→Galdakao

Greba eguna da gaur Haurreskoletan eta Galdakaon mobilizazioa deitu dute

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek hitzarmen berri bat negoziatzea, ordezkapenak betetzea, aparteko orduekin amaitzea eta Covid-19aren aurkako babes-ekipamenduen hornidura handitzea eskatu dute.

Argazkia: LAB Sindikatua

Greba eguna da gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Haurreskoletan. ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek hitzarmen berri bat negoziatzea, ordezkapenak betetzea, aparteko orduekin amaitzea eta Covid-19aren aurkako babes-ekipamenduen hornidura handitzea eskatu dute. Hitzarmenari dagokionez, indarrean dauden Lan Hitzarmena eta akordioak betetzen ez direla salatu dute. “Are gehiago, aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoan indarrean dagoen Lan Hitzarmena eta sinatuta dauden akordio desberdinak ez dituela betetzen onartu du Zorione Etxezarraga Partzuergoaren gerenteak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean”, diote ELA sindikatutik: “Eta, ondorioz, haur hezitzaileon eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jarri dira”.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu dute. Bestetik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu dute hiru sindikatuek. Era berean, Zorione Etxezarragaren “dimisioa” eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena exijitu dute: “Bada garaia Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua arduraz jokatzen hasi eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzen hasteko”, diote. Abenduaren 16an bigarren greba eguna izango dute.

Mobilizazioa Galdakaon

Abenduaren 10ean agerraldiak egingo dituzte LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza delegaritzen aurrean: Bilbon 11:30ean eta Donostian 11:00etan; Gasteizen 11:00etan Plaza Berrian. Gainera, 18 mobilizazio egingo dituzte Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hainbat herritan. Tartean, Galdakaon, 11:00etan Plaza Gorrian.

Beste alde batetik, gaur, gainera, Galdakaoko Plaza Gorriko Haurreskolan dagoen leku faltari irtenbidea emateko deliberazio saioa egongo da. Udalak bost aukera proposatu ditu eta horietatik zein bide hartuko den eta horretarako zein pauso eman behar diren adostuko dute gaurko saioan.

Haurreskolan dagoen leku faltari irtenbidea emateko bost aukera aztertu ditu Galdakaoko Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak