→Galdakao

Gorosibaiko EEH lantegiaren kontra azaldu dira Galdakaoko talde politiko guztiak

Galdakaoko Udalak adierazpen instituzioanala egin, eta “bere eskumenen esparruan eta lege esparruaren barruan”, hiru konpromiso hartu ditu.

EEH lantegiaren kontrako kartelak Gorosibain // Geuria

Atzo bertan Galdakaoko Udalak Gorosibaiko Eraikuntza eta Eraispeneko Hondakinak (EEH) lantegiaren proiektua eten zuen, “legeak eta dekretuak” urratzen dituelako. Zehazki, Moyua Taldearen parte den Uribarri 2014 S.L. enpresaren aldetik jaso zuen Xehetasun Azterketa ez du onartu Udalak, eta horrekin, enpresak ezin du inolako lanik egin ezta lizentziak eskatzeko izapiderik egin. Ildo berean, gaurko osoko bilkuran EEH baliarazteko industria-gunearekiko adierazpen instituzionala onartu dute talde politiko guztiek (EH Bildu, Auzoak, Podemos, EAJ, PSE eta UH), atxiki gabeko zinegotziak izan ezik. Kasu honetan, Miguel Angel Martin zinegotziak abstentziora jo du.

RCD Hemen Ez plataformako kideen kontzentrazioa udaletxe aurrean // RCD Hemen Ez

Gauzak horrela, “bere eskumenen esparruan eta lege esparruaren barruan”, konpromiso hauek hartu ditu Galdakaoko Udalak: “Usansoloko Gorosibai inguruan Eraikuntza eta Eraispen Hondakinak baliarazteko industria-gunea sortzeari uko egitea, baita gure ingurune naturala hondatuko duen beste edozein proiektu edo ekimeni ere uko egitea; konponbide bideragarriak aztertu eta antolatzea proiektua geldiaraziko dela bermatzeko, eta herritarren eskubide eta beharrekin bat datozen alternatibak sustatzea; eta herritarrak Gorosibai inguruko interes sozialen eta ingurumenarekikoen alde antolatzen diren ekimenetan parte hartzera gonbidatzea.

“Guretzat funtsezkoa izan da adierazpen instituzionalaren aurkezpenean lagundu duten indar
politiko guztien jokabidea. Gure ustez, EEHren eraikuntzari aho batez uko egitea herritarren premietatik hurbil dagoen politika arduratsu bat izan da”, diote RCD Hemen Ez plantaformako kideek: “Adierazpen instituzional hori bultzatzea beharrezkoa zen gure helburua lortzeko”. Plataformak eskerrak eman nahi izan dizkie Galdakaoko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei: “Zuen laguntza izaten jarraitzea espero dugu”.

2.500 atxikimendutik gora

Orain arte, 2.579 herritar eta 32 elkarte kontran agertu dira EHH lantegiaren kontra. Elkarteen artean hauek sinatu dute: 1957 Bizkarra SL, Usansolo Herria, Antikapitalistak (Ezker Alternatiboa), Mirari Emakume Taldea, Burtotza Mendi Taldea, UFS Usansolo, Gorosibai Hortz Klinika, ELA sindikatua, Galdakaoko EH Bildu, Ganzabal Mendi Taldea, Gazteberri, Gorosibaiko Auzo Elkartea, Hitzak Liburu Denda, Hotel Rural Bedia, Lamintxu Gazte Asanblada, LEKU sindikatua, Usansoloko Orfeoia, Uleak Ileapaindegia, SD Umore Ona, Sergio Lekue, Umore Ona Gastronomia Kultur Elkartea, Tintoreria Miren, U113 Triatloi Taldea, UJABA Usansoloko Jai Batzordea, Usansoloko Esku Pilota Taldea, Usansolo Gure Herria Athletic Peña, Usansoloko Apario Euskara Taldea, Usansoloko Laguntza Elkartea, Usansoloko Racing Taldea, Usansoloko Talde Feminista, Usansoloko Txoribeltz Saskibaloi Kirol Elkartea, eta USGALDU Usansoloko eta Galdakaoko Dultzaineroen eta Gaiteroen Elkartea.

“Gure bizi-kalitatea eta osasuna jokoan daude. Zure laguntza ezinbestekoa da, eta agirirarekin ados bazaude, bete hurrengo formularioa: https://forms.gle/49TPuNcQamdCUqzt9“, diote RCD Hemen EZ! herri plataformatik.

Gorosibaiko EEH lantegiaren proiektua eten du Galdakaoko Udalak, “legeak eta dekretuak” urratzen dituelako

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak