Hodei Egiluz Diaz gazte galdakoztarrari lapurreta egin ziotenak zigortu ditu Anbereseko Auzitegiak, kartzela-zigor ezberdinekin. Diru-zorroa eta bankuko txartelak osteagatik 4 urteko kartzela-zigorra ezarri diote Mohamed Y.-ri. Epaileak bera bilatzeko eta harrapatzeko agindua eman du, desagertuta baitago.
Beste alde batetik, Jaouad M. eta Youssef M.-ek 40 hilabeteko zigorra jaso dute. Telefono mugikorra lapurtu eta hura saltzea egotzi die epaileak. Azkenik, Carmen T. sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio epaileak, lapurtutako mugikorra 60 euroan erosita leporatuta. Bere alaba, lapurretan inplikatuta egon den baten neska-laguna da.
Zigortuak izan diren lauetatik hiru desagertuta daude: Mohamed Y., Jaouad M. eta Carmen T.. Youssef M. Lovainako kartzelan dago beste zigor bat betetzen.
Epaia gaur, urriak 19, ezagutu da. Hain zuzen ere, Hodei Egiluz desagertu zeneko laugarren urteurrena betetzen den egun berean. Iazko otsailean aurkitu zuten gazte galdakoztarraren gorpua Eskalda ibaian (Anberes, Belgika).
