→Galdakao

Gorosibain EEH lantegia instalatzeko baimena berraztertzeko helegitea jarri du lursailaren jabeak

EEH lantegiaren kontrako kartelak Gorosibain // Geuria

Gorosibaiko Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen lantegiaren proiektua eten zuen apirilean Galdakaoko Udalak, “legeak eta dekretuak” urratzen dituelako. Hala ere, RCD Hemen Ez plataformatik jakinarazi dutenez, orubearen jabeak (Moyua taldeak) erabaki hori berraztertzeko helegitea jarri du: “EEH lantegi bat eraikitzeko baimen-eskaerari ezetza eman zion Galdakaoko Udalak; hala ere, orubearen ugazabak erabaki hori berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu berri du, hau da, orube horretan EEH lantegi bat eraikitzeko proposamena berpentsatzeko eskatu dio Udalari, ostera ere, bere horretan tematuz”, diote RCD Hemen Ez plataformatik: “Berriro ere argi eta garbi esan beharrean gaude: Eraikuntza eta Eraiste-hondakinak kudeatzeko lantegirik ez dugu gura Gorosibain (Usansolo)”.

“Herritarrok argi dugu. Halakorik Gorosibain eraikitzearen aurka gaude eta egongo gara. Ezin gara lokartu, oraindik ere badugu zereginik, garrantzitsuenekoa: HAPOaren eguneratzea eta egokitzea aldarrikatzen jarraituko dugu, lurrok herritarrontzako kaltegarriak liratekeen erabilerarik izan ez dezaten bermatzeko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak