→Galdakao

Zuhatzu auzoa eraldatuko du Udalak, URAk Ibaizabal ibaia hobetzeko lanak hasi ondoren

Ibaizabal ibaiko hustubidea hobetzeko lanak hasiko ditu URAk abenduan, Bengoetxe eta Plazakoetxe artean. Ondoren Udalak Zuhatzu eraldatzeari ekingo dio

Zuhatzu auzoak aldaketa nabarmena izango du datozen hilabeteetan // Argazkia: Galdakaoko Udala

URA Euskal Agentziak Ibaizabal ibaia bideratzeko lanen hirugarren faseari ekingo dio abendutik aurrera. Hala jakinarazi du Galdakaoko Udalak. Esku-hartzea Arkotxako Firestone ingurutik Plazakoetxe ondorengo Torrezabal zubirainoko tartean izango da. Uraren joan etorriari leku gehiago emanda uholde arriskua desagerraraziko dute lanek. “Ibaia bideratu ondoren, Zuhatzun askotan gertatu diren uholdeak saihesteaz gain, auzokideek eta, oro har, galdakoztarrek aisialdirako gune bat izango dute, Udalak pasealeku berria osatuko baitu”, diote udal ordezkariek: “Ibaiaren berbideratzetik etorriko da inguru atseginago batean bizitzea, eta beraz, auzokideen bizi kalitatea hobetuko da”. Hain zuzen ere, Zuhatzu auzoak aldaketa nabarmena izango du datozen hilabeteetan. Ibaizabal ibaia bideratzeko lanak hastearekin batera, Udalak hainbat jarduera jarriko ditu abian. Iñigo Hernando alkatearen iritziz, “apustu argia dira mugikortasuna bultzatzeko eta oinezkoak eta motorrik gabeko ibilgailuak erdigunean jartzeko, ingurune askoz ere atseginagoa sortuz”.

Ibaizabal ibaiko bideratze lanez gain, bi esku hartze nagusi proposatu ditu Galdakaoko udal gobernu taldeak. Alde batetik,  biribilgune berri bat egingo dute N-634 errepidean, Plazakoetxera heldu aurretik norabide aldaketa dagoen gunean. “Plazakoetxera heldu beharrik gabe Bilbotik datorren errepide nagusitik Zugutzura zuzenean iristea ahalbidetuko du. Ibaia zeharkatuko duen zubia egingo da hartarako. Saihesbide horrek ibilgailu gutxitzea ekarriko dio Galdakaoko sarrera nagusienetako bati, Plazakoetxeri. Hala, Zugutzuko bizilagunak eta bertako industria enpresetara doazen kamioiak Galdakao erditik igaro gabe iritsi ahalko dira N-634 errepidera”, dio Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak. Lanak “laster” esleituko dituztela diote udal ordezkariek, “datozen hilabeteetan biribilgunea egiteko obrak hasteko”. Beste alde batetik, aipatutako lan horiek baliatuta, Zuhatzu inguru guztia lasaitu eta biziberritzeko beste lan batzuk egitea erabaki du Udalak. Esate baterako, Txomin Egileor kalea norabide bakarreko bihurtuko du: “Horrela, oinezkoek zein bizikletek lekua irabaziko dute. Orain errepide denaren erdia espaloi eta bidegorri bihurtuko da, trafikoa nabarmen lasaituta”, dio Egiraunek: “Bidegorria Plazakoetxetik Zugutzuko Victor Anaia kalera helduko da, eta kale horretan oinezkoek lehentasun osoa izango dute: bertako bizilagunak soilik igaro ahalko dira bertara autoz, eta ezin izango da han aparkatu”. Hala ere, Formica lantegia zenaren inguruan 500 bat ibilgailurentzako aparkalekua eraikitzea aurreikusi dute udal ordezkariek. Gainera, Santa Barbara futbol zelaiko aparkalekua mantenduko dutela diote. “Formica zen inguruko aparkaleku berritik futbol zelaira, tenis zein padel pistetara eta inguruko erresidentzietara berehala helduko da oinez, aparkaleku berria eta Victor Anaia kalea lotuta egongo baitira”, dio Egiraunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak