→Galdakao

Gorosibain eraiki nahi duten EEH lantegiaren kontrako kotxe karabana egingo dute larunbatean

Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) lantegi bat eraiki nahi du Moyua enpresak Gorosibain, Usansolon. Horren aurrean RCD Hemen EZ! herri plataformak zenbat ekintza antolatu ditu.

Maderas Basañez enpresa zenaren lursailean eraiki nahi dute EHH lantegia, Gorosibain // Geuria

Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) lantegi bat eraiki nahi du Moyua enpresak Gorosibain, Usansolon. Horren aurrean RCD Hemen EZ! herri plataformak zenbat ekintza antolatu ditu. Esate baterako, apirilaren 10ean, larunbatez, EHH lantegiaren kontrako kotxe karabana antolatu dute 12:30ean Meatzetako aparkalekutik: “EEH planta geldiaraztea eskatzen dugu”, diote.

“Lantegi mota honek sekulako kutsadura sortzen du inguruan, hala nola, zarata, hautsa, errekuntza-gas piloa, lokatza edota kamioi handien trafikoa. Kamioi-bidaia bat 5 minuturo, 25.344 kamioi-bidaia urtean, Gorosibaiko erdigunean zehar. Gainera, galdaketa-sarra birziklatuko lukete, gaixotasun larriak sor ditzaketen metal astunak dituena. Plantaren eragina nabarmen jasango genuke Usansoloko, Ospitaleko eta Bediako bizilagunok”, diote RCD Hemen EZ! herri plataformatik. Plataforma hori hainbat auzotarren sortu dute, “Gorosibaiko Auzo Elkarteak sortu duen lan izugarria beste talde batzuek sortutakoarekin uztartzeko eta denok ildo beretik lan egiteko”, diote.

1.200 atxikimendu baino gehiago

Gorosibain eraiki nahi duten EHH lantegiaren kontra egiteko RCD Hemen EZ! herri plataformak sinadura bilketa egin du online. “Orain arte, 1.291 pertsonak eta 16 elkartek egin dute EHH plantaren kontra”, diote. Besteak beste, RCD Hemen EZ! herri plataformak idatzitako manifestuarekin bat egin dute hurrengo elkarteek: Antikapitalistak (Ezker Alternatiboa), Mirari Emakume Taldea, Burtotza Mendi Taldea, UFS Usansolo, Usansolo Herria, Galdakaoko EH Bildu, Gorosibaiko Auzo Elkartea, Hotel Rural Bedia, Lamintxu Gazte Asanblada, U113 Triatloi Taldea, Ujaba Usansoloko Jai Batzordea, Usansoloko Esku Pilota Taldea, Usansolo Gure Herria Athletic Peña, Usansoloko Apario Euskara Taldea, Usansoloko Laguntza Elkartea eta Usansoloko Txoribeltz Saskibaloi Kirol Elkartea.

“Gure bizi-kalitatea eta osasuna jokoan daude. Zure laguntza ezinbestekoa da, eta agirirarekin ados bazaude, bete hurrengo formularioa: https://forms.gle/49TPuNcQamdCUqzt9“, diote RCD Hemen EZ! herri plataformatik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak