→Galdakao

Zizparen 25. urteurrena ospatzeko “jaialdi handi” bat antolatuko dute urrian Galdakaon

Zizparen logo berria eta zizpakide batzuk Galdakaoko jaietako 2019ko Playback lehiaketan // Geuria

Galdakaoko Zizpa Gazte Konpartsak 25 urte beteko ditu aurten. “Egunero ez dira hogeita bost urte betetzen eta horregatik, ospatzeko garaia da. Hilabete hauetan zehar, hilabete bakoitzean lantzeko gai ezberdin bat aukeratuko dugu eta herriarentzako eskaintza bat egin beste eragile batzuekin batera. Urtarrilean, presoen aldeko eskaintzatik hasita, Zizparen omenez antolatutako jaialdi handira arte urrian”, diote Zizpatik.

“Belaunaldiak aldatuz doaz, baina aldaketa hauetan, ez gara abiapuntutik hasten. Gure aurrekoen lekukoa hartu eta herria pizten jarraitzen dugu urtez urte. Herria alaitzen, bertan ez ditugunei elkartasuna adierazten eta errebeldiaz jokatzen”, adierazi zuten atzo egin zuten aurkezpenean, eta gaineratu dute: “Hainbat belaunaldik hartu izan dute beraien eskuetan Zizparen testigua, baina testigua eman dugunok, ez dugu gazte konpartsa gure sentitzeari utzi. Aurten Zizpak hogeita bost urte beteko ditu. Borrokaz eta konpromisoz, baita jai giroz betetako hogeita bost urte ere. Arin esaten da gazte konpartsak hogeita bost urte bete dituela, baina honek bertatik igaro izan garen hainbat eta hainbat galdakoztarren esfortzua baino gehiago du atzean, maitasuna eta herrigintza ditu oinarri”.

Logo berria

Zizparen 25. urteurrenari hasiera emateko logo berria ere aurkeztu dute. Logo lehiaketa jarri zuten martxan abendua eta urtarrila bitartean, eta aukeratutako irudiaren berri eman dute: “Urte berria, logo berria eta dinamika berria ditugu aurrean. Aldaketa garaian, ezinbestekoa da belaunaldi berriak gurera batzea eta gazteon esentzia den errebeldiaz herria astintzen jarraitzea. Nola ez, dinamika hau ez dugu zizpakide berriengana bakarrik zuzenduko. Zizpa egin duten, egiten duten eta egingo duten guztientzako dinamika da.

Zizparen logo berria ere aurkeztu dute // Zizpa

“Hogeita bost urtetan, asko dira gurera gerturatu izan diren galdakoztarrak. Baita herriko jaietan gure frogak ohitura lez hartu izan dituzten kuadrilak ere. Badaude mozorro lehiaketa ezinbestekotzat hartzen duten hainbat eta hainbat familia. Gazte zein heldu, herritar asko gara gure bihotzetan Zizpa dugunok. Urteurren hau, pertsona hauentzat guztientzat da ere. Gora Galdakaoko gazteria errebeldea! Gora Zizpa!”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak