→Galdakao

Usansoloren desanexio prozesuaz aritu dira Galdakaoko Udala eta Aldundia

Usansoloren desanexioari buruzko prozesuaren inguruan bilera izan dute Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Udaleko idazkaria, Usansolo Herria-ko Iñaki Urgoiti eta Juan Agustin Aizpuru zinegotziak eta UHko abokatua izan dira bileran, eta Usansolori buruzko prozesua berriro martxan jarriko dutela jakinarazi diote Aldundiari. Bilera Bizkaiko Foru Jauregian izan da.

Apirilean Usansoloko muga geografikoak zehazteko kontsulta egin zuten zazpi auzotan (Labeaga, Uraska, Gorosibai, Ordaine, Arteta, Lekubaso eta Lekue), eta ordutik ez da urrats berririk eman, maiatzeko udal hauteskundeak tarteko izan zirela. Orain, udal gobernu aldaketa eman dela, pauso berriak ematen hasi dira.

Muga geografikoak zehazteko kontsulta horren arabera, Usansolo inguruko hamar herritarretik zazpik erabaki zuen segregazio-prozesu barruan egon nahi zuela. 927 herritar zeuden deituta kontsultan parte hartzera (18 urtetik gorakoak), eta horietatik ‘Zure auzoa, Usansoloko segregazio-prozesuaren testuinguruan, bereizi nahi den lurraldeko parte izan behar dela uste duzu?‘ galderari erantzun zioten 507 herritarrek (% 55eko parte-hartzea). Horietatik baiezkoa eman zuten 381k, hau da, % 75ak.

Aurreko udal gobernu taldeak (EAJ buru) adostutako ibilbide-orria jarraituta, kontsulta ondoren Batzorde Mistoa hasi beharko litzateke lanean. Batzorde Mistoaren zeregina izango litzateke mugak negoziatzea, eta ondoren, hurrengoko urratsa izango litzateke behin betiko herri-galdeketa egitea. Bihar emango dugu bileran Galdakaoko Udalak jakinarazi duenaren berri.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak