→Galdakao

Unai Rementeria: “Zaila da, baina Aldundiak lanean jarraitzen du Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramateko”

Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramateko zailtasunen artean dago proiektuak eskatzen duen “inbertsio handia”: 350 milioi euro inguru.

Unai Rementeria Gernikako Batzarretxean // Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak agerraldia egin zuen irailaren 28an Gernikako Batzarretxean, politika orokorrari buruz hitz egiteko. Rementeriak bi ardatz nagusi erabili zituen: bizkaitarrei emandako hitza betetzea eta epe labur zein ertainera abian jarriko diren proiektu berriak. Besteak beste, epe labur zein ertainera abian jarriko diren proiektu berriei dagokienez, Galdakaora eta Usansoloko ospitalera Metroa eramatea da: “Metroa Galdakaorekin eta Usansoloko ospitalearekin konektatuko da. Zaila da, baina Aldundiak lanean jarraitzen du Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramateko. Eta eskuartean daukadan informazioaren arabera ez dut baztertzen errealitate bihurtzea”, adierazi du Rementeriak.

Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eramateko zailtasunen artean dago proiektuak eskatzen duen “inbertsio handia”, Rementeriaren esanetan: “Jakin badakigu zailtasun handiak dituguna, batez ere inbertsio handia eskatzen duelako, 350 milioi euro, baina ez dugu amore ematen. Hori inoiz ez. Ate guztiak jotzen jarraitzen dugu, gaitasuna duten eragile guztiekin hitz egiten jarraitzen dugu. Bizkaiko Foru Aldundiak lanean dihardu metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera eroateko. Gaur egun eskuartean darabildan informazioarekin ez dut baztertzen errealitate bihurtzea. Ziur? Ez. Ezinezkoa? Gaur-gaurkoz ere ez”, dio Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Momentuz, Metroa Galdakaora eta Usansolora zabaldu ez, baina bitartean, Unai Rementeria ahaldun nagusiak adierazi du abian jarriko dutela La Avanzada estaltzea, “espazio hori pertsonek erabiltzeko moduko tokia izan dadin”. Esku hartze horretan hasieran 60 milioi euroko inbertsioa egingo du Aldundiak. Era berean, Gernikako Guggenheim -Espainiako Gobernuak diruz lagunduko lukeen ekimena-, eta Frantziako Tourra 2023. urtean lurraldetik igarotzea nabarmendu ditu Rementeriak.

EtxeTIC Basaurin eta Etxebarrin

Bestetik, Gizarte Ekintza arloan proiektu berri baten inguruan hitz egin du Rementeriak: EtxeTIC. Eguneko zentroen eta erabiltzaileak monitorizatzeko zentroen eredu berria da, eta teknologia eta hurbiltasuna uztartzen ditu, “pertsonek etxean jarraitzeko duten nahia indartzeko eta bermatzeko”, dio Rementeriak: “Helburua da EtxeTIC zentroek etxean zaintzak dituzten mendeko pertsonen erdiei estaldura ematea 2023rako”. Hain zuzen ere, lehenengo zentro operatiboak Bilbon, Zallan, Mungian, Basaurin eta Etxebarrin izango dira. 

Era berean, 2023ari begira, foru-sareko 2.500 egoitza-plazak etxeen antza izateko konpromisoa hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak, “gehienez 25 pertsonako bizikidetza-unitate bihurtuz, giza eskala izango duten zaharetxeetan”, dio Rementeriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak