→Galdakao

Alokairu baxuko 60 etxebizitza Ibarluzen eraikitzeko plan berezia onartu du Galdakaoko udalbatzak

Iberluze eta Zabalea kaleen arteko aparkalekuaren zati batean eraikiko dituzte zuzkidura-bizitokiak // Geuria

Aldi baterako alokairu baxuko 60 etxebizitza Iberluze eta Zabalea kaleen arteko aparkaleku publikoan eraikitzeko plan berezia onartu dute aho batez Galdakaoko udaltalde guztiek azaroko osoko bilkuran. Aparkalekua dagoen zati batean eraikiko dituzte etxebizitzak, ibilgailuen lehenengo bi ilarak hartzen dituen eremuan; gainontzeko eremuak aparkaleku izaten jarraituko duela adierazi zuten iaz udal ordezkariek. “Batez ere emantzipatzeko zailtasunak dituzten gazteei, familia gurasobakar eta irisgarritasun arazoak dituztenei zuzendutako bizitokiak dira, oso alokairu merkean ematen direnak, gehienez bost urterako”, dio Nerea Orozko Udaleko Etxebizitza arloko zinegotziak. Hain zuzen ere, alokairua 150 eta 180 euro artean ordaindu beharko dute etxebizitza soziala hauek lortuko dituztenek, iazko azaroan jakinarazi zuten bezala.

Oraindik ez dago datarik zehatuta eraikuntzari dagokionez, baina zuzkidura-bizitoki horiek —izen hori erabiltzen du Eusko Jaurlaritzak— eraikitzeko proiektua lantzen ari da dagoeneko Galdakaoko Udala. Guztira 7,4 milioi euroko kostua izango du, eta horietatik 2,4 milioi euro Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu diru laguntza bidez. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren zati bat dagoeneko jaso du Udalak: 480.000 euro, alegia. Udalak 5 milioi euro inguru inbertituko ditu proiektu horretan guztira.

Bizitoki horiek eraikitzeko plan berezia aho batez onartu dute, EAJk tramitazioa egiteko modua salatu duen arren: “Etxebizitza hauek eraikitzea interes orokorrekoa da, eta interesgarria da hauek eraikitzea. Horretan denok gaude ados, kontua da zelan egin den eta zein eragin daukan horrek. Nola eman digute diru laguntza bat proiektua bere horretan onartuta izan gabe?”, dio Aintzane Urkiza EAJko zinegotziak. Galdera horri erantzunez, Nerea Orozko Etxebizitza arloko zinegotziak zera dio: “Diru laguntza hori gabe ziuraski agian ezingo genukeela aurrera egin proiektuarekin”. 

Aldi baterako alokairu baxuko 60 etxebizitzen plan berezia onartuta, hurrengo urratsak dira: proiektua bera lizitaziora ateratzea, idazketa egitea, obraren lehiaketa publikoa publikatzea eta azkenik etxebizitzak eraikitzea. Lehen aldia izango da Galdakaon etxebizitza ikuspegi sozialetik eta alokairu merkean kudeatuko dena. Etxebizitza mota hauek dagoeneko eraikitzen ari dira Hego Uribe eskualdean, adibidez, Basauriko San Migel auzoan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak