→Galdakao

Irrimarra bikote sortzailearen ilustrazioak ikusgai daude Donostiako Aiete Kultur Etxean

Karmele Gorroño galdakoztarraren eta Irene Irureta zumaiarraren lanen erakusketa ikusgai dago irailera arte Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan.

Irrimarra bikotearen zenbait ilustrazio // Galtzagorri

Karmele Gorroño galdakoztarrak eta Irene Irureta zumaiarrak sortutako ilustrazioen erakusketa antolatu dute Donostiako Aiete Kultur Etxean. Biek osatzen dute Irrimarra bikote sortzailea eta maiatzaren 12tik irailaren 19ra arte euren lanen erakusketa izango da Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Irrimarra bikoteak argitaratutako lanei dagokienez, Koldo Izagirre idazlearekin elkarlanean sortutako Altzoko Handia-ren album ilustratuen bilduma eta Pello Añorgaren testuekin sortutako Ametsen basoa nabarmendu daitezkeGainera, 2019an Peru Abarka lehiaketa irabazi zuten Karmele Mitxelena idazlearekin batera plazaratutako Erakusleihoan lanarekin. Iaz Alaine Agirre idazlearekin Badauzkat nire zulotxoan liburua kaleratu zuten, eta aurten Fito Rodriguezekin Kuoi.

Erakusketa zabalik dago asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Udako ordutegian (ekainaren 23tik irailaren 3ra arte) asteartetik ostiralera eta igandetan goizeko ordutegian eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara ikusgai egongo da erakusketa, eta abuztuaren 14tik 21era bitartean (Donostiako Aste Nagusia) asteartetik igandera goizeko ordutegian soilik egongo da zabalik.

Ilustratzailearen Txokoa Galtzagorri Elkarteak eta Donostiako Aiete Kultur Etxeak elkarlanean sortutako proiektua da. 2012. urtean abiarazi zuten haur eta gazte literaturan diharduten ilustratzaileen lana zabaltzeko asmoz. Besteak beste, Dani Maiz GEURIAko kolaboratzaileak eta Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak Ilustratzailearen Txokoan erakutsi dituzte euren lanak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak