→Galdakao

Gorozibain 9,3 hektareako lursaila 1,6 milioi euroan erosiko du Galdakaok energia berriztagarrietarako

Gorozibaiko 93.000 metro karratuko lursaila // Geuria

Gorozibai auzoan dagoen 93.000 metro karratuko lursaila erosiko du Galdakaoko Udalak 1,6 milioi euroan. Iaz Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH —gaztelaniaz RCD—) lantegia bertan eraikitzeko asmoa agertu zuen Moyua enpresak GEURIAk azaldu zuen bezala, lursailaren jabeak, baina Udalak atzo osoko bilkuran hartu zuen erabakiarekin asmo hori bertan behera geratu da. Udal ordezkarien helburua da lursail horietan eguzki energia ekoizteko plakak jartzea.

“Lur eremu hau eskuratzeko beharra energia jasangarriak sortzeari lotutako eremu baten sorkuntzan oinarritzen da. Horrez gain, energia biltegiratzeko plantak ingurumen-hezkuntza-prestakuntza eremuak eta herritarren aisialdirako eremuak barne hartuko ditu. Horretarako hitzarmena eta gastu proposamena onartu ditugu osoko bilkuran”, dio Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak. EH Bilduren, Usansolo Herriaken, Podemosen eta Auzoaken bi zinegotzien aldeko botoarekin, EAJren eta PSEren abstentzioarekin, eta Auzoaken zinegotzia baten eta atxiki gabeko zinegotziaren aurkako botoekin onartu dute hitzarmena eta gastu proposamena.

Eguzki-ortu bat Gorozibain jartzea da udal gobernuaren asmoa. “Horretarako aukeratu den gunea egokitasun berezikoa da. Hegoalderantz ematen duen leku bat da, bertan zenbat eguzki ordu eduki daitezkeen aztertzen ari gara, baita orduko zenbat megawatt sor daitezkeen eguzki-ortuetan jartzen den hektarea bakoitzeko ere. Gainera, lursailaren ondoan autohornitu daitezkeen alokairuko eraikinak eraikitzea aurreikusita dago”, dio Egiraunek: “Eguzki-ortuen modalitate desberdinak egiteko lekua dago: kooperatiba egiteko lekua dago, ondoko etxebizitzen hornikuntza-eremuak, eta, gainera, udalerri osoa udal instalazioetarako hornitzeko lekua izango genuke”. Horretarako lehiaketa publikoa zabalduko luke Udalak.

Momentuz egoera honakoa da: Udalak erosi egingo du lursaila eta, hortaz, EEH lantegirik bertan eraikitzea behin betiko baztertu dute. “Auzokideon balorazioa ona da. EEH lantegia Gorozibain ez jartzea albiste oso ona da. Eskertuta udal gobernuari, batez ere hirigintza zinegotziari eta gure alde egon diren talde politiko guztiei ere”, adierazi diote GEURIAri RCD Hemen Ez plataformako kideek. Iaz hainbat mobilizazio deitu zituen plataformak eta horren berri eman zigun Igor Amarika herritarrak bideo honetan. Gainera, iazko apirilean EEH lantegiaren kontra azaldu ziren Galdakaoko talde politiko guztiak, atxiki gabeko zinegotzia izan ezik.

Udaltaldeen iritziak

Galdakaoko EAJk honakoa adierazi zuen atzo osoko bilkuran: “Denok ados gaude ez dugula EEH plantarik nahi Gorosibain, eta lursail hori erosi behar dugula, beste erremediorik ez dugulako. Jarduera aldatu behar zaio. Plaka fotovoltaikoak jartzearen aldekoak gara, baina ez gaude ziur udal gobernu taldeak proposatutako aukera bideragarria den. Proposatzen duzuen jarduerak ondare-murrizketa dakar. Burtotzarako bidean udal-orube bat dugu, altuera handiagoko orientazio bera duena, eta horregatik argi gehiago. Bertan plaka fotovoltaikoak jar daitezkela uste dugu. Ez gaude plaka fotovoltaikoen aurka; ez gaude ziur Gorozibaiko lursail horretan aukera bideragarria denik. Horregatik jo dugu abstentziora”, dio Aintzane Urkiza EAJko bozeramaileak.

PSEk ere abstentziora jo zuen: “Egia esan, lurzoru horietan EEH plantako jarduera hori nahi ez bazen, hasieratik atzera bota behar zen. Hitzarmen honek ingurumen-jarduera jasangarriago batekin bat datozen alternatibak sustatzeko borondate politikoa betetzen du. Planteatzen den alternatibari dagokionez, zalantza asko sortzen zaizkigu eguzki-ortuak ezartzeko ideiaren bideragarritasunaz. Uste dugu proposamena gehiago landu behar dela”, dio Txema Larrabazal bozeramaile sozialistak.

UHk eta Podemosek aldeko botoa eman zuten, eta bi alderdiak ados daude hitzarmena sinatzea onuragarria dela bai auzotarrentzat, enpresarentzat eta Udalarentzat. Azkenik, Miguel Angel Matas atxiki gabeko zinegotziak kontran bozkatu zuen eta honakoa adierazi zuen: “Lursailen erosketa onartuz eta proiekturik ez dagoela berretsiz, arazo bera mantenduko dugu eta gainera Udalaren diru asko xahutuko dugu: ia bi milioi euro. Benetako erabilerarik gabe, lursailak zabortegi bat bihurtuko dira berriro”, dio. Auzoakeko ordezkariek ez zuten hitza hartu eztabaida horretan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak