→Galdakao

Koronabirusak ez du isilaraziko Galdakaoko bonbardaketen biktimen omenaldia

2019an egindako omenaldiaren irudia / Geuria

Maiatzaren 19a data beltza da Galdakaon. 1937ko egun hortan, arratsaldeko lehen orduetan, Dinamitako sirena hots ozenak entzun zituzten herritarrek. Herria bonbardatu zuten. Hamabost herritar hil zituzten. Hori ez zen bonbardaketa bakarra izan. Udaberri hartan hamaseitik gora sufritu zituen Galdakaok eta hamarnaka hildako izan ziren.

Bihar maiatzaren 19a da. Bihar sirena hotsa ere entzungo da Galdakaon franismoak eragin zituen biktimak omentzeko asmoz. Koronabirusak ez du isilaraziko omenaldia, ezta sirena hotsa ere. 12:00etan La Dinamitako sirenak joko du, bonbardaketa abisua emateko egiten ohi zuen bezala. Ondoren lore eskaintza egingo da, Plazakoetxeko monolitoan eta babeslekuan. Hartu beharreko babes neurriak direla eta, ekitaldi honetara biktima baten senitarteko bat, Galdakao Gogora taldeko kide bat eta udalaren ordezkariak bertaratuko dira, alderdi bakoitzeko bat.

“Baina herritarrek ere parte hartu ahal izango dute ekitaldi honetan. Udalak dei egiten die 12:00etan sirena hotsa entzuten dutenean euren balkoietara ateratzeko faxisten bonbek hildako galdakoztarrak omentzeko, txalo eginez, irrintzia botaz, abestuz, besteak beste”, adierazi dute Udaleko ordezkariek.

Omenaldiak jarraitu dezan, Galdakaoko pasarte latz horri buruzko bideo labur bat jarriko du ikusgai sareetan Udalak, “Galdakao 1937-Maiatzaren 19ko sarraskia” izenekoa. Galdakao Gogora elkarteak eta Josi Sierra herritarrak, Udaberri Galdua dokumentalaren egileak, hartu dute parte bideoaren prestaketan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak