→Galdakao

Josi Sierra: “1981ean gauzak demokratizatu baziren, zergatik itxaron behar izan dugu 80 urte hau kontatzeko?”

Galdutako Udabarria dokumental osoa sareratu du Sierrak aurten: 1937ko udaberrian Galdakaon gertatu zenaren inguruko ikus-entzunezkoa da

Josi Sierra / Geuria

Josi Sierra (Bilbo, 1959) galdakoztarrak beharra ikusten du dakien guztia gainontzekoekin partekatzeko. Magisteritza ikasia, oroimen historikoa, komunikazioa eta Galdakaoko gaurkotasuna dira bere intereseko gaiak. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari zela, 2005eko azaroan, Gerra Zibilari buruzko testigantza zuzenak biltzen hasi zen eta material horrekin ‘Galdutako udabarria’ dokumentala egin zuen. Hortik, Udaberri Galdua proiektua sortu zuen: gerra hori bizi izan zuten Hego Euskal Herriko 80 pertsona elkarrizketatu eta izen bereko blogean publikatuz.
“Nagusienek etxeko ateak zabaldu zizkidaten, errealitate baten ikuspegia emateko”, dio Sierrak. Testigantzak jasotzen ari zela, 80 urteko emakume batek esan zion: “Jaungoikoak ekarri zaitu nigana, hil baino lehen hau norbaiti kontatu ahal izateko”. “Elkarrizketatu nituenen erdiek oraindik ere korapiloa zuen ezer kontatzeko beldur, baina beste erdia gogotsu zegoen dena kontatzeko!”, dio Sierrak. Dokumentala sarean dago eta nahi duenak parteka dezake.

Galdakaoko Gerra Zibilari buruzko dokumentala publikatu duzu. Nola bururatu zitzaizun ideia hori?
Maisua naiz eta uste dut horrek markatu nauela nire pentsamoldean eta nire ekintzetan. Zentzu horretan, irakastea izaten dut joera normala, nik dakidana partekatuz. Gerra Zibilari buruzko dokumentala egiteko txinparta Tximelarre auzoan sortu zen, nire amama Matea eta nire aitite Agustinen etxean. Nik txikitan eurekin entzuten nuen benetako historia, baina ipuinak zirela uste nuen. 60. hamarkada horretan, ez nintzen gai ulertzeko zer gertatu zen. Baina, zenbat eta nagusiago egin, Galdakaorekin zerikusia duten gauzak ikertzeari ekin nion, Gerra Zibila kasu. Eta hara, Galdutako Udabarria dokumentala. Frontea hemendik pasatzen ari zela, 1937ko udaberrian -horregatik dokumentalaren izena-, dena alferrik galdu zen Galdakaon, bai naturarentzat bai bizi ziren guztientzat.

Testigantza zuzenak lortu zenituen dokumentalean.
Bai. Zenbat eta jende gehiago ezagutu, beste sakontasun bat ikusten nien amamak kontatutakoei. Orduan, hasi nintzen pertsona nagusiekin hitz egiten, nire amamaren adinekoak izan zitezkeenak. Pertsona horien kontakizunetik iritsi nintzen Galdutako Udabarria dokumentalera. Guztira, 12 lagun elkarrizketatu nituen: Pedro eta Roberto Jugo, Victor Bengoetxea, Bittor Atxutegi, Mari eta Vitori Yurrebaso, Claudio Busquet, Felipe Ealo, Libe Asua, Jose Larrea, Maria Luisa Bilbao, Antonio Zabala. Era berean, aditu batzuk ere agertzen dira dokumentalean: Mireia Uranga (Gernika Gogoratu), Iñaki Goiogana (Abertzaletasunaren museoa, Sabino Araba Fundazioa), Jesus Gutierrez (eibartar historialaria), Txabi Ikobaltzeta (apaiza eta etnologoa), Txomin Aurrekoetxea (EAJko parlamentari ohia) eta Joseba Agirreazkuenaga (ikertzailea eta historialaria). Elkarrizketa bakoitza altxor bat izan zen.

Zer nabarmenduko zenuke testigantza horietatik?
Niretzat oso adierazgarria izan zen Altamiran bizi zen Victor Bengoetxeak (duela bi urte hil zen) kontatutakoa: bere urtebetetze egunean, apirilaren 9an, 12 urte bete behar zituenean, kalera irten zen eta bat-batean topatu zuen bere etxe aurrean bonbak erortzen ari zirela. Hau, 1937an. Orduan, berak eta bere familiak mendira ihes egin zuten. Bonbak jausi eta bost minutura, bere etxeko zati bat dagoeneko erorita zegoen. Gogoratu zuen gertakizuna izan zen, etxe ondoan asto bat zutela lotuta eta bonba jausi zenean hankak 500 metrora azaldu zirela.
Data eta egoera guztiak ezagutu eta gogoratzen zituen Bengoetxeak, xehetasun guztiekin. Orduan, hortik aurrera hasi nintzen ikerketa lanetan eta testigantza gehiago jasotzen.

Kontatu zizkizutenetatik, beste anekdotarik gogoratuko duzu…
Bai. Anekdota eta istorio asko gogoratzen ditut. Esate baterako, Felipe Ealok esan zidan komentatu ziotela onena elizako kanpandorrearen azpian ezkutatzea zela. Beste bandokoak fededunak zirenez, ez zuten elizarik bonbardatuko. Gernikan, adibidez, bonbardaketa itzela egin zuten, baina Santa Maria eliza ukitu ere ez zuten egin, Gernikako Arbolatik 3 metrora zegoena.
Bestetik, Bittor Atxutegik gogoratzen zuen 12 urte zituela karlista bat, txapelgorri bat agertu zela euren etxean pistola batekin. Aitak aurre egin zion eta kapitainak soldaduari esan zion familia hori (10 neba-arreba inguru ziren Atxutegitarrak) bakean uzteko, euskaldunak zirela.
Beste adibide batekin amaitzeko, Libe Asuaren testigantza aipatuko dizut. Gerra garaian 20 urte inguru izango zituen. Bere aita ehorzlea zen Galdakaoko hilerrian eta negozioan laguntzen zuen. Herriko hainbat eta hainbat pertsona lurperatzea tokatu zitzaien gerra garaian.
Era berean, txisteak eta abestiak (Kontxi Belandiak abestuta) ere kontatu zizkidaten. Zentzu horretan, aipatu behar dut aldeko giroa sortu behar dela elkarrizketatuarekin halako gaiak lantzerakoan, ausartu dadin historia kontatzera. Argi dago, hitz egiten hasten dena ez dela isilduko.

Zuzeneko elkarrizketa horiez gain bestelako ikerketa lana ere egingo zenuen.
Hala da. Dokumentala egiteko, noski, ahal izan nuen leku guztietan dokumentatu nintzen. Interneten zenbait gauza aurkitu nituen, Galdakaoko udaletxean agiriak ikuskatu nituen (1936an Galdakaon zeunden kanpotarren zerrenda, babeslekuak nola eraiki zituzten, auzo bakoitzeko garaiko errolda edota udaletxeko zinegotziak eta aktak) edota lurraldeko Artxiboetan ibili nintzen. Ikus-entzunezkoa egin ahal izateko, testuinguru politikoa, soziala, ekonomikoa eta batez ere gizatiarra nahi nuen azaldu. Horregatik izan dira hain garrantzitsu zuzeneko testigantzak.

Testigantza horiek zure familiarengandik ere jaso dituzu. Zelan bizi izan zuen zure familiak gerra eta ondorengo urteak?
Nire aitite Agustinek Dinamitan egiten zuen lan, eta Gerra Zibilaren ondoren, ez zenez erregimenaren aldekoa, lanik gabe gelditu zen. Nire aititeren aita UGTkoa zen eta bakarrik aita sozialista izateagatik, bota zuten fabrikatik. Orduan, kristalari sartu zen bizimodua aurrera eramateko.
Nire aitite-amamek bi seme, bikiak, galdu zituzten gerran eta ondorengo urteetan. Eta nik 7-8 urterekin entzuten nituen bere istorioak liluratuta, baina ez nintzen gai jakiteko zer nolako samintasuna zuen eta zein txarto pasatu behar izan zuen emakume hark bere gaztetasunean eta amatasunean.
Aitite Agustin gerra garaian nagusia zen, 40 urte inguru izango zituen eta ez zuten mobilizatu. Bere hiru semeak gazteegiak ziren (14, 11 -nire aita- eta 6 urte) eta ez zitzaien tokatu joatea, baina eurak errepresioa bizi izan zuten, Francoren aldekoak ez zirelako. Nire amamak esaten zuen “latzak eta baltzak” pasatu zituztela.
Nire amama Matearen neba kartzelan egon zen, Santutxun, lau urtez. Ia 5 urte zituenean ezagutu zuen bere semea, Karmelo Maron. Nire familiaren bizitza gerrak markatuta dago, nahiz eta frontean ez egon tiroak botatzen.

Galdakaok zer galdu zuen gerra hartan?
Galdakaok bakarrik ez. Nire ustez, herri xeheak ez zuen beste aukerarik izan: zetorrena jasatea. Kasu batzuetan, semeak gazteak baziren, frontera mobilizatu zituzten eta gehienak ez ziren berriro ere itzuli. Batzuk hilda, beste batzuk preso, beste batzuk deportatuta, eta beste batzuk gerra irabazi zutenen menpean lan egiten bukatu zuten. Kasu batzuetan, lubakiak egiten. Beste batzuetan, frontean presoak lehen ilaran jartzen zituzten, euren bando berdinekoak tiroka hasten zirenean, hil zitzaten.
Zure galderari erantzunez, ekonomikoki, diru pilo bat galdu genuen (batez ere, bonbetan eta armetan erabili zutelako, herriko jendea hiltzeko). Aukera politiko zabal bat ere galdu genuen Errepublika garaian, askatasun demokratikoa, eta emakumeen berdintasuna ere pikutara joan zen.

Emakumeaz eta gerraz ari garela…
1931tik 1936ra bitartean, Gerra Zibila oraindik hasteko zegoenean, emakumeen papera garrantzizkoa izan zen. Berdintasunean bozkatu zezaketen, politikan jardun zezaketen, edota bizitza politiko, ekonomiko eta sozialean parte har zezaketen. Askatasun politiko gehiago zegoen gerra aurretik: abertzaleak, komunistak, sozialistak edo anarkistak izateko ordura arte ez zuten posible izan. Francok gerra irabazita, 40 urtetan markatu zuen dinamikak -politikoki, ekonomikoki eta sozialki- atzerapen oso handia suposatu zuen emakumeentzako.
Orokorrean, emakumeentzako zein gizonezkoentzako, 1981 edo 1982. urtera arte ez zen demokrazia berrezarri. Hori gutxi balitz, pentsatzen dut: 1981ean gauzak demokratizatu baziren, zergatik itxaron behar izan dugu 80 urte hau kontatzeko edo bazterretan erailda daudenak berreskuratzeko?

Horretan dago transmisioaren gakoa.
Norbanakoen ahaleginaz gain, uste dut beste modu antolatuago eta erakundetuago batean egin behar direla gauzak. Urtebete inguru darama Gogora Institutua lanean, memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin. Baina horren aurretik badira hainbat herri erakunde oroimen historiko hori berreskuratzeko lanean ari direnak. Galdakaon, adibidez, Galdakao Gogora dugu. Ekimen popularrak eta pertsonalak izan dira berreskuratze lan horretan aurrera egin duten lehenak, baina egia da beharko luketeela marko antolatuago bat.

Zein hausnarketa egiten duzu Gerra Zibilaren inguruan?
Nire ustez galdutako denbora bat izan zen, modu humanoago eta demokratikoago batean konpondu gabe, tiroka eta bonbaka konpondu baitzuten 1936ko egoera. Nire iritziz, denbora hori alferrik galdu zen. Zergatik? Lehendabizi, konfrontazio politiko oso handia zegoelako, eta konfrontazio politiko horretan militarrak alde batean lerratu ziren, arma guztiekin, aurrekontu guztiarekin. Beste modu batera esanda, oso prestatuta zeuden egurra emateko. Gainera, indar nahikoa ez omen zutela ikusita, deitu zituzten alemaniar eta italiar naziak, lagun ziezaieten. Superpotentzia hiltzailea izan zen hori. Aurrean, Joseba Agirreazkuenagak dioen moduan, populu desarmatua zuten. Borondate eta gogo handiarekin, baina bitartekorik gabe, armarik gabe: txinberak eta tiragomak baino ez zituzten eta! Ez zegoen zer eginik bonbardaketa aereoak ekiditeko.

Eta, zure dokumentazio-lan horren inguruan?
Pribilegiatua sentitzen naiz. Alde batetik, Galdakaoko historia ezagutzeagatik eta nire amamari entzundakoak dimentsio egokian jartzeagatik, eta bestetik, pertsona ezezagunen bizipenak, txisteak, abestiak, edota gertakizun latzak zein politak jasotzeagatik. Helburua da ondorengoek jakitea zer gertatu zen Galdakaon Gerra Zibilean, oroimen historikoa gal ez dadin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak