→Galdakao

‘Agur Etxebeste’, ‘Parasitos’ eta ‘Yesterday’ filmak proiektatuko dituzte Urretako jolastokian, Galdakaon

‘Galdakao Uda 2020’ kultur egitaraua antolatu du Udalak uztailean eta abuztuan zehar, adin guztietako herritarrentzat. Besteak beste, hamar film proiektatuko dituzte kalean.

Hamar film proiektatuko dituzte, uztailaren 16tik abuztuaren 13ra bitartean // Argazkiak: Agur Etxebeste/Parasitos/Yesterday

‘Galdakao Uda 2020’ kultur egitaraua antolatu du Udalak uztailean eta abuztuan zehar, adin guztietako herritarrentzat. Besteak beste, zinema kalean, jolasen ibilbidea familientzat eta kalejirak izango dira datozen asteetan.

‘Zinema kalean’ ekimena uztailaren 16an, ostegunez, hasiko da eta ostegunero izango da. Urreta ikastetxeko jolastokian jarriko dute aire zabaleko zinema eta film hauek proiektatuko dituzte: ‘Lur eta Amets’ (uztailak 16, 19:00), ‘Parasitos’ (uztailak 16, 22:00), ‘Turuleka olioa’ (uztailak 23, 19:00), ‘Agur Etxebeste’ (uztailak 23, 22:00), ‘Paddinton’ (uztailak 30, 19:00), ‘Ventajas de viajar en tren’ (uztailak 30, 22:00), ‘Boonie Bears’ (abuztuak 6, 19:00), ‘Zombieland: mata y remata’ (abuztuak 6, 22:00), ‘Mr. Link: Jatorri galdua (Missing Link)’ (abuztuak 13, 19:00), eta ‘Yesterday’ (abuztuak 13, 22:00).

Ateak filma hasi baino 30 minutu aurretik zabalduko dituzte. Edukiera mugatua izango da eta derrigorrezkoa izango da maskara jantzita eramatea.

Jolasak eta kalejirak

‘Zinema kalean’ ekimenaz gain, Galdakaoko Udalak beste bi jarduera antolatu ditu udan zehar. Alde batetik, uztailaren 17an ‘Jolasen ibilbidea’ aurkeztuko dute 18:00etan Kurtzeko plazan. Familiarekin edo lagunekin jolasteko ekimena da eta helburua da Galdakao ezagutzea. Guztira 15 jolas izango dira eta ekimen guztiak islatzen duen kartelean QR baten bitartez deskargatu ahal izango dira.

Bestetik, uztailaren 17tik abuztuaren 16ra bitartean, ostiraletan eta igandetan, kalejirak antolatuko dituzte herriko txistulari, dultzainero eta trikitilariekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak