→Galdakao

Sormene proiekturako 90.000 euroko apustu politikoa egin du Galdakaoko Udalak

Abenduaren 14tik 20ra bitartean izango da ‘Sormene, Galdakaoko sorkuntzen plaza’. Iazko irailean hasitako hausnarketa prozesu baten ondorioz sortu da ‘Sormene’ proiektua

2018an egindako Galdakaho azoka / Geuria

Abenduaren 14tik 20ra bitartean izango da ‘Sormene, Galdakaoko sorkuntzen plaza’. Iazko irailean hasitako hausnarketa prozesu baten ondorioz sortu da ‘Sormene’ proiektua

‘Liburu eta disko azoka’, ondoren ‘Ahoz ahoko azoka’ eta orain ‘Sormene, Galdakaoko sorkuntzen plaza’. Urteak aurrera joan ahala, kultura erdigune duen plaza moldatu du Galdakaok. Iaz hasi zen azken pausoa ematen: azokaren formatu tradizionala bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Udalak eta bestelako proposamen bat lantzeari ekin zion. Izan ere, iazko neguan ez zen azokarik egin.

Udaberrirako iragarri zuen Udalak azoka berria, baina pandemiak proiektua gehiago atzeratzea ekarri du eta prozedura administratiboek luze jo dute: azaroan argitaratu du Udalak ‘Sormene’ proiektua definitzen duen txostena Kontratazio Publikoaren plataforman.

Abenduaren 14tik 20ra bitartean ospatuko da Sormene eta gehienez 90.000 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak, BEZa barne. Astebeteko egitaraua izango du proiektuak eta, ohi denez, Durangoko azokaren ondorengo egunetan egingo da, hilaren 14tik 20ra, astelehenetik igandera. Pandemia garaian kulturaren alde hartutako erabakien ildo berean dagoen udal apustu politikoa da Sormene.

“Bi ezaugarri izango ditu: diziplina gehiagotara zabalduko dugu eta parte-hartzaileagoa izango da”, zioen iaz Edurne Espilla kultura zinegotziak. Zentzu horretan, herriko zein herriz kanpoko sortzaileei bideratuagoa izango da kultur-plaza berria.

Covid-19 kutsatze-kopuruak gora egingo balu eta osasun erakundeek hala proposatuko balute, proiektua urtebetez atzeratzea jasotzen du kontratazio txostenak. Era berean, osasun egoeraren arabera, proiektuaren izaera aldatuko litzateke, presentziala eta digitala uztartuz. Azken horrek, aurrekontua igoko luke streaming bidezko emisioak posible egiteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak