baina sekulako higadura fisiko eta mentalarekin amaitzen dut, eta etxetik ia irteten ez nintzen denboraldi bat izan nuen. Ez nuen gogorik eta uste dut hori dela alderdirik txarrena. Pare bat aldiz pentsatu izan dut igeriketa sinkronizatua uztea, baina ez dut nire bizitza hori gabe imajinatzen. Pisu handiegia du niretzat, ikasketek baino gehiago, eta ez luke horrela izan behar. Hala ere, ez naiz damutzen. Nire amaren arabera, batxilergoko ikasturtean irribarrea galdu nuen, eta igeriketa sinkronizatua zen itzultzen zidan bakarra. Nire ihesbidea da, eta beharrezkoa dut. Entrenatzen ez dudan egunak ez dira hain emankorrak. Bizitza erritmo honetara ohitu naiz, eta ezin dut utzi. Ezta nahi ere. Errutina bat bihurtu da, baina nire gustuko errutina.

Zer da Sinkro Urbarri Kluba zuretzat gaur egun?
Bigarren familia bat. Adiskidetasun erlazio oso sendoak eraiki ditugu, eta ahizpatasun sentimendua eragin du gugan. Denbora honetan guztian jende asko ikusi dut klubetik pasatzen eta nola mantendu den harreman osasuntsu bat. Eta hori talde gehienetan ez da gertatzen. Hunkitu ere egin naiz hainbat alditan lagunak igerilekuan dirdira egiten ikustean. Harrotasun handia sentitzen dut eta luzaroan jarraitu nahi dut honen parte izaten, igeri egiten edo entrenatzaile gisa. Nire buruaren zati batek hemen egoteko eskatzen dit. Egungo entrenatzailearekin, Yaizarekin, nabari da kluba gehiago batzea lortu duela. Maila handiko talde bat entrenatzetik dator, eta gure esentzia mantentzen eta gauza asko hoberako aldatzen jakin du.

Urbarri klubeko kideak lehiatzen // Utzitakoa

Zuen taldea emakumeek bakarrik osatzen duzue. Zergatik uste duzu ez direla mutilak parte hartzera animatzen?
Horrek asko tristatzen gaitu. Aspaldian baziren mutilak gure klubean. Duela urte asko Ibon izeneko mutil bat egon zen, eta Kanarietara bizitzera joan zelako utzi zuen. Han igeriketa sinkronizatuarekin jarraitu du beste klub batean, eta Espainiako txapelketetan ikusi dugu. Bera hemen hezi zen, eta berarekin batera beste mutil bat bakarrik lehiatzen denez, podiuma lortzen du beti. Etxebarriko Beltran izeneko beste mutil bat ere gurekin egon zen pare bat urtez, baina azkenean utzi egin zuen, ziurrenik kirol honek eskatzen dituen orduengatik. Mutilen baldintzak ez dira guztiz berdinak. Uste dut bakarrik talde-modalitate bakarra, bikote mistoa eta banako maskulinoa egin dezaketela. Gainerako kiroletan bezala, generoen arteko bereizketa dago oraindik. Hala ere, pixkanaka aldatzen ari dela uste dut, lehiaketetan gehiago nahasten eta banaketa horiek lausotzen saiatzen ari direlako. Igeriketa sinkronizatuak hain ikusgarritasun gutxi duenez, pena da neska-mutil gehiago ez animatzea. Oharkabean pasatzen da. Garrantzi gutxiago duela dirudi, eta horregatik gazteek ez diote erreparatzen, begi-bistan erakargarria bada ere. Egun hauetan master class batzuk egiten aritu dira klubean, jendeak zer den ikus dezan eta haur gehiago anima daitezen kirol hau praktikatzera.

Eliteko kirolaria izatearekin amesten duzu?
Kirol honetan asko nabarmendu behar duzu urrutira iristeko, oso zaila da. Baina ez nuen uste estatu mailan bosgarren eta seigarren postuetan geratzeko gai izango nintzenik, eta lortu egin dut. Etengabe gure burua gainditzean datza. Inoiz ez dugu pentsatu beste inor baino hobeak izan behar dugunik. Beti izan ditugu oinak lurrean. Momentuaz gozatzea da garrantzitsuena. Izan ere, ondo ateratzen zaizu gozatzen duzun moduagatik. Gure klubeko ama epaile batek beti gauza bera esaten dit: “Eskerrak ematen ditut zu igerian ikusteagatik”. Eta nik gauza bera sentitzen dut nire kideekin. Gozamenetik dator magia. Ez ditut helburu zehatz batzuk finkatu nahi, lortzen ez baditut zapuztu egingo naizelako. Nahiago dut orainean pentsatu, ikasketekin jarraitu eta etorkizunean nire lanaren bidez jendeari kirolarekiko sentitzen dudan pasioa kutsatu. Eta ahal den neurrian igeriketa sinkronizatuarekin uztartzen jarraitu, nola ez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak