→Galdakao

Eskualdeko neska gazteen % 27k soilik aukeratuko lituzkete ikasketa zientifikoak eta teknologikoak

Eskualdean egin duten gazteen STEAM diagnosiaren arabera, baxua da gazteek zientzian eta teknologian lan egiteko duten interesa eta eskualdeko lan arloaz duten ezagutza.

‘NI STEAM Emakumea’ erakusketa ibiltaria izango da eskualdean martxora bitartean // Argazkia: Galdakaoko Udala

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa pizteko Elhuyarrekin hitzarmena sinatu zuten irailean Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Urduña, Orozko, Zaratamo eta Zeberioko Udalek, Nerbioi-Ibaizabal Gaztediren bitartez. Hitzarmen horren bidez, eskualdeko gazteen artean STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikak) gaien inguruko interesa piztu nahi dute.

Ekimenaren bitartez Nerbioi-Ibaizabaleko gazteen STEAM diagnosia egin dute eskualdeko 14 eta 16 urte bitarteko gazteen artean. Nesken eta mutilen artean dauden desberdintasunak eta eskualdeko industriari buruz duten ezagutza aztertu dira diagnostikoan. Eskualdeko 11 ikastetxek hartu dute parte, eta, guztira, 573 gazteren erantzunak jaso dira.

Diagnostikotik ateratako emaitzen arabera, besteak beste, ondorio nagusi hauek atera dituzte: Alde batetik, STEAM ikasgaiekiko interes-maila baxua da oro har, eta neskek interesik handiena Biologian duten bitartean, mutilek Informatikan dute. Bestetik, desberdintasuna nabaria da etorkizunean STEAM arloan lan egiteko azaldu duten interesarekin ere: mutilen % 56,9k eta nesken % 27,3k adierazi dute etorkizunean STEAM arloan jardutea gustatuko litzaiekeela.

Erakusketa ibiltaria

Bestetik, ‘NI STEAM Emakumea’ erakusketa ibiltaria aurkeztu dute hitzarmenari esker. Nerbioi-Ibaizabal eskualdean lan egiten duten edo bizi diren eta zientzia eta teknologia arloan lan egiten duten hamaika emakumeren ilustrazio eta testuez osatua dago erakusketa: Barbara San Pedro Abalia (Cementos Rezola), Estibaliz Apellaniz Ingunza (Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saila), Gotzone Aranaga Olarieta eta Rosalía Torres Ratón (Artadi Arkitektura), Irene Gallardo Gómez (Virtualware), Marta Cagigas Martínez (ArcelorMittal), Nadia López Ruiz, Olatza Etxeberria Olabarria eta Mar Garrote Calvo (Maskilu kontserbak), Natalia García Alfonso (Bridgestone) eta Zuriñe García García (Andra Mari Jatetxea).

‘Ni STEAM Emakumea’ erakusketa ibiltaria ikusgai egongo da eskualdean martxora bitartean

Erakusketa ibiltaria herri eta data hauetan egongo da ikusgai:

Galdakao
Urriak 26-Azaroak 8
Emakume Dinamitarien plaza

Etxebarri
Azaroak 9-22
Sabino Arana plaza

Ugao
Azaroak 23-Abenduak 6
Udaletxeko plaza

Urduña
Abenduak 7-20
Foru plaza

Zeberio
Urtarrilak 4-17
Zubialde plaza

Arrankudiaga
Urtarrilak 18-31
Tokia zehazteke

Arrigorriaga
Otsailak 1-14
Udaletxeko plaza

Zaratamo
Otsailak 15-28
Tokia zehazteke

Orozko
Martxoak 1-14
Zubiaur plaza

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak