Sareak

☉ Galdakao

Kantu Kolore: “Letrei berebiziko garrantzia ematen diegu, hezkuntza munduari eta ikasleei bideratuta daudelako”

‘Esna zaitez’ diskoa kaleratu du azaroan Kantu Kolore taldeak, euren bigarrena. Koronabirusak kontzertu asko bertan behera utzi dituen arren, agenda bete-beteta dauka taldeak. Maitane Salvador eta Mikel Leibar taldekideekin elkartu gara Galdakaon disko berriaz eta egungo egoeraz hitz egiteko.

|

Kantu Koloreko kideak 2020an / Geuria

[2020ko azaroan 26an paperean argitaratuko elkarrizketa] Lau urte baino gehiago dira Kantu Kolore taldeak eztanda egin zuenetik. 2016an proiektua abiarazi zuten irakaskuntza arloan murgilduta zeuden zazpi gaztek. Ikastetxeetan landu nahiko zituzketen kanta didaktikoak sortzeko osatu zuten taldea. Kantu Kolore eratu eta bi urtera, 2018an, ‘Amets’ diskoa kaleratu zuten eta bi urteren ondoren, bigarren diskoa argitaratu berri dute: ‘Esna zaitez’ (2020). Koronabirusaren pandemiak zenbait kontzertu bertan behera utzi dituen arren, abesti didaktikoen taldeak agenda bete-beteta dauka urtarrilera bitartean. Taldeak aldaketak izan ditu kideei dagokienez, baina hasiera-hasieratik daude Maitane Salvador (Bilbo, 1982) eta Mikel Leibar (Galdakao, 1972). Maitanerekin eta Mikelekin batera gaur egun Kantu Kolore osatzen dute Iñigo Agirrezabalak, Eider Etxeandiak, Ibai Encinak eta Jon Ander Amigok.

‘Esna zaitez’ disko berria aurkeztu berri duzue. “Berezia eta nahasia” dela diozue. Zergatik?
Mikel Leibar: Alde batetik berezia da gure bigarren lana delako. Ikusi dugu lehen diskotik bigarrenera garapen bat egon dela. Eta bestetik, uste dut lantzen ditugun gaiak ezberdinak eta oso interesgarriak direla.
Maitane Salvador: Bai, bigarren disko honetan hainbat gai lantzen ditugu, baina ideia nagusia bat da: mundu hobe bat eraiki nahi dugula, alegia. Hori izango litzateke azkenean kantu guztietan islatzen dugun mezua edo hausnarketa. Horregatik da “berezia eta nahasia”: alde batetik gure bigarren lana delako, eta bestetik, gai ezberdinak lantzen ditugulako helburu batekin.

Diskoaren aurkezpenean esan zenuten: “gure munduak behar gaitu eta gure hizkuntzak, euskarak, ere bai”.
M.S.: Hori da. Mezua bera indartsua da eta musikaren bidez eta kantuen bidez egin duguna da hausnarketa bat. Guk kantu didaktikoak egiten ditugu, orduan, mundu hobe bat eraikitzeko mezuak zabaltzen ditugu gure abestien bitartez.
M.L.: Hausnarketa hori ez da berria. Urteak daramatzagu entzuten amalurra hondatzen ari dela, klima aldaketa dela, berotze globala dela… Ikusten da instituzioen aldetik eta orokorrean gizartearen aldetik begiak estaltzen ditugula horren aurrean. Askotan entzun dugu, eta badira urteak, erakunde publikoek esaten dutela: “hau egingo dugu, beste hori egingo dugu”, baina gero ez da ezer ere egiten. Nire ustez gizarteak nolabait bultzada bat eman beharko luke mundua aldatzen saiatzeko, denok batera.
Maitane: Azken finean mundu jasangarriago bat nahi dugula adierazi nahi dugu.

Zein gai landu dituzue ‘Esna zaitez’ diskoan?
M.S.: Plastikoa, euskara, haurren eskubideak… Gai asko topa daitezke diskoan. Esaterako, ‘Denok batera’ abestian, Mikelek aipatu duenaren harira, islatu nahi izan dugu denok batera eginez gero errazagoa dela mundu hobe bat lortzea. Diskoaren izenak berak esaten du: ‘Esna zaitez’. Esna zaitez, gure munduak behar gaituelako.
M.L.: Diskoa irekitzean, zera irakur daiteke: “‘Kask-kask’, ‘Esna zaitez’! Gure munduak behar gaitu eta gure hizkuntzak, ‘Euskarak’, ere bai. Eraiki dezagun mundu hobea, ‘Denok batera’, eskutik helduta. Esna zaitez, ‘Batu-batu’ ezazu aurkitzen duzun zabor guztia, eta egunero ‘Stop plastic’ praktikatu. ‘Sukaldeko tresnak’ erabiliz mundu osoa elika dezagun, gure planetatik goseari ‘Agur’ esateko. Esna zaitez, behar duenari laguntza eman, ea denontzat ‘Mari Domingi eta Olentzero’ etortzen diren. Egunero zoriontsu izan eta egunero ‘2×3’ pertsona zoriontsu egin. Esna zaitez mundu hobe batengatik. Gu prest gaude eta ‘Zuekin’, elkarrekin, lortuko dugu!” Abestien izenburuak lotzen dituen testu labur baina bizi honek, diskoaren barnean dagoen mezuaren oinarriak ditu.

Maitane Salvador eta Mikel Leibar / Geuria

Euskarari berari, beraz, abesti bat eskaini diozue.
M.S.: Bai. Euskarari kantu bat egin diogu, euskara maite dugulako eta eduki bezala, kantu didaktiko bezala, ikastetxeetan lantzea nahi dugulako. Hori da ideia nagusia: “Euskara atsegin eta mintzatzen gara lagun elkarrekin…”. Euskara gure altxorra da eta etxera, kalera eta mundura zabaldu nahi dugu.

Era berean, haurren giza eskubideen aldeko kantua sortu duzue.
M.S.: Hala da. ‘Zuekin’ da abestiaren izena. Haurren giza eskubideen aldeko abestia da. Berdin dio non jaio, haur guztiek eskubide berdinak izan beharko lituzkete. Haur asko gerren menpe daude, ihesi, eta guk kantu honekin ere gurera gonbidatzen ditugu, eskuak zabalik ditugula eta ongi etorriak direla esateko.

Gainera ‘Zuekin’ abestiaren bideoklipa kaleratu berri duzue, ezta?
M.S.: Bai. Azaroaren 20an estreinatu genuen bideoklipa. Abestia eta musika sortu genituen eta ondoren Aiora Renteria (Zea Mays), Mikel Markez, Esti Markez, Gontzal Mendibil eta Donostiako Orfeoi Gaztea gonbidatu genituen abestian kantatzera. Gero, denok batera, bideoklipa egin genuen. Guk nahi genuen eredu izan, hau da, umeei lagundu kanta honen bidez. Orduan, oroitu genuen nola duela urtebete atzera Bergarako Ndank-Ndank elkarteak Senegalen ‘Peru kokodriloa’ abestia interpretatu zuen bertako umeekin. Hori ikusi genuenean elkartearen jardunaz jakin genuen eta asko gustatu zitzaigun egiten dutena: proiektu oso polita da, kulturartekotasuna eta garapena bultzatzen dute Senagalen, eta orduan pentsatu genuen ‘Zuekin’ abestiaren bideoklipean ere parte har zezaketela. Elkartearekin harremanetan jarri ginen eta erabat ados agertu ziren. Esan dezakegu, haiei esker bideoklipa bideratu dugula.

‘Zuekin’ abestiaren bitartez Ndank-Ndank elkarteari laguntzeko dirua bilduko duzue.
M.L.: Hala da. Kantu honetako onura ekonomiko guztiak Senegaleko Dionewar herriaren garapena bultzatzeko izango dira, Ndank-Ndank elkarteak kudeatuta. Deskarga bakoitzarekin lortutako dirua elkarteari emango diogu.

Zehazki, zer egiten du Ndank-Ndank elkarteak Senegalen?
M.L.: Bada, batez ere eskolak eta etxeak eraikitzen dituzte. Orain Dionewarren ikastetxe bat eraikiko dute, bertan ez dagoelako zentrorik umeek ikas dezaten. Duela gutxi sare sozialetan ikusi nuen hasi direla jada materiala bidaltzen, hala nola, adreiluak. Azken finean bertako herritarrak laguntzen ari dira. Bertan ez daukate inolako baliabiderik eta Ndank-Ndank bezalako elkarte batek laguntza ematea oso garrantzitsua da.

Maitane Salvador eta Mikel Leibar / Geuria

Zelan izan da ‘Zuekin’ abestiaren eta bideokliparen grabaketa?
M.L.: Andoaingo Garate estudioetara joan ginen abestia grabatzera. Oso estudio handia da eta ‘Zuekin’ abestian parte hartzen dugun guztiok sartzeko aproposena zen. Protokolo eta segurtasun neurri guztiak hartu genituen. Bideoklipean ikusten dena da alde batetik estudioan grabatu genitueneko irudiak, eta bestetik Ndank-Ndank elkarteak egiten duen lana ere agertuko da.

Bideoklip gehiago grabatzeko asmoa daukazue?
M.L.: Pandemiaren bilakaera dago tarteko eta horrek baldintzatu egiten gaitu. Gustatuko litzaiguke ‘Esna Zaitez’ diskoko abesti guztiekin bideoklipak egitea, lehenengo diskoan egin genuen bezala, baina gaur egun ez dakigu zelan egin dezakegun. Dena airean dago.

Gauza gehiago baldintzatu al dizkizue koronabirusak?
M.S.: Bada, konfinamendua hasi aurretik hasi ginen abesti berriak sortzen. Adibidez, ‘Zuekin’ abestia eratu genuen lehenengoa izan zen, eta gero gainontzekoak sortzen hasi ginen.
M.L.: Disko berriaren ideia pasa den urtean hasi ginen prestatzen. Gertatzen dena da kantuak badoazela sortzen, baina ez genuela momentua aurkitzen horiek grabatzeko. Gero konfinamendua ezarri zuten, eta denbora gehiago genuela ikusita, aukera izan genuen abesti berri gehiago sortzeko, eta denak grabatzeko. Sistema aldatu egin genuen apur bat: estudiora joan beharrean —ezin zelako etxetik irten— beste aukera bat bilatu genuen abestiak grabatzeko, hau da, online egin genuen dena.

Eta aukera horretatik sortu da Emilio Esteban produktorearekin lankidetza.
M.L.: Internet bidez jarri ginen Emilio Estebanekin harremanetan. Hemen ez genuen biderik aurkitzen abestiak grabatzeko eta ekoizteko, eta trasteatu ondoren, Emilio Estebanen kontaktua lortu genuen. ‘Zuekin’ abestia bidali genion ea hura grabatzea eta ekoiztea bideragarria zen jakiteko. Noski, hasieran ez genuen aurrez aurre lan egin, eta aurrean daukazun pertsona ez duzunean ezagutzen, zailagoa da lan egitea. Ez da bakarrik lana ondo egitea, baizik eta produktoreak kasu honetan ulertu egin behar du transmititu nahi duguna. Zorte asko izan genuen Emiliorekin topo egitean. Egin nahi genuena ulertzeaz gain —nahiz eta euskara ez ulertu—, asko lagundu digu.
M.S.: Emilio Esteban ezaguna da musika munduan. Adibidez, Niña Pastori edo Pablo Alboran abeslari eta musikarien produktorea da. Berarekin harremanetan jarri ginenean ikusi zuen gure lehenengo lanarekin zenbat ikustaldi genituen eta gurekin aurrera egitea erabaki zuen.

Euskaraz ez dakien produktore batekin lan egitea zelakoa izan da?
M.S.: Hasteko, abesti guztiak gaztelaniara itzuli behar izan genituen. Eta gero zer adierazi nahi genuen esaten genion. Egia esan, oso pozik eta gustura gaude elkarrekin egin dugun lanarekin. Oso gertukoa da gizona, oso jatorra.

Madrilen, Londresen eta Euskal Herrian grabatu duzue ‘Esna zaitez’.
M.L.: Abestiak Madrilen eta Euskal Herrian grabatu ditugu. Londresekoa telematikoa izan da. Esperientzia asko gustatu zaigu. Baliabide aldetik, Emilio Estebanek asko ditu eta horiek erabat aprobetxatu ditugu. Nire ustez, ez da esatea ‘ez dakit nora’ joan garen diskoa grabatzera, baizik eta norekin egin dugun topo. Azkenean produktorearekin elkar ulertzea oso garrantzitsua da, eta hori lortu egin dugu.
M.S.: Hori da. Oso produktore ona izan daiteke, baina guk nahi duguna ulertzen ez badu, ez ginateke pozik aterako. Ez da Emilioren kasua izan. Ulertu gaitu eta oso pozik geratu gara emaitzarekin. Ez dakigu hirugarren disko bat egingo dugun, baina bigarren honekin guztiz asetuta geratu gara. Oso disko potentea da gure iritziz.

Lehenengo eta bigarren diskoak ezberdinak direla diozue. Zergatik?
M.L.: ‘Esna zaitez’ diskoarekin beste mota bateko lana egin dugu aurreko diskoarekin konparatuta. Musikalki ezberdinak dira. Ildoa bera da bi diskoetan: 2 urtetik 12 urtera arte, eta hezkuntzari bideratutako abestiak dira. Ezaugarri horiek mantendu ditugu, baina musika aldetik pentsatzen dugu aurrerapen handia dagoela. Moldaketa gehiago daude eta produkzioa askoz jorratuago dago.

Bi diskoetan 11 abesti kaleratu dituzue.
M.S.: Bai. Ikasturte bakoitzeko abesti bana egiten dugu. Hau da, hamar ikasturte daude bi urtetik seigarren mailara arte eta guztira hamar abesti egiten ditugu gehi estra bat. Aurreko diskoan ‘Zorionak’ kantua egin genuen eta oraingoan ‘Mari Domingi eta Olentzero’ abestia egin dugu. Uste genuen Mari Domingik ere abesti bat izan behar zuela. Emakumearen presentzia sartu nahi genuen.
M.L.: Eta ez hori bakarrik. Emakumearen presentziaz gain, Gabonak beti daude kristautasunarekin lotuta. Ez gaude horren kontra, baina nahi izan dugu alternatiba bat egin kristautasunetik kanpo.

Abestien sorreran, zer sortzen duzue aurrena: letra ala musika?
M.S.: Lehenengo, normalean, musika sortzen dugu, eta ondoren letra. Baliteke noizbait letra baten ideia izatea musika aurretik, baina gehienbat musika letra baino lehen sortzen dugu. Niretzat errazagoa da.
M.L.: Musika egin aurretik, dena dela, beti daukagu argi zer egin nahi dugun: zer eduki landu nahi dugun edota nori dagoen zuzenduta. Ez da berdina 2 urteko umeentzako sortuko duzun musika estiloa eta erritmoa, edo 12 urtekoentzako. Ukitu ezberdina daukate. Horregatik oso garrantzitsua da aurretik adostea zer landu nahi dugun kantu bakoitzean, eta horren arabera hasten gara musika sortzen, eta gero letra.
M.S.: Letrei berebiziko garrantzia ematen diegu, hezkuntza munduari bideratuta daudelako. Iragazki asko sartu behar ditugu eta, gainera, euskara zuzen batean. Musika sartzen duzunean askatasun gehiago dago.

Kontzertuen aldetik, zer nolako agenda daukazue epe laburrean?
M.L.: Bada, urtarrilera bitartean hamaika kontzertu ditugu programatuta. Abuztuan jada hasi ginen kontzertuak ematen, eta azaroaren 7an kontzertua eman genuen Galdakaon. Gelditu barik ari gara. Abenduan zortzi emanaldi ditugu eta urtarrilean, momentuz, hiru.

Kontzertuen edukia moldatu egin behar izan duzue?
M.S.: Aldatu dena da lehen zuzenekoetan koreografiak irakasten genituela, eta orain dantza zutunik egin behar dela, lekutik mugitu gabe. Horregatik egoera berrira ere moldatu egin behar izan dugu. Koreografiak aldatu ditugu eta orain egiten duguna da antzerkia, ikuskizun musikala, eta gorputz perkusioarekin dantzatzen dugu. Entzuteko, ikusteko eta dantzatzeko uneak daude ikuskizunean.

Eta publikoaren erantzunaz galdetuko banizue.
M.S.: Oso erantzun ona izan dugu publikoaren aldetik. Batzuek esan digute ordubetez egungo egoera ahaztu dutela. Momentu honetan, egoera honetatik pixka bat aldentzeko nolabaiteko irteera bat da musika jendearentzat. Horrela hautematen dugu guk. Musika beharrezkoa da. Behar dugu.
M.L: Bai, egia da. Uste dut planteamendu ona egin dugula eta publikoaren erantzuna benetan ona izaten ari da. Igartzen da jendeak kultura bultzatu nahi duela eta disfrutatu nahi duela. Ikusten dugu leku askotan sarrerak agortzen ari direla.

Instituzioen aldetik kultura sustatzeko gehiago egin beharko lukete?
M.S.: Nik esango nuke erakunde publiko batzuk saiatzen ari direla kultur ekitaldiak sustatzen. Ahal dutena egiten ari direla uste dut. Noski, egon badaude kultura horrenbeste bultzatzen ez dutenak, baina orokorrean saiatzen ari direla esango nuke. Gure kasuan, adibidez, agenda nahiko beteta dugu eta hori da udal askok apustua egin dutelako.
M.L.: Bai, hori egia da. Guri gustatuko litzaiguke musikatik bizitzea, baina gaur egun ia ezinezkoa da. Gaur egun guretzat zaletasuna da musika. Egiten dugu gustatzen zaigulako.

Irakasleak zarete zuek, eta Kantu Kolorerekin egiten duzuena ikastetxeetan lantzeko proposamen didaktikoak zabaltzen dituzue.
M.S.: Bai. Ikasgeletan lantzeko proposamenak egiten ditugu. Kantu Koloreren webgunean aurki daiteke materiala. ‘Esna zaitez’ diskoari dagokionez, ‘Zuekin’ abestia eskegi berri dugu plataforman. Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei dago zuzenduta ariketa. Haurren eskubideak ezagutu eta gai honen inguruan sentsibilizazioa sortzea da helburua. Bestetik, ‘Zazpi kolore’, ‘Nire gorputza da’, ‘Dinosaurioak’, ‘Ni naiz’, ‘Gure animaliak’, ‘Urtaroak’, ‘Zuhaitzak’, ‘Aditzak’, eta ‘Gutuna’ abestiekin ere proposamen didaktikoa dago webgunean, adin ezberdinei zuzenduta.

☉ Galdakao

Programa / Bekeako jaiak 2024

|

Asentzio jaiak ospatuko ditu Bekea auzoak maiatzaren 10etik 12ra // Geuria

Asentzio jaiak ospatuko ditu Bekea auzoak maiatzaren 10etik 12ra. Umeentzako jarduerak, esku pilota partidak, tortilla txapelketa, mendi ibilaldia, herri bazkaria eta bertso emanaldia eta erromeriak antolatu dituzte.

Era berean, maiatzaren 15ean San Isidro ospatuko dute eta hilaren 19an Txakoli Eguna antolatuko dute.

Egitaraua / Bekeako jaiak 2024

Maiatzak 10, ostirala
18:00 ‘Txipli-txapla-pum!’ kalejira eta jai hasiera. Andra Mari Txiki dantza-dantzari
18:30 Esku pilota partidak Adiskideren eskutik

Maiatzak 11, larunbara
11:00 II. Tortilla txapelketa
13:30 Auzokoen bazkaria
18:00 Lagun arteko esku pilota partidak: Atutxa-Larunbe vs Karregal-Kantxo
21:00 Dantzaldia: The Golden Trio

Maiatzak 12, igandea
09:00 Mendi-ibilaldia Ganguren MTren eskutik
12:00 Meza nagusia
12:30 Andra Mari Dantza Taldearen emanaldia
15:00 Herri bazkaria eta bertsolariak: Arkaitz Estiballes eta laguna. Jarraian erromeria Etxebarria Aita-Seme Trikitilarien eskutik
21:00 Jaien amaiera eta azken biribilketa

Maiatzak 15, asteazkena
20:00 Meza eta luntxa

Maiatzak 19, igandea
11:00 VIII. Euskal artzain txakurren lehiaketa
13:00 Eskerrak laguntzaileei eta Txakoli dastaketa

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon eta elkarretaratzea deitu dute larunbatean

|

Otsailean adingabeen kontrako sexu erasoen kontra egin zen elkarretatzea // Geuria

Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon. Horren berri eman du gaur goizean Udalak. Herriko mugimendu feministak eta emakume taldeek elkarretaratzea deitu dute apirilaren 27an, larunbatez, 12:30ean Santi Brouard plazan.

Galdakaoko Udalak, udaltalde politiko guztien adostasunarekin, adierazi du “irmoki” arbuiatzen duela herrian gertatutako eraso matxista: “Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei”, adierazi dute.

Gertaeren berri izan orduko protokoloa aktibatu du Udalak eta premiazko bilera deitu du, “informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko”.

“Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela”, diote udal ordezkariek.

Ildo horretan, “behar diren neurriak” sustatuko dituela adierazi du Udalak, “edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin”.

Udalak babestu egiten du mugimendu feministako taldeek eta emakume taldeek deitu duten mobilizazioa, eta herritarrak gonbidatzen ditu gaitzespen ekintza guztietan parte hartzera.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an izango da

|

Galdakaoko Herri Krosa iaz // Geuria

Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an, igandez, izango da. Federatuta daiden korrikalariek zein federatu gabekoek parte har dezakete.

Herri Krosean izena emateko epea zabalik dago apirilaren 25era arte. Aldez aurretik izena emateagatik parte-hartzaileek 10 euro ordainduko dituzte eta lasterketaren egunean bertan, interesdunek 15 euro ordainduko dituzte.

Proba doakoa da 14 urtetik beherakoentzat (2010etik aurrera jaiotakoek) eta kategoria paraolinpikokoentzat baldin eta apirilaren 25a baino lehen izena ematen badute. Lasterketaren egunean bertan 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Galdakaoko Herri Krosa Galdakao Atletismo Taldeak eta Udalak antolatzen dute, eta Bizkaiko Atletismo Federazioaren egutegi ofizialaren barruan dago. Aurten hamabigarren edizioa da, eta urtero ehunka partaide biltzen ditu.

Galdakaoko XII. Herri Krosa 2024 – Apirilak 28

Kategoriak eta distantziak

11:00 Benjaminak (2014-2015 urte bitarteetan jaiotakoak)
600 metro, itzuli bat A zirkuituari

11:15 Kimuak (2012-2013 urte bitarteetan jaiotakoak)
1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari

11:30 Haurrak eta Kadeteak (2009-2011 urte bitarteetan jaiotakoak)
2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari

11:45 Kategoria paralinpikoa
– Kategoria egokitua: 1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari
– Kirol trebetasuna: 2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari

12:00 Gazteak (2006-2007 urte bitarteetan jaiotakoak), Juniorrak (2004-2005 urte bitarteetan jaiotakoak), Seniorrak (34 urte arte) eta Beteranoak (35 urtetik gorakoak)
– Gazteak-Juniorrak: 3.854 metro, bi itzuli C zirkuituari
– Seniorrak-Beteranoak: 7.708 metro, lau itzuli C zirkuituari

Sariak

Galdakaoko XII. Herri Krosak hainbat sari banatuko ditu: Senior kategoriako irabazleei (lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa) garaikur bat eta txapel bat emango dizkiete, baita gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuko lehen hiru sailkatuentzat 150 euro, 90 euro eta 60 euro emango dizkiete, hurrenez hurren.

Kategoria absolutuan sailkatzen den Galdakaoko lehen gizonezkoarentzat eta lehen emakumezkoarentzat ere saria egongo da, eta baita garaikurrak lehenengo hirurentzat kategoria eta sexu bakoitzean.

Dortsala jasotzean, parte-hartzaile guztiei probaren oroitzapenezko kamiseta bat oparituko diete, eta poltsa bat emango diote parte-hartzaile bakoitzari helmugara iritsi bezain laster, elikagaiekin eta freskagarriekin. Gainera, sarien zozketa egingo dute proba amaitzean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

#A21 / Emaitzak / Galdakao / EAJ garaile, baina inoizko lehia estuena EH Bildurekin

#A21 / Galdakao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Urreta kiroldegia handitzeko lanak udan hastea aurreikusi du Galdakaoko Udalak

|

Urreta kiroldegiak izango dituen zenbait espazio berri // Galdakaoko Udala

Urretako kiroldegiaren barnealdea eraberritzeko eta handitzeko obrak egingo ditu Galdakaoko Udalak. Aurreikuspenaren arabera lanak “uda ingururako” hasi nahi ditu Udalak.

Besteak beste, ariketa kardiobaskularrak, indar ariketak edota yoga egiteko erabilera anitzeko aretoak sortuko dituzte eta horretarako eraikin berri bat eraikiko dute kiroldegiaren sarreraren eta igerilekuaren arteko gune hutsean, solariuma deitzen dioten gunean, alegia.

Era berean, solarium horren azpian dagoen sotoa ere egokituko dute, 500 metro karratu ingurukoa.

Guztira, 1.000 metro karratu berri gehiago izango ditu kiroldegiak, eta aireztapen naturala ezarriko dute. Inbertsioa 3 milioi eurokoa izango da.

Hiru fase

Obrak hiru fasetan burutuko dituzte, “erabiltzaileei ahalik eta kaltre txikiena eragiteko”, diote udal ordezkariek.

Hasteko, beheko solairuaren barrualdea konpontzeko eta hobetzeko lanak egingo dituzte: “Igerilekuetarako irisgarritasuna hobetuko da arrapala bitartez, egungo aldagelak berrituko dira eta bina aldagela eta komun egokitu gehituko dira”, diote udal arduradunek. Lehen fase honetako lanak egiteko lau hilabete erabiliko dituzte, gehienez.

Bigarren fasea kiroldegia handitzekoa izango da. “Solarium gisa ezagutzen den gunean bi solairu eraikiko dira, eta horretarako, lur azpian dagoen sotoa egokituko da aurrena. Fitness eta kardio ariketetarako eremu berriak jarriko dira bertan, eta aldagela berriak. Larrialdietarako irteera berri bat ere gehituko da, besteak beste”, diote. Bigarren faseko iraupena, gehienez, zozrtzi hilabetekoa izango da.

Lan horiek amaitu ondoren ekingo diote solarium guneari teilatua jarri eta bi solairu eraikitzeari. “Beheko eta lehenengo solairuetan bi gune diafano egongo dira, besteak beste, askotariko ekintzetara egokitzeko”, diote. Enpresa esleipendunak 14 hilabete erabili ahalko ditu, gehienez, lan hauetarako. Guztira, 26 hilabete.

Azterketa fasean

Urretako kiroldegiaren barnealdea eraberritzeko eta handitzeko lizitazio prozesua azken txanpan da. Apirilaren 17an, asteazkenez, epea bukatu zen enpresek euren eskaintzak egiteko epea.

Orain prozesua azterketa fasean dago, udal teknikarien esku. Apirilaren 24an eta 30ean bilduko da kontratazio mahaia eta bertan erabakiko dute zein enpresak gauzatuko dituen obrak.

Osorik irakurri