→Galdakao

Jesus Muñiz Petralanda: “Hasieran mendia zen Tximelarre, baina ‘Etxe merkeak’ eraikitzearekin hazi egin zen auzoa”

Artean eta historian aditua da Jesus Muñiz Petralanda galdakoztarra. Ondarearen Europako Jardunaldietan koordinazio lanetan dabil aurten. Gainera, ibilbide historikoak gidatu ditu herrian.

Jesus Muñiz Petralanda / Geuria

Urriarekin batera heldu dira Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaiko zenbait herritara. Hego Uribe eskualdean Arrigorriagan, Etxebarrin, Ugaon eta Zeberion jarduerak antolatu dituzte, baita Galdakaon ere. Aurten Hezkuntza dute ardatz jardunaldiek eta besteak beste, Jesús Muñiz Petralanda (Galdakao, 1965) historialariarekin izan gara gai horren inguruan hizketan.

2010az geroztik, ohiko kolaboratzailea da Ondarearen Europako Jardunaldietan eta aurten koordinazio lanetan dabil. Era berean, Kultur Plaza programaren barruan gidatu dituen ibilbide historikoei buruz edota Galdakaoko auzoez aritu gara berarekin. Jesus Zabalea auzokoa da, baina Tximelarre, Elexalde, Olabarrieta edota Bekea auzoak nabarmentzen ditu galdakoztarrak.

Berriki Tximelarren eta Elexalden barrena ibilbide gidatuak egin dituzu.
Hala da. Aurten jaiak ez direnez ospatu, Jai Batzordetik proposatu zidaten ibilbide historiko horiek berreskuratzea, eta Galdakaoko Udalak irailean zehar antolatutako ‘Kultur Plaza’ programaren barruan ibilbide historikoak antolatu ditugu. Tximelarre zein Elexalde bi auzo berezi dira Galdakaon. Egia esan, ibilbide hauek duela urte batzuk prestatu nituen, baina aurten berriro antolatzea erabaki dugu.

Zergatik Tximelarre eta ez beste auzo bat?
Tximelarreko ibilbide historikoa 2014an prestatu nuen, zehazki, urte hartako Ondarearen Europako Jardunaldietarako, Galdakaoko Udalak eskatuta. ‘Etxebizitzak’ zen jardunaldien gai nagusia. Agian arruntena izango zitekeen herriko baserriei buruz zerbait egitea, baina batzuk zegoeneko desagertu ziren eta beste batzuek aldaketa asko izan zituzten. Oso zaila zen horren inguruan zerbait egitea, beraz, Tximelarreko ‘Etxe merkeen’ inguruan egitea erabaki nuen. Bizkaian zehar ‘Etxe merkeen’ 60 bat proiektu hedatu zituzten, tartean, Tximelarren. Etxebizitza gehienak Gerra Zibila hasi baino lehen eraiki zituzten, 1924. urte aldera. Kontutan izan behar dugu garai haietan oso zaila zela langile guztientzat etxebizitzak bermatzea. Industrializazioa dela eta, hamarkada horietan langile asko etorri zen gurera, baina ez zen horren erraza etxebizitzak langileei eskaintzea. Galdakaoren kasuan, Dinamita enpresa izan zen Tximelarre auzoko etxebizitza merkeen bultzatzailea.

Zenbat etxebizitza eraiki zituzten?
90 etxebizitza inguru eraiki zituzten, bakoitza hiru zatitan banatuta, hiru familia ezberdinentzat. Langileentzako etxebizitzak ziren. Hasieran Galdakaoko bertako edo inguruetako langileentzat ziren etxebizitza horiek, baina gero, Gerra Zibila bukatu ondoren, eta 50eko hamarkada aldera, Espainiako beste probintzietatik etorri ziren langile asko. Union Española Explosivos zen Dinamita eta enpresa horrek lantegiak zituen, adibidez, Huelvan edo Asturiasen, eta bertatik etorri ziren zenbait.

Ondarearen Europako Jardunaldietako ibilbide bat, Tximelarre Goikoan / Geuria

Auzoak bilakaera handia izan du.
Hasieran mendia zen Tximelarre. Baserri bakarra zegoen hasieran, Laxao izenekoa, eta gainontzekoa landa zen. Etxebizitza merkeen proiektua egiterakoan urbanizazio-lanak egin zituzten bai goiko aldean —Tximelarre Goikoa— zein beheko aldean —Tximelarre Behekoa—, eta horrek aldaketa nagusienak ekarri zituen auzora. Etxebizitzen kanpoko egiturari dagokienez ere aldaketa izan dute: lorategiak izatetik, garaje estaliak izatera, adibidez.

Eta Elexalderen kasuan, zergatik egin duzue bertan ibilbide gidatua?
Bada Elexaldeko Andra Mari gure monumenturik preziatuena delako. Betidanik izan dut lotura handia Andra Mari elizarekin. Izan ere, eliza horrek interesa piztu zidan Historia ikasketak egiteko. Kasu honetan ere, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, 2013an bisita gidatua antolatu nuen Andra Marin.

Berezia da Andra Mari eliza ere bai.
Galdakaoko erlijio eraikinik zaharrena da, eta 2003ko ekainean Eusko Jaurlaritzak monumentu motako kultura ondasun izendatu zuen. Elexalde auzoan eraiki zen Erdi Aroan, XIII. mendean, Gangureneko Santa Marina antzinako Elizaren ordez, bere izena daraman mendia urrun zegoelako. Sancho de Galdácano y Torrezabal izan zen sortzailea. Eliza altxatu zenetik, Andra Mari behin baino gehiagotan izan da berritua eta aldaketa horiek eraikin berezi eta interesgarri bilakatu dute. Arte estilo ezberdinak ditu: lehenengo fasean, erromanikotik gotikora pasatu zen, eta bigarren fasean, XVI. mendearen hasieran, handitu zutenean, gotikotik errenazimentura. Hau da, hiru estilo ezberdinetako ezaugarriak ditu elizak: Erromanikoa, Gotikoa eta Errenazimentukoa.

Baita Barrokoa ere.
Bai. Gero altzariak eta erretaulak gehitu zizkioten. Erretaula gotiko berantiarra eta errenazimendua artekoa da, eta gero baditu beste erretaula batzuk barroko garaikoak direnak. Bestetik, organoa eta korua desagertu ziren azken zaharberritzean, baina ildo nagusi batean, nahiko berezia da Elexaldeko Andra Mari eliza. Erromaniko berantiar garaiko Bizkaiko eraikuntzen artean, ziur aski garrantzitsuena da Galdakaokoa.

Zein elementu nabarmenduko zenituzke Andra Mari elizatik?
Elementurik nabarmenena ataria da, erromaniko berantiar estilokoa da, gotikoaren ezaugarri batzuk dituena. Zortzi zutabetan hartzen du oinarri, horietako bi barneko hiru lobulotako arkuari dagozkio, eta kapitelek gizaki eta hegaztien figura desberdinak dituzte. Kanpandorrean geratzen dira antzinako eraikuntzaren hondarrak, XII. mendekoak. Barnealdean ere bi estilo horiek ikus ditzakegu, erromanikoa eta gotikoa. Erretaula platereskoa du aipagarriena eta bertan Andra Mariaren parerik gabeko taila (XIII. mendea) jarrita du. Nabe gotikoan XIII. mendeko hilobi erromanikoa dago, eslaboiz osatua eta hortzdun orla batez amaiturik. Elizaren fundatzailearen belaunekoen hilobia da. Kanpoaldean, eliza ondoan, guruzpidea dago, azkenean errenazimentuko gurutze paregabea du eta bertan lanbide desberdinetako tresnak landuta ditu.

Elexalde eta Tximelarrez gain, zein beste auzo nabarmenduko zenuke?
Adibidez, badago beste auzo bat Tximelarreren antzeko planteamenduarekin. Kooperatiba antzekoa da, baina ez dira gauza bera eta, gainera, beranduago eraiki zen. Hori da Poblado de Firestone edo Olabarrieta deritzoguna. Auzoaren izenak dioen bezala, Firestone enpresak bultzatu zituen bertako etxebizitzak, eta kasu horretan, eredua baserri motako etxebizitzak dira. Bere xarma dauka auzo horrek, Tximelarreren antzeko proiektua da, etxe banaketak daude, bakoitzak bere lorategia du, eta nahiko zabalak dira guneak. Gainera, etxe merkeetako kooperatiboak ez dira denak etxebizitza bakarrekoak, baizik eta pisuak ere eraiki zituzten. Planteamendu antzekoa da, baina erabat ezberdina. Era berean, askoz modernoagoak dira, baina aipatu ditzakegu ere Plazakoetxeko edo Zuazoko txalet berriak. Dinamita enpresak bultzatu zituen horiek ere, Santa Barabarako kapera bezalaxe. Multzo hori nahiko interesgarria da eraikuntza gehienak bertan daudelako: etxebizitzak, elizak, ikastetxeak edota futbol zelaia, alegia.

Ondarearen Europako Jardunaldietako ibilbide bat / Geuria

Eta artearen inguruan?
Bada, oraindik baditugu bi dorretxe: Lekue eta Isasi Goikoa. Nahiko egoera txarrean daude biak, batez ere Isasi Goikoakoa -sabaia ondoratu zen-. Horietan esku hartu behar da lehenbailehen, bestela hondoratu egingo dira eraikinak.
Bestetik, zenbait zubi nabarmenduko nituzke: Torrezabal (konpondu behar da), Puentelatorre (duela urte batzuk konpondu zuten) eta Mercadillo (antza denez, berehala konponduko dute), esaterako. Aldaketa asko jasan dituzte, baina oso interesgarriak dira.
Eta baselizak ere aipatu behar ditut. Alde batetik, Bekeakoa. Nahiko handia da, baina bere jatorrizko altzari gehienak desagertu ziren. Eta bestetik, Artetakoa. Baseliza berria da, baina barruan jatorrizko erretaula eta erliebe batzuk topa ditzakegu. Elexaldeko Andra Mari elizaren erretaula nagusiaren estilo berberekoa da. Artetako baseliza zaharra Dinamitaren lurretan dago gaur egun.

Dorretxeen edo zubien kasuan, noren esku dago horiek konpontzea?
Kasu bakoitza ezberdina da. Zubiei dagokienez, publikoak dira eta URA erakundeari dagokio aldaketa bakoitza onartzea. Eta dorretxeen kasuan, jabetza partikularra da, beraz, zailagoa da horietan esku hartzea. Ez nago ziur, baina uste dut monumentu kategoriarik ez dutela. Beraz, horiek konpontzeko, jabetza aldatu beharko litzateke jabeekin akordio batera helduta, eta gero konponketaz nor arduratuko da? Bada, izan daiteke Udala edo izan daiteke Bizkaiko Foru Aldundia.

Arestian Ondarearen Europako Jardunaldiak aipatu dituzu. Aurten, ‘Ondarea eta Hezkuntza’ da gai nagusia eta antolakuntzan sartuta zaude.
Bai. Aurten koordinatzailea naiz. Aurreko urteetan nik neuk egin izan ditut ikerketak, baina aurtengoan koordinazio lanetan nabil. Galdakaon erakusketa bat antolatuko dugu Torrezabal Kultur Etxean urriaren 20tik 31ra bitartean, eta ibilbide gidatuak ere egingo ditugu hilaren 22an, 24an, 29an eta 31n, euskaraz zein gaztelaniaz. Ezingo ditugu ikastetxe guztiak bisitatu, ezta horietara sartu ere, baina moldatu egingo ditugu ibilbide gidatuak egungo egoerara.

Auzo-eskolak ere bisitatuko dituzue.
Bai. Galdakaon hiru auzo-eskola zeuden: Bengoetxekoa, Bekeakoa eta Erletxesekoa. Horietatik Bekeako auzo-eskola bisitatuko dugu, sikiera kanpotik. Era berean, Gandasegi edota Bengoetxeko lanbide-heziketako zentroa ere bisitatuko dugu.

Zelan egingo duzue ibilbidea?
Autobus txiki bat erabiliko dugu ibilbidea egiteko. Ibilbidea nahiko luzea da, beraz, mikrobusa erabiltzea erabaki dugu. Horrek ahalbidetuko du adin guztietako herritarrek parte hartzea.

Testigantzak biltzen dituen bideo bat egiteko asmoa ere baduzue.
Bai, hori da asmoa. Erakusketa osatzeko egin nahi dugu bideoa. Galdakoztarren testigantzak jaso nahi ditugu, beti ere hezkuntzarekin lotutakoak. Oraindik bideoa ez dugu eginda. Zaila izaten ari da jendea topatzea, elkartzea edota prest egotea bideoan grabatzeko. Hala ere, dagoeneko testigantza batzuk baditugu, eta saiatuko gara urria amaitu baino lehen bideoa amaitu eta aurkezten. Gero, kopiak egingo ditugu eta herritarren artean banatuko genituzke.

Testigantzak nolakoak izango dira?
Irakasleek, ikasleek edota ikastetxeetako langileek parte hartzea nahi dugu. Irakaskuntzaren barruan jende asko mugitzen da, eta mota askotako testigantzak lortu nahi ditugu. Esaterako, norbaitek gogoan duen eskolako pasarte bat, irakasle baten inguruan —izan ezaugarri onak zein txarrak (kar, kar)—, ikasgaien inguruan…
Halaber, asmoa da ikustea zein aldaketa izan dituen irakaskuntzak azken mende honetan Galdakaon. Hala nola, metodologia, euskara, erlijioa… Gauza asko aldatu dira eta aldaketa horiek azaleratu nahi ditugu bideoan.

Zein da aldaketarik nabarmenena?
Galdakaoren kasuan lehenengo ikastola Gerra Zibila hasi aurretik jarri zuten martxan. Plazakoetxen zegoen, baina gerra ondoren itxi egin zuten eta irakasleak, Monika Lekunberrik (Galdakao, 1910-1987), bere kabuz jarraitu zuen eskolak ematen, bere etxean. Noski, euskararen erabilera ez zegoen baimenduta garai haietan eta klandestinitatean ematen zituen eskolak. Gero, Ikastola berria zabaltzerakoan, 1967an, berreskuratu egin zen euskararen erabilera. Eskola publikoei dagokienez ere, eskaintza zabala da Galdakaon.
Eta erlijioaren adarrari erreparatuta, lehen oso garrantzitsua zen, baina pasa den mendearen hasieran beste ideologia batzuk azaleratzearekin batera, hala nola, sozialismoa eta marxismoa, ideologia berri horiek erlijioren kontra zeuden. Errepublika garaian ere gauza bera: pentsamendu librearen garrantzia azpimarratu zuten, erlijioaren garrantzia gutxituz. Gero, Gerra Zibilaren ondoren, berriro berreskuratu zen erlijioren garrantzia, eta gaur egun hala moduz dabil. Euskara eta erlijioa bi gai oso gatazkatsuak izan ziren, eta hori da islatu nahi duguna.

Zenbat testigantza lortu dituzue jada?
Oso gutxi, egia esan. Bideoa egiteko asmoaren lehen iragarkia abuztuan atera zen eta denok dakigu oso data txarra dela. Irailean berriro ekin genion proiektuari. Hala ere, ez diogu garrantzia ematen testigantza kopuruari, baizik eta bideoa ahalik eta anitzena izatea bilatuko dugu. Hau da, Galdakaon auzo asko dago eta asmoa da ager daitezela Aperribai, Bengoetxe, Plazakoetxe, Kurtzea, Bekea, Usansolo, Erletxes, Elexalde. Auzo gehienetan ikastetxeak daude edo egon ziren, eta horiei guztiei buruz aritu nahi dugu. Datozen asteburuetan topaketa batzuk egingo ditugu auzo ezberdinetan bideoa grabatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak