Argazkian Korrikaren alde martxoaren 18an aritu ziren nepaldarrak eta Galdakaoko Samsara Elkarteko kideak :: Samsara Elkartea, Facebook
Nazioartean ere ezaguna da euskararen aldeko Korrika eta Galdakaotik Nepalera egin du pausoa. Galdakaoko Samsara Elkarteak Nepaleko Ear Care Elkartearekin batera antolatu zuten martxoaren 18an Korrika. Patan hirian izan zen eta 100 lagun inguru biltzea lortu zuten, peto, lekuko, kartel eta guzti.
Alde batetik, euskararen aldeko aldarria egin dute eta bestetik, Samsara Elkarteak Nepaleko ikastetxe eta monasterioetan entzumeneko gaixotasunak aurrezaintzeko egiten duen lana nabarmentzea izan da helburua.
MARTXOAREN 25EAN, 300 LAGUN KORRIKAREN ALDE
Era berean, martxoaren 25ean Nepaleko Nuwakot barrutian Korrikaren aldeko beste lasterketa bat egingo dute 08:00etatik aurrera. Bertan Samsara Elkartea 2015eko lurrikarak suntsitu zituen 55 etxebizitza berreraikitzen dabil. Euskararen alde 300 pertsonek parte hartuko dute.
