→Galdakao

Usansolo herri bihurtzeko azken erronka: 5.000 biztanleko errolda osatzea

Usansolo herri izateko funtsezko baldintzetako bat da biztanleria: “Foru-arauak dio 2.500 biztanle izan behar dugula udalerri independente izateko; Espainiak 5.000 markatzen ditu”, dio Monika Menak.

4.500 biztanle inguru daude Usansolon; 5.000ra iritsiko diren aztertzen ari dira // Argazkia: Desanexioa UH

Usansoloren desanexioaren prozesuak aurrera darrai. Batzorde Mistoa iazko azaroan osatu zuten (Iñigo Hernando alkatea, idazkaria, UHko hiru ordezkari, EAJko bi ordezkari eta Bizkaiko Foru Aldunduko bi teknikari -hitza dute, baina botorik ez-) eta orain arte hiru aldiz batu da. Usansolok udalerri independente izateko Foru Arauak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko egin beharreko azterlanak kontratatu ditu, eta horiek dira txosten soziologikoak, ekonomikoak, mugaketakoak eta juridikoak.

Gaur egun “azkenengo txanpan” daudela adierazi dute Usansolo Herriako (UH) ordezkariek:Desanexio prozesuaren azkenengo txanpan gaude dagoeneko. Pandemiaren kontu honekin badirudi inoiz baino itzalirik gaudela, baina egia esan, oso bizirik egon beharko genuke. Benetan zer garen eta Usansolo zer den erakutsi beharko genuke”, dio Monika Mena Usansoloren desanexioaren prozesuaren UHren bozeramaileak. Horretarako martxoaren 27an, larunbatez, manifestazioa egin zuten ‘Usansoloko legea foru araua da, erroldatu zaitez’ lemapean: “Beste behin ere Usansoloko kaleetara irten gara ilusioarekin, koloretsu, pozik, itxaropentsu, eta gu garen moduan borrokatzeko dakigun era bakarrean: zoriontasunean eta alaitasunean, dantzan eta kantari”, dio Menak.

Manifestazioan erabili zuten lemari erreparatuz, Usansolon erroldatzeko deia egin du UHk, desanexio prozesuan “traba gehiagorik jar ez ditzaten”. Izan ere, gaur egun “beste oztopo” baten aurrean daudela adierazi du Menak: “Espainiako legea gura digute inposatu. Gure prozesuan Usansolo Bizkaian kokatzen da, eta lurraldetasunaren konpetentzia duen eta erantzule bakarra Bizkaiko Foru Aldundia da. Kasu honetan guk betetzen ditugu Aldundiak aipatzen dituen baldintza guztiak”, dio Menak: “Orain arte egin diren azterlan guztiek arrazoia eman digute, eta Usansolok udalerri independente izateko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuko duten azterlan guztiak eguneratzen ari dira”.

Usansolo herri izateko funtsezko baldintzetako bat da biztanleria: “Foru-arauak dio 2.500 biztanle izan behar dugula udalerri independente izateko; Espainiak 5.000 markatzen ditu. Aldundiak, beste aitzakia bat bilatzeko eta bidean beste traba bat jartzeko, 5.000 biztanlera iritsi beharko dugula dio, eta hori da orain gauden fasea: zenbat usansolotar garen eta hemen bizi garen egiaztatzea. Horregatik atera gara kalera. Horregatik nahi dugu herria berde ikustea, nor garen ikustea, hemen bizi garela eta hemen erabakitzen dugula ikustea. Eta, horretarako, hasiera gisa, erroldatzea eskatzeko batu gara, batez ere Usansolon erroldatuta ez dauden horiek bertan erroldatzea eskatzen dugu. Behintzat ez dezaten izan aukera edo aitzakia minimorik beste traba bat jartzeko”, dio Menak.

Gauzak horrela, Usansolon zenbat biztanle dauden zenbatzen ari dira orain. “Gutxi gorabehera, 4.500 biztanle baino gehiago ditu Usansolok, baina datu zehatza orain gaude kontrastatzen informazio iturri ezberdinetan”, dio Menak. Erroldaketa kanpainarekin 5.000 biztanlera iritsiko diren aztertzen ari dira.

Auzitegietara jotzeko prest

“Gure desanexioaren gaineko erantzukizuna Bizkaiko Foru Aldundiak du, eta ez Estatuko gobernuak. Hemen foraltasunari eman zitzaion boterea eta BFAk agintzen du. Ezkio eta Itxasoren kasuan, udan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien, esanez Aldundiaren eskumena eta erantzukizuna zela gai hori, eta aplikatu beharreko araua edo legea forala dela. Hala ere, auzia Madrilera eraman zuten eta handik Estatuko legea inposatu gura dute, geurea eta geure eskumena errespetatu barik. Estatuko legeak kopurua 5.000 biztanlerengan du; eta geureak, foro-arauak 2.500 biztanlerengan”, dio Menak.

Batzorde Mistoak sei hilabete ditu Bizkaiko Foru Aldundiari memoria bat aurkezteko, “BFAk ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen ditugun ala ez esateko”, dio Menak: “Usansolok, aurreko azterlanek erakutsi bezala, geure legeak ezartzen dituen baldintza guzti-guztiak betetzen ditu, eta horregatik eman beharko ligukete desanexioa. Baina datu bat egiaztatu behar dugu: zenbat biztanle gara Usansolon?”. Datu hori egiaztatzeko Batzorde Mistoa “gehienez ere” hiru hilabetez etetea eskatu du Usansolo Herriak: “Eten horretan zenbat biztanle garen egiaztatzen ari gara”.

“Batzorde Mistoaren betebeharrak egin egingo dira, gehiengoa gara. Prozesua azkeneraino eramango dugu, ikerketekin eta guztiarekin. Batzorde Mistoak txosten bat egingo du, eta bertan adieraziko du Bizkaiko Foru Aldundiak esaten dituen baldintza guztiak betetzen ditugula. Hemen BFAk agintzen du eta ez Espainiak, geuk foraltasunarekin bat egiten dugu; eta beharrezkoa balitz, geuek behintzat hori auzitegietan ere defendatuko dugu”, dio Menak. 

Usansoloren desanexioari buruzko galdeketa 2021eko urte amaierara atzeratu dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak